Nadia Fabo Andresek, gaztelaniaz, eta Joseba Esparza Gorraizek, euskaraz, irabazi dute Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria

Nadia Fabo Andresek, gaztelaniaz, eta Joseba Esparza Gorraizek, euskaraz, irabazi dute Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria
Lehiaketara 453 olerki-bilduma aurkeztu dira, 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz, 95 emakumezkok eta 336 gizonezkok sortuak

FOTO

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Sarien irabazleak ezagutu dira dagoeneko. Gaztelaniazko modalitatean, Nadia Fabo Andresek jaso du saria, Pitx lanarekin, eta Joseba Esparza Gorraizek irabazi du euskarazkoa, Ttau eta biok lanarekin. Lehiaketara 453 poema-bilduma aurkeztu dira, horietatik 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz, 95 emakumek eta 336 gizonek eginak; zifrak aurreko edizioaren antzekoak dira.

Gaztelerazko sariak –Nadia Fabo Andresi Pitx lanagatik eman zaionak– aitortza egiten die espresioaren originaltasunari, arriskuaren zentzuari eta lagunarteko hizkeraren eta hizkera lirikoaren uztartze doitu eta eraginkorrari. Epaimahaiak nabarmendu duenez, itxurazko soiltasunaren azpian, berrirakurtzera bultzatzen duten esanahi askotariko geruzak aurkitzen dira. Lanak askotariko gaiak ukitzen ditu, adimen nabarmenez lotuak. 

Euskaraz saritutako olerki-bilduma, Ttau eta biok, Joseba Esparza Gorraizek idatzia, osotasunean duen kohesioagatik nabarmendu dute, hitz-jokoekin eta irudiekin, aurrera egin ahala sakontasuna hartzen baitu, fonetika landuz eta irakurlea harrapatuz. Epaimahai teknikoaren arabera, estilo propioa eta originala erakusten du.
 

Saritutako egileen olerki-bildumak argitaratu eginen dira, eta, horrez gain, 3.000 euroko sari bana jasoko dute, laster Kondestablearen jauregian eginen den sari-banaketan, zeinetan Iruñeko alkate Joseba Asiron Saez  eta Nafar Ateneoko presidente Pedro Salaberri Zunzarren bertan izanen baitira. Iruña Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Sari honetan, lan gehienak, 439 (% 97), posta elektronikoz jaso dira. Gaztelaniaz aurkeztutako 438 lanetatik, 273 estatutik jaso dira, eta gainerakoak atzerritik.
 

Aurten honako hauek izan dira lan gehien aurkeztu dituzten autonomia-erkidegoak: Madril (51 obra), Andaluzia (42), Nafarroa eta Gaztela eta Leon (26), Valentziako Erkidegoa (23), Katalunia (19), Euskadi (15), Aragoi eta Asturias (12), Kanariar irlak (10), Murtzia (9), Galizia eta Gaztela-Mantxa (7), Extremadura (6), Balear Uharteak (4) eta Asturias eta Errioxa (2).
 

Atzerritik jasotako poema-bildumen artean, nabarmentzekoa da Argentinatik 29, Kolonbiatik 22 eta Kubatik 18 jaso izana. Horiez gain, Txiletik 14 jaso dira, 12 Mexikotik, 10 Venezuelatik, 9 Perutik, 5 Ekuadorretik, 4 Estatu Batuetatik, 3 Uruguaitik eta 3 Costa Ricatik, 2 El Salvadorretik eta bana Alemaniatik, Boliviatik, Brasildik, Danimarkatik, Frantziatik, Ghanatik, Guatemalatik, Irlandatik, Israeldik, Italiatik, Nikaraguatik, Paraguaitik, Portugaldik, Erresuma Batutik, Dominikar Errepublikatik eta Suediatik. 
 

Euskaraz jasotako 15 lanetatik 11 Euskaditik heldu dira, 2 Nafarroatik eta 1 Argentinatik. 9 emakumek eta 5 gizonek parte hartu dute. Parte-hartzaileen batez besteko adina 46,6 urtekoa da gaztelaniaz; parte-hartzaile gazteenak 18 urte ditu, eta zaharrenak 92 urte. Euskaraz, batez besteko adina 35 urtera jaisten da.
 

Aurtengo gaztelaniazko epaimahaia honako hauek osatu dute: Javier Asiain Urtasun poeta eta idazkaria; Jesús Munárriz Peralta editore, itzultzaile eta poeta; Raquel Lanseros Sánchez poeta, eta Regina Salcedo Irurzun poeta eta Nafar Ateneoko Literatura eta Hizkuntzalaritzako batzordekidea. Euskarazko modalitatean, honako hauek osatu dute epaimahaia: Iban Garro Alzuri (iazko irabazlea); Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editorea; Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko idazkari eta Euskarako batzordekidea, eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidentea.
 

IRUÑA HIRIA NAZIOARTEKO XVIII.POESIA SARIA

  • Parte-hartzea: 453 poema-bilduma, 438 gaztelaniaz eta 15 euskaraz
  • Saria: poema-bilduma argitaratzea eta 3.000 euro
  • Lehen saria gaztelaniaz: Nadia Fabo Andrés, Pitx lanarekin
  • Lehen saria euskaraz: Joseba Esparza Gorraiz, Ttau eta biok lanarekin
     
¿Te ha sido útil esta página?