Hiru literatura- eta musika-emanaldik osatuko dute hiruhileko honetan Iruñeko Udalak Nafar Ateneoarekin eginen duen euskarazko kultur jardueren proposamena. Proposamen bat izanen da hileko eta egoitzak honako hauek izanen dira: Kondestable Civivoxa lehenengo bietan eta Iruñeko Planetarioa azkenekoan.
Urriaren 13an, ostegunarekin, 19:30ean, ‘Frankenstein agurgarria’ izanen da proposamena; azaroaren 16an Trizak hirukoaren erritmoak eta Harkaitz Canok euskaratu eta errezitatutako Raymond Carver poeta eta ipuin-idazle estatubatuarraren testuak uztartuko dituen ikuskizuna eginen da, eta, azkenik, abenduaren 15eko proposamenak Walt Withman estatubatuarraren poesia –Amaia Lasak euskarara itzulia– eta Walt Withmanen lanean oinarrituta Txomin artolak grabatu zuen ‘Belar hostoak’ diskoa berrikusteko kontzertua uztartuko ditu. Emanaldi guztietan sarrera librea izanen da.
Osteguneko saioa gutun baten irakurketan oinarritzen da, Victor Frankensteini zuzendutako gutunean, zehazki. Testua Ana Galarraga Aiestaran zientzia-dibulgatzaileak sortu du, kezka zientifiko, etiko, feministak eta literarioak txirikordatuz, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti musikariaren ahots eta kantuen laguntzarekin errezitatzen du. Zientziaren mugak, haren aurreikusi gabeko ondorioen ardura, munstroaren kontzeptua edota Mary Shelleyri 1818an idatzi zuen liburuagatik aitortzarik egin ez izana dira etika, feminismoa eta Pettiren musika uztartzen dituen koktelaren osagaiak.
Ana Galarraga Aiestaran (Zarautz, 1970) zientzia komunikatzailea da Elhuyarren, 2000. urtetik. Ehunka artikulu argitaratu ditu, komunikabideetan kolaborazioak egiten ditu, liburuak eta ipuinak idatzi ditu, hainbat ekitaldiren diseinuak eta gidoiak egin ditu, eta arte-diziplina ezberdinetako proiektu artistiko ugaritan parte hartu du. Literaturan, sortzaile eta antolatzaile gisa; argazki-erakusketetan, bisita pertsonalak eskainiz; arte-egonaldietan, hizlari eta inspiratzaile gisa; performanceetan eta antzezlanetan, laguntzaile zein aktore lanetan.
Juan Luis Pérez Mitxelena (Bera, 1973) ) Petti izenez ezaguna musika-arloan, konposatzaile eta gitarra-jotzaile aparta da. 1999 urtean argitaratu zuen bere lehen diskoa eta Manipulazio estrategiak (2020) da bere azken lana. Hainbat talde-proiektutan parte hartu du eta beste estilo eta diziplina batzuetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, adibidez, Harkatiz Canorekin, Irati Jimenezekin, Rafael Berriorekin edo Angela Molinarekin.
Errealismo eta jazz azaroa
Azaroaren 16an, ‘Zerbait gertatzera doa edozein unetan’ errezitaldi musikatua eginen da Kondestable Civivoxean. Emanaldian elkarren osagarri izanen dira Trizak hirukotearen erritmoak eta Harkaitz Canok euskarara itzuli eta errezitatutako Raymond Carver poeta eta ipuin-idazle estatubatuarraren testuak. Literaturaren errealismoaren gordintasunaren eta jazzaren noten leuntasun inguratzailearen arteko uztartze bat izanen da. Trizak taldea Hasier Oleagak (bateria), Julen Izarrak (saxoa) eta Jon Pirisek (kontrabaxua) osatzen dute; jazz taldeetan zein beste estilo batzuetan zaildutako musikariak dira hirurak.
Harkaitz Cano, bera arduratu da testuen itzulpenaz, abeslari ere arituko da. Literato izateaz gain, Cano, telebista eta irratiko gidoilari lanetan ere aritu da eta kolaborazioak egiten ditu prentsan. 1993an, Lubaki bandaren sustatzaileetako bat izan zen; errezitaldien bidez poesia euskal geografiako hainbat tokitara eramateko sortu zuten, besteak beste. Genero guztiak jorratu ditu: ipuinak, nobela, poesia, kronika, haur eta gazteendako literatura, eta, era berean, hainbat egileren lanak itzuli ditu, besteak beste, Hanif Kureishirenak, Allen Ginsbergenak eta Raymond Carverrenak. New Yorken bizitakoa da, eta hiri hori sarritan agertzen da bere lanetan.
Raymond Carver poeta eta ipuin-idazlea (1938-1988) ‘errealismo zikin’ deitu izan zaionaren ordezkari nabarmenetako bat izan zen, eguneroko bizitzako zirrikiturik gordinenei txinparta poetikoak ateratzen trebea. Errezitaldia poeta amerikarraren testuek osatzen dute, hango kulturaren genero bereizgarrienetakoa den jazzaz lagunduta. Saioa 19:30ean izanen da.
‘Belar-hostoendako’ musika abenduan
Hiruhilekoko hirugarren eta azken jarduera zentzumenak asebetetzeko saio bat izanen da, Walt Whitmanen ‘Belar hostoak’ poesia lanaren estiloan. Abenduaren 15ean, Iruñeko Planetarioan, 19:30ean, Amaia Lasak euskaratutako Walt Withmanen poesia eta Urbil Artolak zuzendutako kontzertu bat uztartuko dituen proposamena izanen dugu. Azken honek, Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxagarekin batera, Walt Withmanen lanean oinarritutako, eta bere aitak, Txomin Artolak, 1978an grabatutako 'Belar hostoak' disko osoa berrikusiko dute.
Txomin Artolak Leaves of Grass (Belar hostoak) liburuko zenbait poema bildu, euskarara itzuli, musika
jarri eta disko batean argitaratu zituen. Orain Urbilek, bere semeak, Withmanen unibertsoan murgildu eta aitak grabatutako diskoa ardatz hartuta, hura berrikusi eta estilo berriagoetara egokitu du. Amaia Lasak (Getaria, 1948), Withmanen poesiak errezitatzen parte hartuko du ekitaldian. Lasa 17 urte zituela hasi zen poesia idazten. Poesia ugari ditu idatziak eta 2001ean, Susak ‘XX mendeko poesia kaierak’ antologia poetikoen bilduman liburuki bat eskaini zion. Gainera, artikulu kultural eta feminista ugari argitaratu ditu.
UDALAREN ETA NAFAR ATENEOAREN KULTURA PROPOSAMENA
Urriak 13, osteguna 19:30. Kondestablearen jauregia
“Frankenstein agurgarria”
• Irakurketa eta zientziaren inguruko eztabaida
• Ana Galarraga Aiestaran zientzia-dibulgatzailea; ahotsa eta abestiak Juan Luis Pérez Mitxelena, Pettiren eskutik
Azaroak 16. 19:30. Kondestablearen jauregia
‘Zerbait gertatzera doa edozein unetan
• Raymond Carver poeta eta ipuin-idazlearen testuetan oinarrituta
• Errezitatzea: Harkaitz Cano; Musika: Trizak hirukotea, Hasier Oleaga (bateria), Julen Izarra (saxoa) eta Jon Piris (kontrabaxua)
Abenduak 15. 19:30. Iruñeko Planetarioa
‘Belar hostoak’
• Wal Withmanen poesia eta Txomin Artolaren musika
• Errezitatzea: Amaia Lasa, eta Urbil Artola, Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua eta Jon Gurrutxagaren kontzertua