
Baluarteko areto nagusiak ‘Nahiak Kantata’ emanaldia hartuko du igandean, Iñigo Casalíren musika eta Iñigo Legorbururen testua dituen obra sinfoniko-korala. Musikari eta bakarlarien artean 200 interprete inguru izanen dituen emanaldiak Iruñeko Udalaren laguntza du. Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 15 eta 18 euro artean jarriko dira salgai.
Lana Errenteriako Udalaren enkarguz sortu zuten, hiriaren sorreraren 700. urteurrena ospatzeko. ‘Nahiak kantata’ 2021eko apirilaren 30ean estreinatu zen eta harrera beroa izan zuen. Joan den urtean 900 pertsona baino gehiago joan ziren Atarrabiako kultur etxean egindako hiru emanaldietara. Igande honetako emanaldia handinahiagoa da, honako hauen parte-hartzea izanen baitu: Iruña Hiria Orkestra eta Nafarroako Ganbera Abesbatzaren koruak, Atarrabia Abesbatza, Paz de Ziganda Helduen Abesbatza eta San Andrés Abesbatza. Gainera, Itxaso Moriones sopranoa, Nerea Berraondo mezzosopranoa, Julen Jiménez tenorra eta Sabino Pérez de Ziriza baritonoa ere bertan izanen dira.
Iñigo Gómez Eguiluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendariak kontzertua aurkeztu du gaur goizean, ekitaldiaren sustatzaileekin batera. Besteak beste, bertan izan dira, Elena Úriz, Atarrabia Abesbatzako ordezkaria, Iñigo Casalí, obraren egilea eta kontzertuaren zuzendaria eta Izaskun Úcar, Iruñeko Orkestrako gerentea. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak gizarte-intereseko kultur jarduera gisa aitortu du letra erabat euskaraz duen musika-proiektu hau eta MECNA zigilua ere eskuratu du.
14 saiotan zehar, ‘Nahiak’ kantatak gaurkotasun handiko gaien balioa nabarmentzen du, hala nola, integrazio kultur-anitza edo gizakiak natura eta teknologiarekin duen harremana. Obraren sentimendu nagusiak dira, batetik, gizakiek, beren buruarekin zein ingurunearekin kontziliatzeko duten desira, eta, bestetik, bizitza deituriko bidaia liluragarri honetan elkarrekin egotearen ospakizuna, betiere gogoetari, kritikari, kexari, baita ironiari ere uko egin gabe. ‘Nahiak’ lanak hizkera zuzena, deskriptiboa, hurbila eta adierazkorra du, eta orkrestazio koloretsua eta oparoa darabil, aspektu ezberdinak marrazten dituena, epikotik intimora.
NAHIAK KANTATA
- Obertura (instrumentala)
- Garenez, izango gara (abesbatza)
- Oraina eta geroa (sopranoa mezzosopranorako duoa)
- Inortxo inorena ez delako (abesbatza)
- Teknologia batu gaitzala (abesbatza eta tenor bakarlaria)
- Munduan ikusi nahi duzun aldaketa izan zaitez (abesbatza eta laukote bakarlaria)
- Inortxo inorena ez delako (abesbatza)
- Ama natura, preludio (instrumentala)
- Ama natura (abesbatza)
- Inortxo inorena ez delako (instrumentala)
- Guziok gara migrante (abesbatza eta laukote bakarlaria)
- Inortxo inorena ez delako (abesbatza)
- Oraina eta geroa (tenor eta baritonorako duoa)
- Berrogei urte barru, gure Errenteria (abesbatza eta laukote bakarlaria)