![cartel](/sites/default/files/inline-images/01_CARTEL_GENERAL_CONCIERTO_SOLIDARIO_ALAS_DE_UCRANIA.jpg)
Lviveko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko zazpi interprete gaztek eta lau irakaslek osatutako musikari ukrainarren ordezkaritza bat Nafarroan izanen da datorren astean, hiru kontzertu solidario eskaintzeko Iruñean eta Tuteran. Bildutako dirua ikastetxera bideratuko da oso-osorik, eta iazko otsailean Errusiak Ukrainan hasitako inbasioaren ondorioak arintzea ahalbidetuko du.
Kontzertuak gaur goizean aurkeztu dira Iruñeko Udalean, eta bertan izan dira Maria Echávarri alkateorde eta Ogasuneko eta Pertsonen Kudeaketako zinegotzi ordezkaria, Elena Acaz Asvona elkarteko presidente eta SOS Ukraina Klusterraren sortzaileetako bat eta Natalia Dzyudz Alas de Ucrania elkartearen ordezkaria. Aurkezpenean, Lviveko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko zuzendari Zakopets Lev-ek jarduera solidario honen zabalkundea eskertzeko grabatutako mezua erakutsi da.
Ukrainatik helduko diren musikariak, 12 eta 16 urte bitartekoak, herrialdearen iparraldean dagoen Lviv hiriko lizeotik datoz Iruñera. Musikaren bertutetsuentzako zentro horrek gerrak mugiarazitako ehunka haur hartzen ditu gaur egun. Kontzertuez gain, Nafarroako hainbat jardueratan parte hartuko dute, bertako kultura ezagutzeko eta erkidegoan bizi diren errefuxiatuekin elkartzeko. Musikariekin batera, Alemanian lan egiten duten lau irakasle datoz.
Iruñeko Udalak SOS Ukraina Klusterrarekin lankidetzan dihardu, zeinak herrialdeari Nafarroatik laguntzen dioten berrogeita hamar bat erakunde, enpresa, segurtasun-kidego eta elkarte biltzen baititu. Udalak laguntza humanitario, material eta ekonomikoaren bidalketetan parte hartu du, baita Iruñean antolatutako hainbat jardueratan ere. Gainera, Nafarroan errefuxiatuta dauden ukrainarren beharrak asetzeko laguntzak ematen ditu.
Hiru kontzertu ezberdin
Interprete gazteen hiru kontzertuek, helburu solidarioaz gain, beste kultura eta erakunde batzuekin harremanak estutzeko bidea emanen dute. Lehenengo kontzertua astelehenean, abuztuak 21, izanen da, 19:30ean, Iruñeko Santa Maria katedraleko errefektorioan. Egitarauan Lviveko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko interprete gazteen emanaldia izanen da, Andoni Romero flamenko kantariaren eta Sabicas Etxeko Jolis Muñoz, Rafael Borja eta Rico Muñoz artisten laguntzarekin. Artista horiek, aste horretan bertan, Flamenco On Fire jaialdiaren hamargarren edizioan parte hartuko dute.
Bigarren hitzordua asteartean izanen da, abuztuaren 22an, 19:30ean, Iruñeko Musikaren Hirian, Mendebaldea auzoan. Lviveko interprete gazteek beren errepertorioaren aukeraketa bat eskainiko dute, pianoz lagunduta, Iruñeko Gazte Orkestrak, Javier Errok, Sergio Eslavak eta Kuarist Saxo-laukoteak, Maria Romaniv Nafarroan errefuxiatutako neskak eta Nafarroako Txistularien Elkarteak osatutako nafar musikarien ordezkaritza batekin batera.
Hirugarren kontzertua abuztuaren 24an, ostegunarekin, izanen da, 19:45ean, Tuterako Karmen elizan. Oraingoan, interprete ukrainarrek Tuterako Gaztanbide Abesbatzaren laguntza izanen dute artista gonbidatu gisa. Hiru kontzertuek bestelako esperientzia bat izateko aukera emanen diete interprete gazteei, gerratik urrun, musika, eta, oro har, artea kulturen arteko lotura eta ulermen gisa aldarrikatzeko.
Hiru kontzertuetarako sarrerak https://alasdeucrania.es/ webgunean eta webgune horretan bertan adierazten diren establezimendu laguntzaileetan erosten ahalko dira. Kontzertu bakoitzeko 15 euroko prezioa ezarri da eta irabazi guztiak Ukrainako musika-lizeoan bizi diren ikasleei laguntzeko erabiliko dira. Joan ezin baina lagundu nahi dutenendako, zero ilara bat jarri da. Era berean, Mugarik Gabeko Medikuak taldeak hainbat gitarra espainiar eman ditu, eta kontzertuetan enkantean jarriko dira, Ukrainatik ekarritako musika-tresnekin batera.
Bisita eta txangoen programa
Interprete gazteek bestelako aste batez gozatzeko aukera izanen dute Nafarroan, gerraren errealitatetik urrun. Haiendako prestatuko jarduera-egitarauaren barnean bi bisita eginen dituzte: bat Erronkarira (bertan Julian Gayarre ospetsuaren berri emanen zaie eta bertako gazta dastatzen ahalko dute), eta bestea Xabierko gaztelura. Erriberrira, Senda Viva parkera eta kontserba-lantegi batera ere irteerak egiteko asmoa dago. Iruñean Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak harrera eginen diete. Jarduera horietan lizeoko ikasleek Nafarroan bizi diren errefuxiatuekin batera parte hartuko dute, eta komunikazioa errazteko interpreteak izanen dituzte.
KONTZERTU SOLIDARIOAK UKRAINAREN ALDE. IRUÑA ETA TUTERA
KONTZERTUAK
• Abuztuak 21, astelehena. 19:30. Andre Maria katedraleko errefektorioa
o Lviveko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko interpreteak
o Artista gonbidatuak: Andoni Romero flamenko kantaria eta Sabicas Etxeko Jolis Muñoz, Rafael Borja eta Rico Muñoz artistak
• Abuztuak 22, asteartea. 19:30. Musikaren Hiria (Antonio Pérez Goyena kalea 1)
o Lviveko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko interpreteak
o Artista gonbidatuak: Iruñeko Gazte Orkestra, Javier Erro, Sergio Eslava eta Kuarist saxo-laukotea, Maria Romaniv (Nafarroan errefuxiatutako neskatoa) eta Nafarroako Txistularien Elkartea
• Abuztuak 24, osteguna. 19:45. Tuterako Karmen eliza
o Lvikeko Solomia Khrushelnytska Musika Lizeo Nazionaleko interpreteak
o Artista gonbidatuak: Tuterako Gaztambide abesbatza
SARRERAK
• Kontzertuetarako sarrerak 15 euroan eros daitezke https://alasdeucrania.es/ eta https://clustersosucrania.es webguneetan eta establezimendu laguntzaileetan.
o Zero ilara bat jarri da ekarpenak egin nahi dituztenendako.
o Bildutako diru guztia Lviveko Lizeora bidaliko da