Iruñeko Udalak sanferminen ondoren abian jarri du aisia eta kulturaren inguruko askotariko jarduera-programa bat musika, dantza, artea, historia eta gastronomia oinarri dituena eta Nafarroako hiriburua kultur- eta familia-turismo helmuga erakargarri gisa kokatzen duena. ‘Esan Iruña eta irribarre egin!’ lelopean udan zehar hirian hamarnaka jarduera eginen dira, hala nola, bisita gidatuak, jolasak, jarduerak eta bestelako proposamenak, eta horiek, aldi berean, funtsezko lau ekitaldi osatuko dituzte, hala nola ‘Musika bideko lehenean’, Harresietako Jaialdia eta ‘Flamenco On Fire’ jaialdia, eta Batasunaren Pribilegioaren inguruan abian jarriko diren aisia-jarduerak.
Abuztuaren 2tik 20ra bitarte Iruñean bueltan egonen da dagoeneko ohikoa den ‘Harresien Jaialdia’ eta zirku-, dantza- eta musika-emanaldiak eginen dira bertako zein kanpoko ikusleei arte-adierazpenak beste modu batean hautematea ahalbidetuz. Lau egun geroago, abuztuaren 24an, ‘Flamenco On Fire’ zikloa hasiko da, arte horretan artista errotuak zein berriak diren beste artista batzuk bilduko ditu Iruñean, hiriko hainbat lekutan proposamenak eginez. Irailean, eta Batasunaren Pribilegioa 8an dela eta, Udaletxera bisita gidatuak, musika eta arte proposamenak eta bisita gidatuak eskainiko dira.
Udan Iruñeak jarduera-programa osoa eskainiko du, Udalaren eta PIC deskontu txartela eskaintzen duten turismo-eragileen elkarlanari esker. Hiriko ohiko gune turistikoez gain, bisitariek kultur-bisita gidatuak egiteko aukera izanen dute, hala Iruñean barna nola hiritik gertu dauden eta balio turistiko handia duten beste hainbat tokitan, hala nola, Baztan, Urederra ibaiaren iturburua eta Donejakue Bidea igarotzen den beste hainbat udalerri, besteak beste. Udarako prestatutako eskaintzetan nabarmentzekoa da ere, bisita gidatuak bizikletaz edo e-Scooterrez egiteko aukera, hirian bisitatzeko moduko toki kopurua handituz eta ingurunearekiko turismo arduratsuagoa sustatuz. Ildo horretan, aurten, Udalaren eta Hiriko Hotelen elkartearen arteko lankidetza berritu da, ‘Kanpainari atxikitako hotel batean geratu eta doako bisita gidatu batez gozatu’ ekimena berrargitaratu ahal izateko eta hirian gaua ematea sustatzeko.
Hamarnaka kultur- eta arte-jarduera Donejakue bidearen inguruan
Donejakue bidea Iruñeko erakargarritasun turistikoetako bat da eta aisialdirako proposamenak eskainiko ditu uda osoan, bisita gidatuekin eta askotariko jarduerekin, zeinak Santiago zubiaren egunetan eginen diren (ostiraletik astelehenera arte) musika klasikoa ardatz duen ‘Musika bideko lehenean’ zikloaren inguruan. Donejakue bideak Iruñean egiten duen ibilbidean barnako toki adierazgarrietara bisita gidatuak eskainiko dira, hala nola, San Lorentzo eta San Saturnino elizetara, Udaletxera eta Ultreiara –Donejakue Bidearen Interpretazio Zentrora–, eta zuzeneko musikaz girotuko dira. Goizetan, ‘Bidea zabaltzen’ izeneko abesbatzen hiru kontzertu abiatuko dira San Jose plazatik. Jaialdia hurrengo astelehenean hasiko da San Domingon, San Saturninon eta San Lorentzon eginen diren hiru kontzertuekin eta katedralean eginen den gaueko emanaldi batekin. Azken hori udan zehar beste hirutan eginen da, abuztuaren 14an, irailaren 9an eta urriaren 11n. Jarduera horren prezioa 8 euro izanen da, eta 24 ordu lehenago erreserbatu behar da.
Iruñeak, halaber, ‘Kalizaren lapurreta’ jokoa martxan jarriko du udan: www.elrobodelcaliz.com webgunean online gozatu daitekeen doako proposamena eta turistek modu erabat autonomoan egin dezaketena. Familiei, 14 urtetik gorako gazteei eta 6 urtetik gorako haurrei –heldu batek lagunduta– zuzenduta dago, eta xede du modu atseginean Donejakue bideak Iruñean barna egiten duen ibilbidea ezagutzera ematea. Jokoak erronka-, ikerketa- eta misterio-proba sorta bat aurkezten du zeinetan jokalariek, elkarreraginaren bidez, XVI. mendeko bizimodua ezagutuko baitute, Donejakue bidearen unerik gorena, planteatzen diren eta beste mugarrietan dauden hamalau pertsonaiei esker. Proposamen ludiko honek beste eskaintza batzuekin bat egiten du, hala nola, Donejakue bideko pista-jokoa, ‘Ez baitago biderik, ibiltari hori...’, edo ‘Antzar-jokoa’.
Iruñeko Donejakue bideko gune adierazgarrietan barnako ohiko bisita gidatuez gain, udan Donejakue Bidera 3D bisita egonen da eskuragarri, eta proposamen horri esker, Nafarroako hiriburuan barnako ibilbidean funtsezkoak diren beste gune batzuez goza daiteke, hala nola Magdalenako zubia, Iruñeko katedrala, San Domingo eliza, Ultreia Zentroa, San Saturnino eliza, San Lorentzo eliza edo Jesús y María aterpetxea. Orain aurkezten diren bi irtenbide teknologiko horiek Kintoan Barna lankidetza-proiektuaren barruan kokatzen dira, zeina % 65ean finantzatzen baitu Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF).
Aisialdiko proposamenak gustu guztietarako eta adin guztiei zuzenduta
Gainera, uda osoan zehar, San Bartolome gotorlekua familiei zuzendutako jarduerak egiteko Iruñeko erreferentziazko gunea izanen da. Astearteetan, arratsaldez, eskulan-lantegiak eginen dira eta ostegunetan, ‘Ez baitago biderik, ibiltari hori...’ Donejakue bidea ardatz duen pista-jokoa. Ostiraletan, arratsaldez, ‘Aurkitu Dorrea’ familia-ginkana eginen da, eta horri beste hainbat proposamen gehitu behar zaizkio, hala nola, ‘Antzara-jokoa’, ‘Harresia eta haurrak’ bisita gidatua eta ‘Iruñearen blokeoa’ ihes-jokoa. Gotorlekua abuztuaren amaierara bitarte egonen da zabalik, astelehenetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta ondoren, urriak 12ra arte asteburuetan soilik.
Proposamenei buruzko argibide guztiak Udaletxe plazan dagoen Iruñeko Udalaren Turismo Bulegoan; Ultreia Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroan, eta San Bartolome gotorlekuan dagoen Harresien Interpretazio Zentroan egonen dira eskuragarri, bai eta www.pamplona.es/turismo webgunean ere. Sarrerak erreserbatu daitezke Turismo Bulegoan bertan dagoen sarrerak erosteko totemean, https://ayuntamientopamplona.sacatuentrada.eswebgunean eta Pamplona - Iruña apparen bidez. Pamplona Iruña Card (PIC) dutenek hiriko jarduera turistikoetan deskontuak eskuratzeko aukera izanen dute.