Ziudadelako Labearen eraikinean ‘Hustasunaren danbatekoa’ erakusketa izanen da. Eugenio Ortiz eta Javier Mugueta artisten lana da, eta, José Lezama idazle eta pentsalari kubatarraren poesia omendu nahi dute, bere herrialdeko eta literatura hispanoamerikarreko autore garrantzitsuenetakotzat jotzen baita. Zehazki, erakusketa Ziudadelan egonen da ikusgai, doan, abenduaren 12ra arte, eta"El pabellón del Vacío", poemaren ideia gauzatu nahi du; poema hori 1976an argitaratu zuen autoreak, eta “Fragmentos a su Imán” liburuan dago.
Lezamari egindako omenaldia obra honetan osatzen da, eta arkitekturaren historia osoan zehar Pabilioiak izan duen tradizio handiari buruzko gogoeta gisa eratzen da, kubatar poetak bere poeman inprimatutako alderdi iragankor, kolosal, kontzeptual eta intimoaren bidez. 'Tokonoma' edo bere barruan lortutako hutsune txikia erreferentzia artistikotzat hartzen du, eta ezinbestean elkar elikatzen duten isiltasun eta danbateko gisa proposatzen da. Zoria, berez, elementu ezkutu eta saihestezin gisa ageri da, giroa bustitzen du, Lezamaren tokonoma eta haren pabilioia agerian utziz, halako moduan non pabilioia aktibatu egiten baita, tokonomak espazioa aktibatzen duen bezala.
Kolore eta geometriako zenbait elementu sekuentzial eta zenbait maketa arkitektoniko sartzearen inguruan egituratzen da obra, Pabiloia bere erresonantziarekin eta hustasun pribatuarekin gauzatzeko aukera ematen dutenak. Nabarmentzekoa da obra “eramangarri” bat dela, QR kode bat irakurrita. Bisitariak fitxategi digital bat deskargatzen ahalko du bere mugikorrean, eta edozein unetan erreproduzitzen ahalko du, berriz ere lanaz gozatzeko.
2014an mamitzen hasi zen bi artisten topagunea
Erakusketa honen ideia duela zazpi urte sortu zen bi artisten arteko topaketa batean, Limako Nazioarteko Arte Azokan.Haren ondoren ideiak trukatzen hasi ziren. Eugenio Ortizek jada lan egin zuen José Lezamaren irudiarekin, haren obra poetikoa baloratzen zuen bereziki, harreman materialen eta lengoaiaren esparru izugarria baita.
José Lezama Lima idazle kubatarra zen, Habanan jaioa 1910ean, eta hiri horretan bertan hila, 1976an. Batez ere poesia eta saiakeran aritu zen arren, eleberrigile gisa ere gogoratua da, hain zuzen ere, 1966an argitaratu zuen eta nazioartean oihartzun handia izan zuen‘Paradiso’ lanarengatik. Barroko estilokoa, eta literatura Hispanoamerikako egile garrantzitsuenetakotzat joa, bere garaiko eta ondorengo idazle ugarirengan eragina izan du.
Egileen ibilbideari dagokionez, Eugenio Ortiz Miguelek Europa eta Estatu Batuetako hiri ugaritan egin ditu erakusketak: Paris, Erroma, New York... Annie & Joseph Albers Fondationaren egoitza artistikorako gonbidapena jaso duen lehen artista espainiarra da. Haren obra bilduma garrantzitsuetan dago, bai publikoak bai pribatuak. Azken urteotan, Kairós eta San Telmo Museoan parte hartu du, eta, gaur egun, Baiona/Tarnóseko erakusketa kolektibo bikoitzean, François Loustauk komisariatutakoan. Bestalde, Javier Mugueta Jurío arkitektoa da Nafarroako Unibertsitatean, eta Espainia eta Peru artean egin du bere ibilbidea. Bere lanak hainbat aintzatespen jaso ditu, eta horien artean nabarmentzen dira Talavera de la Reinako "Kulturaren plaza" berrurbanizatzeko proiektu ospetsuaren diseinuan parte hartu izana eta Expresarte 2012 arte bienalaren testuinguruan jasotako akzesita.
Doako proposamen artistiko ugari Ziudadelan
Erakusketa hau Ziudadelako gainerako aretoek egun hauetan eskaintzen dituzten erakusketei gehitzen zaie, zeinak doan bisitatu baitaitezke asteartetik larunbatera, 11:30etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan goizez soilik.
Ziudadelako Arma Aretoko lehen solairuan ‘Audiovisiones’ erakusketa ikusgai dago otsailaren 13 arte: begirada bat mundu garaikideari, hainbat teknika, formatu eta adierazpen-lengoaia erabiliz. 27 lanek osatzen duten Alicia Venturak komisariatutako erakusketan Udalaren arte garaikidearen bilduma,9915 Elkarteko beste bilduma pribatu batzuekin elkarrizketan ari da. Erakusketaren interesgunea ikusizko eta entzunezko dimentsioak –munduaren giza-pertzepzioa baldintzatzen duten bi bektore nagusiak– bateratzean datza.
‘Bakarrik ate guztietatik pasatzen den hori’ da César Barriok datorren azaroaren 9ra bitarte Mistoen eraikinean aurkeztu duen erakusketaren izenburua. Erakusketan ikusgai egonen da artistak azken urtean bereziki gune horretarako egindako obra guztia, eta duela bost urte sortutako sormen-ibilbidearen amaiera da. Autoreak egindako erakusketetan zabalena da, formatu handiko 30 bat piezarekin. Askotariko teknikak erabili ditu, material ezberdinak nahastuz collage ‘eskultopiktoriko’ handiak sortzeko. Erakusketak dauden bi aretoak baliatzen ditu ispilu-joko bat sortzeko. Lehenengoan, zuri-beltzean, azal horren materialtasuna agertzen da; bigarrenean, berriz, formatu handiko koloredun collage batzuek azalaren atzealdea erakusten dute, koadroaren barnealdeko haragia, pinturaren ifrentzu ezkutua bere sakontasun osoan.