Iruñeko Udalak, auzoko ekimenekin bat, mugikortasun jasangarri berriak bultzatuko ditu Sanduzelaiko Juaristi, Labayen eta José Alfonso Doktoreen kaleek eta Txantreako Oibar eta Laguntzako Andre Maria kaleek osatutako ardatzen inguruan. Helburua ibilgailuek okupatuta dituzten guneak auzokideentzat berreskuratzea da, eta jarduketaren luzera ia bi kilometrokoa izango litzateke guztira (Txantrean 0,86 km eta Sanduzelain 0,93 km). Atzo bi proiektuak Mugikortasuneko Batzordean aurkeztu zituzten Joxe Abaurrea Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkariak eta Alexia Canto Mugikortasun Zerbitzuko arduradunak. Behin Udal Taldeen aurrean aurkeztuta, orain parte hartzeko jardunaldietan azalduko dira proiektuak, auzo bakoitzeko auzokideen aurrean, horien iritzia eta ekarpenak jasotzeko.
Bi ardatzen ezaugarriak dira beren auzoen erdigunean egotea eta bertan ekipamendu publiko asko egotea. Sanduzelain bi ikastetxe, Haur Eskola, kirol-ekipamendua, Sanduzelaiko Civivoxa eta Karrikagune komunitate-gunea daude. Txantrean, hor daude Félix plaza eta Txantreako plaza, Bernat Etxepare IP, Izartegi Haur Eskola eta Osasun Etxea. Behin abiatuta (6 hilabeteren buruan bukatuta), igarobideek Iruñeko erdialdeko igarobide jasangarrien 8,1 km-ko sarea osatuko lukete, horrela hiria ziklo-lotune seguruez hornituz, mendebaldean Burlatarantz, ekialdean Barañainerantz eta iparraldean Berriozarrerantz.
Aurreikuspena zenbait fasetan jardutea da. Lehenak, aurtengo bigarren seihilekorako aurreikusiak, 400.000 euroko zuzkidura izango luke, finantzaz bezainbatean jasangarri diren 2019ko inbertsioaz finantzatuta; eta barne hartuko lituzke oinezkoen pasabideak egokitzea zein altzariez hornitzea Txantrean (200.000 euro) eta “komunitate-sistema” hornitzea Sanduzelain, auzoaren erdian, (200.000 euro).
Sanduzelai: 0,93 km-ko bidegorria, espaloiak zabaltzea eta lau “sistema”
Juaristi Doktorearen kaleko ardatzak 935 m-ko luzera du, eta bertan aurreikusi da 680 m-ko bidegorria bereizia (bakarrik bizikletetarako) eta oinezko zein ibilgailuekin batera joateko 255 m. Proposamena ardatzean 4 tarte eginez antolatu da; horiek “sistema” deitu dira, eta nagusi dituzten erabilera zein jardueretara lotu dira. Horrela José María Repáraz Doktorearen kalearen eta Nafarroa etorbidearen arteko jarduketa “hezkuntza-sistema” deitu da, izan ere, hor daude ikastetxe publikoa, Haur Eskola eta futbol-zelaia. Egun zirkulazioak norabide bakarra dauka, eta bi alboetan aparkalekua, eta orain ikastetxeetako inguruneak hobetuko dira espaloiak zabalduz eta zirkulazio-erreiaren zabalera murriztuz; horrela, zirkulazioa baretuko da, eta noranzko biko bidegorri bereizia sartuko da.
“Lotura” izeneko sistema Nafarroa etorbideko lurpeko igarobidean izango da, egungo diseinuaz oinezko- eta txirrindulari-mugikortasuna kaltetzen baitu. Egoera horri konponbidea emateko, Nafarroako etorbidean –maila berean– Juaristi Doktorearen kalearen parean oinezkoen pasabide semaforoduna jartzearen aldeko apustua egin da, eta lehen fase batean egungo pasabidearekin batera egongo da.
Juaristi eta Labayen Doktoreen kaleetako bidegurutzean, auzoko bihoztzat harturik, “komunitate-sistema” kokatuko da, Nafarroa etorbidetik Sanduzelai kaleraino. Proposamenaren arabera, lehen bi kaleak (zirkulazio-errei bat, bi alboetan aparkalekuak eta espaloi estuak dituztenak) egoteko izango dira, oinezko- zein txirrindulari-lehentasuna egongo da, eta zirkulazioaren abiadura gehienez 20 km/h izango da. Juaristi Doktorearen kalean, Nafarroa etorbidetik San Martín Doktorearen kalera, erabilera mistorako gunea sortuko da; eta bertan ibilgailuak oinezko zein txirrindulariekin batera ibiliko dira, baina San Martin eta Landa Doktoreen kaleetan bakarrik oinezkoak eta txirrindulariak ibiliko dira.
“Sistema berdean”, parkearen ondoan, José Alfonso Doktorearen kalea dago, egun bi zirkulazio-errei eta bi alboetan (zeharkako) aparkalekuak dituena. Proiektu berriak proposatzen du zirkulazio-erreietako bat kentzea, Juana García Orcoyen Doktorearen plazarantz, Trinitariosko parkea lotuko duen bidegorri bereizi bat galtzadan kokatzeko. Halaber, proposatzen da José Alfonso Doktorearen kaleko zirkulazioa aldatzea, baita ondoko bideak ere, honako bi kale-mota hauek sortuz: tokiko zirkulaziorako, bide nagusietara lotuta, Santa Bizenta Maria kalean, Sanduzelai kalean eta Alexander Fleming Doktorearen kalean; eta auzo-kaleak, bakarrik bizilagunen erabilerarako, José Alfonso, Irigaray, Miguel de Servet eta Anselmo Goñi kaleetan.
Txantrea: Txantrea: 0,86 km-ko bidegorria eta bost “sistema”, erabilera nagusien arabera
Txantrearako proposatzen den eraldaketak barne hartzen ditu Laguntzako Andre Maria eta Oibar kaleak (865 metroko bidegorri berria, horietako 238 bereizitako bidegorria). Kasu honetan, proiektua 5 sistemarekin antolatu da, tarte bakoitzaren erabilera nagusien arabera. Lehena “kirol sistema da”, bertan dagoelako Txantrea KKE eta Virgen del Camino IIPa, eta Aita Adoain kaletik Itza Zendearen kaleraino doa. Sistema honetan bi tarte proposatzen dira: Lehen tartean, orain bi noranzkoa den Imarkoain kalerainokoan, erreietako bat kenduko litzateke noranzko biko bidegorria jartzeko, baina hori ez da egingo Adoain Aitaren eta Juan de Tarazona kaleetan, horietan zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko baitira. Bigarren tartea –Imarkoain kaletik Itza Zendearen kalera (orain noranzko bakarrekoa da eta ilaran aparkatzeko tokiak ditu)– lehentasunezko eremua izango da oinezko eta ziklistentzat.
“Komunitate sistema” Itza Zendearen kaletik Noain kalera doa. Tarte horren bereizgarria da Laguntzako Andre Maria kalean zirkulazio-errei bat dagoela, aparkatzeko tokiez, eta hor daudela Félix plaza, Armonía Txantreana peñaren egoitza eta adinekoendako etxea. Jarduketa horren barruan sartzen da Armonía Txantreana peñak aurrez aurre duen plazaren irisgarritasuna hobetzea eta arkupeetako guneetan moldaketak egitea, xede harturik jarraipena ematea, Laguntzako Andre Maria kaletik, adinekoendako etxea non eta bertan dagoen berdeguneari. Hor, Itza Zendearen eta Berriobeiti kaleetan bezala, bizikletak oinezkoekin eta ibilgailuekin batera zirkulatuko dute.
Hirugarren sistema, “aisia eta hezkuntzakoa”, Noain, Subitza eta San Kristobal kaleen artean dago, eta hor daude, hain zuzen, Bernat Etxepare IPA, Izartegi haur-eskola, Txantreako plaza eta Osasun Etxea. Hemen, mugitzeko sistema mota desberdinak ezartzen dira: Laguntzako Andre María kalea, Noain kaletik Ororbia kaleraino, oinezkoek eta bizikletek soilik erabili ahalko dute, eta Subitza kaletik San Kristobal kalerainoko tartean ere bai; aitzitik, Ororbia eta Subitza kaleen artean ibilgailuekin batera aritu beharko dira zenbait eremutan.
“Lotura sistemak” San Kristobal kaleko bidegurutzea hartu du barne, Laguntzako Andre Maria eta Oibar kaleen artean. San Kristobal kaleak zirkulaziorako bi noranzko ditu, aparkatzeko tokiak bi aldeetan eta garraio publikorako geralekuak Osasun Etxearen ondoan (L5, L7, L21 eta LN7). Bidegurutzeko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea proposatzen da, halako moduan non bermatu beharko baita txirrindulariendako eta oinezkoendako jarraipena dagoela; horretarako haiendako pasabide berriak sortu beharko dira, eta garraio publikoa erreian bertan egingo ditu geldialdiak, horrela ere zirkulazioa baretzeko bide emanez.
Esku-hartzearen azken zatia Oibar kalean da, San Kristobal kaletik Ezkaba kaleraino (Eunate BHIaren ondoan): zirkulatzeko errei bakarreko bidea, eta aparkatzeko lerro bat aldeetako batean. “Etxe sistema” delakoan, Oibar kalea oinezkoendako izatea aurreikusi da, jarduketaren azken fasean, hor sortuko direlarik komunitate-bizitza egiteko aisialdi-eremu berriak. Lehen fase batean, Oibar kalea bizitegi-kale bihurtzeko jarduketa proposatzen da, bizilagunek bakarrik erabiltzeko gune bihurturik, baina bizilagunei aparkatzeko aukera kendu gabe. Bizikletek oinezkoekin batera zirkulatu beharko dute, elkarbizitzan.
Prozesu partizipatiboak: martxoaren 11n Sanduzelain eta martxoaren 18an Txantrean
Proiektua ezagutarazteko, Udalak jardunaldi partizipatiboak antolatu ditu bi auzoetan. Sanduzelain martxoaren 11n izango da, 18:30ean, Karrikagune zentro komunitarioan. Jarduketa-proposamen aurkeztu ondoren, saioaren bigarren zatian parte hartzeko zenbait dinamika egingo dira, zeinetan bizilagunek antzeman ahalko baitituzte esku-hartzeek zer nolako arazoak sortuko dituzten, eta horietara konponbideak.
Txantrean, topaketa martxoaren 18an izango da, 18:30ean, liburutegian. Kasu horretan herritarrek parte hartzeko egiten dien bigarren saioa izango da, jada lehen topaketa bat egin baitzen abenduaren 12an, jarduketa iragarriz. Txantrean Poliki, Auzo Elkartea, TXVici eta Siñar-Zubi elkarteek parte hartu zuten. Orduan egindako ekarpenak aurreproiektuaren idazketan txertatu dira, eta hortaz, diseinu berria aztertuko da.