Mugak, naturalaren eta gizarte-eraikuntzaren arteko kontzeptua; horixe da Amaia Molinet lodosarraren ikerketa bisualaren ardatza

Mugak, naturalaren eta gizarte-eraikuntzaren arteko kontzeptua; horixe da Amaia Molinet lodosarraren ikerketa bisualaren ardatza
Baliteke Lurrak sortu aurretik bezalakoa izan nahi izatea erakusketa ekainaren 30a arte egongo da ikusgai, Ziudadelako Bolborategian
Irudia

Gaurtik, maiatzak 10, eta ekainaren 30a arte, Ziudadelako Bolborategian ikusgai egongo da Amaia Molinet sortzaile lodosarraren Baliteke Lurrak sortu aurretik bezalakoa izan nahi izatea erakusketa. Proposamena mugaren tentsioa arakatzen duen argazki- eta bideo-erakusketa da. Izan ere, azken urteetako lanaren ardatzetako bat lurraldetasuna izan du, nortasun-ikur gisa, eta horri lotu dizkio oroimen- eta arkitektura-nozioak; azken batean, paisaia eraikuntza naturala baino askoz gehiago baita, kulturala, politikoa edo are, soziala ere bada.

Bolborategian ikusgai egongo den proiektua elkarren kontrako paisaiak dituzten urruneko tokietan garatu da: Mendebaldeko Sahararen horizontaltasunean eta Islandiako bertikaltasunean, halako moduan non bi espazio-bektore horiek irudietan ez ezik aretoaren barruan duten antolamenduan islatzen baitira. Egileak muga banatzaile “naturalak” parez pare jartzen ditu; esate baterako, Islandian Atlantikoko xafla kontinentalak eta iparamerikarrak bat egiten duten tokia dokumentatzen duenean, baina, era berean, mugak gatazka batetik eratorritako gauza artifizial gisa islatzen ditu. Saharari buruzko argazkietan, kolonia-garaiko jatorria izanagatik oraindik ebatzi ez den gatazka geopolitikoa agerian jartzen du, 2.750 km baino gehiagoko “horma-hesia” ekarri duena.

Maitena Muruzabal Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta erakusketaren egileak aurkeztu dute erakusketa, Ziudadelako Kultura Garaikideko Hiriartea Zentroaren proiektuaren barruan.
Amaia Molinet (Lodosa, 1988) Arte Ederretan lizentziaduna da (2012), eta EHUko Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboan masterra du. Horrez gain, argazkigintza, eskultura eta perfomanceari buruzko lantegi ugari eman ditu. Bakarkako zein taldekako hainbat erakusketatan parte hartu du Molinetek, besteak beste hiri hauetan: Iruña, Bilbo, Gasteiz Donostia, Madril, Palermo, Granada, Logroño eta Londres. 2018an, Mapamunditarrak proiektuan sortzaile gonbidatua izan zen. Egileak azaldu du bere ustez “argazkigintza eta filmazioaren bidez harrapatutako ekintzak garrantzitsuak direla, norberaren eta ingurumenaren arteko lotura estuak sortzeko modua eta mugatutako lurralde jakin batean lan egitearen naturaltasun polemikoaren barruan oreka aurkitzeko modua ere direnez gero”.

Erakusketa ekainaren 30a arte bisitatu ahalko da. Ziudadelako erakusketa-aretoetako ordutegia udakoa da jada, maiatzaren 1etik. Hortaz, erakusketa asteartetik ostiralera egongo da zabalik, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.