Mocedades taldea taula gainera igoko da asteazkenean Gurutzeko plazan 2023ko sanferminetako Adinekoen Eguna dela eta

Mocedades taldea taula gainera igoko da asteazkenean Gurutzeko plazan 2023ko sanferminetako Adinekoen Eguna dela eta
Meza bat San Fermin kaperan eta Jus La Rocha eta Yoar errondailen musika Sarasaten, biharko programatutako ekimenen artean
Día de las personas mayores

 

Bihar, asteazkena, 2023ko sanferminen azken-hirugarren eguna da eta adinekoei eskainita dago. Meza bat San Fermin kaperan, Jus la Rocha eta Yoar errondailen musika eta Mocedades taldearen kontzertua dira festetako beteranoendako programatutako berariazko ekimenetako batzuk. Gurutzeko plazako agertokira igoko da Mocedades taldea 20:30ean.

Mocedades 1967an sortu zuen folk musikaren, espiritualen eta The Beatles taldearen jarraitzaile ziren ikasle gazte talde batek. Hasiera batean Voces y Guitarras izena zuten eta izen horrekin grabatu zuten beren lehen zinta, lagun baten bidez Madrilera bidali zutena. Juan Carlos Calderón handiak entzun eta segituan taldearekiko interesa agertu zuen, arrakastaz beteriko ibilbideari hasiera emanez. Urte gutxiren buruan, 1973an, Eurovisión lehiaketan parte hartu zuten ‘Eres tú’ kanta mitikoarekin, bigarren postuan geratu eta mundu mailako arrakasta lortu zuten.

Ondoren beste hainbat abesti etorri ziren, esaterako ‘Tómame o déjame’. ‘La otra España’ eta ‘El vendedor’. 80ko hamarkadan ere arrakasta handiak izan zituzten, hala nola ‘Amor de hombre’ (disko horren 500.000 kopia saldu ziren hilabete batzuetan), ‘La música’ eta ‘Maitechu mía’ Plácido Domingorekin.  50 urte baino gehiagoko ibilbidean zehar 20 disko original baino gehiago kaleratu dituzte, bildumez, arrakasta handiez eta abarrez gain eta hamar bat hizkuntzatan abestu dute.

Mocedades taldea zortzi kiderekin hasi zen eta hainbat aldaketa izan ditu bere ibilbidean zehar. Lehengo bi diskoak jatorrizko zortzi kideek grabatu zituzten: Uranga anai-arrebak (Amaya, Estíbaliz, Izaskun eta Roberto), Blanco anaiak (Rafael eta Sergio), José Ipiña eta Francisco Panera. Aurrerago, sei historikoak deitutakoekin –Amaya, Carlos Zubiaga, Izaskun, Javier Garay, José eta Roberto– arrakasta handienak lortu zituzten. Egun, Javier Garaik, Luis Hornedok, Aitor Melgosak, Icíar Ibarrondok eta Belén Estevek osatzen dute taldea.

Mocedadesen arratsaldeko kontzertuaz gain, Adinekoen Eguneko berezko jarduerak 10:45ean hasiko dira San Fermin kaperan ‘adinekoen mezarekin’. Armonia Erroldailak musikaz girotuko du beti jendetsua izan ohi den hitzordua. Eukaristiaren ondoren ‘Jota-soinuak’ zikloko kontzertu berezia eginen da Sarasate pasealekuan. Orduan Jus La Rocha eta Yoar errondailen txanda izanen da. Errondailak musikari beteranoek osatzen dituzte eta kantutegi herrikoien eta tradizionaleneko doinu-sorta zabala interpretatuko dute.

¿Te ha sido útil esta página?