Mistoen eraikinean, pintura, argazkiak, bideoa eta collageak biltzen dituen ‘26 = 26’ erakusketa kolektiboa ikusgai

Mistoen eraikinean, pintura, argazkiak, bideoa eta collageak biltzen dituen ‘26 = 26’ erakusketa kolektiboa ikusgai
Duela bi urte era kolektibo eta ibiltarian erakusketak egiten dituzten artistek sinatzen dituzte obrak, eta azaroaren 15era bitarte bisitatu daitezke
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

‘26 = 26’ izenak berak aditzera ematen duen bezala, erakusketa kolektiboa da, 26 artistaren obrak bitzen dituena; haien arteko lotura, duela bi urtetik honakoa, artearekiko pasioa eta sormena dira, zeinak areto zenbaitetan modu ibiltariz antolatutako erakusketetara helarazten baitituzte. Erakusketa azaroaren 15era bitarte bisitatu daiteke, Ziudadelako Mistoen eraikinean, eta haren izaera diziplina askotarikoa da, era askotako teknika eta arteak biltzen baititu, hala nola pintura, argazkigintza, bideoa, collagea, instalazioa eta ehun-artea.

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta Ángel Arbe zein Félix Ortega artistek aurkeztu dute azaroaren 15era bitarte Mistoen eraikinean ikusgai egonen den erakusketa hau, non toki eta estilo ezberdinetako artista-talde honen lana islatzen baita. Honako hau artista-kolektibo honek bere lanak biltzen dituen zazpigarren aldia da. Proiektu kolektibo eta ibiltaria da, eratzen den bakoitzean erakusketarako erabilgarri duten espaziora doitua eta artista bakoitzak hartan parte hartzeko duen gogoaren araberakoa. Hau da, libreki sartu eta irteten dira proiektuetatik, garai nahasi eta zalantzazko hauetan banakoen indarrak elkar hartzeko xedez baino ez.

Hona erakusketa honetan parte hartu duten artistak: Javier Poveda, Juan Gabriel Vich, Alfredo Murillo, Patxi Aldunate, Txema Goldaraz, José Luis Mayor, Blas Campos, Patxi-Txiki, Izaskun Álvarez Gaínza, María Jiménez, Ángela Moreno, Jokin Manzanos, Txaro Fontalba, Alfonso Askunce, Félix Ortega, Sukru Karakus, José Antonio Azpilicueta, Ángel Arbe Zugasti, José Miguel Corral, Julio Pardo, Juan Belzunegui, Joxan Iza, Gorka Salmerón, Aitor Echeverría, Celia Eslava eta, hilondoko omenaldi gisara, Jabier Villarreal. Erakusketaren kartela Alfredo Murillok sortu du, eta bideo dokumental bat ere eginen da Blanca Oriaren zuzendaritzapean; bertan erakusketan jasotako obrak eta haren muntaketa-lanak agertuko dira, bai eta kolektiboak, 2018ko hastapenetan sortu zenetik orain arte, egindako bidearen gaineko dokumentazioa ere.

Kolektiboaren ibilbidea

Artista-kolektiboa hau 2018ko hasieran sortu zen, Zizur Nagusiko Artea2 galeriaren inguruan. Urte hartako otsailaren 2tik martxoaren 3ra bitarte, hamar bat artista bildu zen lehenbiziko erakusketa batean, zeina era askotako teknika eta hizkuntzen hartu-emanen gisara sortu baitzen, tokikotik unibertsalerantz proiektatzen den arte bizi gisara. Bigarren erakusketa, 2018ko ekainean, Donostiako Egia Kultur Etxean egin zuten, ’10 = 10’ izenburuaz, eta hirugarrena, irailean, Tafallako Kultur Etxean. 

2019. urtean, segida izan zuten haien sormen- eta erakusketa-proposamenek, urteari Artea2 galerian hasiera emanez. ‘Febrero/Otsaila’ dauka izenburua hamabost artista nafar eta gipuzkoar bildu zituen erakusketak. Apirilean eta maiatzean Barasoainera heldu zen haien artea, erakusketa bat egin baitzuten Valdorba SCDR areto sortu berrian, erakunde horren sorreraren 40. urteurrenean. Jabier Villarrealen heriotzak, hura baitzen kolektibo honetako kide aktiboenetako bat, haren omenezko bilakatu zituen azken bi erakusketak. Hala Zizur Nagusiko Artea2 galerian nola Eibarreko Portalea Kultur Etxean Villarrealen obrak jarri zituzten erakusgai, esaterako ‘Eugi Beltz’ eta ‘Beltz’.