Mistoen eraikinean ‘Ehuntzen den soka bat’ erakusketa kolektiboa dago ikusgai: ‘Mapamunditarrak’ proiektuaren barruan, 20. urteurrenean, antolatu da

Mistoen eraikinean ‘Ehuntzen den soka bat’ erakusketa kolektiboa dago ikusgai: ‘Mapamunditarrak’ proiektuaren barruan, 20. urteurrenean, antolatu da
Iturramako Civivoxean, programak zinema-ziklo bat barne hartzen du, jatorrizko bertsioan, baita arte garaikidearekin lotutako beste jarduera batzuk ere
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

Mistoen eraikinean, datorren azaroaren 15era arte egonen da ikusgai Ehuntzen den soka bat erakusketa kolektiboa, Mapamunditarrak 2026 arte garaikideko programaren barruan: aurtengo edizioan 20 urteko ibilbidea ospatzen du egitasmoak. Erakusketaren barruan, artista hauen lanak daude ikusgai: Laurita Siles, Pauline Cholier, Alba de la Portilla, Iratxe Jaio eta Víctor Forniés, baita La Comunidad Sanguínea proiektuarenak ere. Adin eta jatorri desberdinetako artistak dira, eta aurtengo edizioan, Tim Ingold antropologoaren ereduari jarraikiz, belaunaldiaren kontzeptua dute ardatz nagusi, baita pertsona bakoitzak denboran zehar partekatutako ‘soka’ komun bati egiten dizkion ekarpenei buruzko hausnarketa ere. 

La Caracola elkarteak antolatu du erakusketa, Iruñeko Udalarekin lankidetzan, eta gaur, ostirala, aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Alexandra Baurès zikloaren komisarioak. Erakusketaren artistak aurkezpenera joan eta bisita gidatu bat egin dute, eta proiektuan parte hartu duten beste pertsona eta talde batzuk ere ekitaldian izan dira. 

Erakusketa Mapamunditarrak 2026 programaren barruan antolatu da, eta egitasmo hori irailaren 11tik urriaren 25era eginen da Iruñeko eta Iruñerriko kulturguneen sarearen barruan. Programazioak arte garaikidearekin lotutako beste erakusketa eta ekintza batzuk barne hartzen ditu, baita askotariko publikoari zuzendutako hezkuntza-programa bat ere. Jardueren barruan, irailaren 15ean, 22an eta 29an (astearteak), hiru film dokumental proiektatuko dira jatorrizko bertsioan, frantsesez, Iturramako Civivoxean. Lehenengo proposamena Zabou Breitman-en eta Florent Vassaut-en Le garçon (Mutikoa) izanen da, eta bigarrena, datorren astean, Camille Ponsin-en La combattante (Emakumezko borrokalaria). Zikloari amaiera emateko, Claire Simon-en Apprendre (Ikasi) proiektatuko da. Sarrera librea da, aurrez https://www.pamplonaescultura.es/eu webgunean izena emanda. 

Lankidetzako eta belaunaldiarteko sormen-prozesuak
Mapamunditarrak programaren aurtengo edizioak Euntzen den soka bat du izenburu, eta horrek erreferentzia egiten dio artista-multzoak inguruko pertsonak sortze-prozesuetan sartzeko erari. Hala, Mistoen eraikinean ikusgai dauden lan guztiek elkarrekiko lotura dute: senideekiko edo ezezagunekiko belaunaldien arteko harreman pertsonalak jorratzen dituzte, eta proiektuetan, toki, etxe edo natura-ingurune batekin lotutako iruditeria sortzen dute.

Laurita Silesek (Málaga, 1981) Memoria ehuntzen duten emakumeak aurkeztuko du, artilea, irudia eta hitza bateratzen dituen pieza-multzoa. Artistak bere familiaren istorioa kontatzen du proiektuan: frankismo garaian Tangerren erbesteratu ziren eta 80ko hamarkadara arte ez ziren penintsulara itzuli. Ardien artilea baliatuta, Silesek hitzari eta irudiari galdegiten dieten tapizak eta beste zuntz-pieza batzuk sortu ditu. Multzo artistikoan, ehuntzeko keinua idazketa poetikoaren parekoa da, kontakizunak gorpuztu eta XX. mendeko historiak zeharkatzen duen familia baten istorioa xeheki kontatzen duena.

Pauline Cholier-en (Grenoble, 2003) Asfódelos ikus-entzunezkoak egileak Korsika hegoaldeko familia-baserri batean duen bizitza erakusten du. Bideoan, Paulinek aitona lagunduko du eguneroko zereginetan, eta arreta berezia jarriko du aitonaren eskuetan. Kamera inguru intimo horretan sartzean, artista gazteak harreman pertsonala eraldatzeko eraz zalantza egiten du, eta praktika artistikoa aitona egiten ari denarekin alderatzen du.

Mistoen eraikinean, beste artista hauek ere beren lanak ikusgai jarriko dituzte: Alba de la Portilla (Iruña, 1999) eskultoreak eta Iratxe Jaio (Markina-Xemein, 1999) artista bisual bizkaitarrak. Lehenengoak Ad hoc eskultura-instalazioa jarriko du ikusgai, erakusketarako berariaz sortua, eta bertan bere aitonarena zen estudioko elementu arkitektonikoak eta objektuak erakutsiko ditu. Behaketa abiapuntu hartuta, osagai horiek berreskuratu eta eraldatu egiten ditu artearen testuinguruan bizitza berri bat emateko.

Familia-harremanak ere Iratxe Jaioren Desagertzen diren hitzen hiztegia erakusketaren bereizgarri dira. Lanak artistaren aita du ardatz, hura oroimena galtzen hasi zenean Jaiok bere munduari argazkiak ateratzeko eta bere pentsamenduak idazteko proposatu baitzion. Irudien hautaketa batekin osatzen da proiektatuko den filma, eta ikus-entzunezkoan, artistak aita erretratatzen du: bere bizitzako uneak gogora ekartzen ditu eta ohar-zatiak irakurtzen ditu ozen. Hala, aitak etorkizunerako zerbait uzteko duen desirarekin sortzen du elkarrizketa, eta bitartean esploratu egiten du pertsona baten barne-mundutik zenbat geratzen den haren ondarean.

Victor Forniés (Zaragoza, 1972) zinemagileak Ezintasuna aurkeztu du Ziudadelan, hiru bideoz osatutako lan filmografikoa: Clara, Isabel eta Adrián dira protagonistak, eta lanak Zaragozako Unibertsitateko geletan du jatorria, bertan Filosofiako gradua ikasten baitu artistak. Norberaren irudiaren behaketaren bidez, protagonistetako bakoitzak hautemateari eta nortasunari buruzko hausnarketa bat egiten du, barnera begira. Proiektuak arreta bereziaz aztertzen du fenomeno horren belaunaldien arteko dimentsioa, mundu bisualean hazi diren gazteak aurkezten baititu.

Erakusgunearen eskaintzaren osagarri gisa, Elisa Lozanok, Juan Vallaure-k eta Jorge Vallaure-k osatutako La Comunidad Sanguínea taldearen proposamenaz gozatzen ahalko da.  Hirukote artistikoak Margolanak 2016-2026 proposamena hurbilduko die ikusleei: olio-pinturen bilduma bat da, eta noiz edo noiz Mediterraneoko etxe batean bizi den familia baten bizitza erakusten du hamarkada oso batez, haien inguruan hazten den natura olio-pinturan margotuta. Sormen-lana lankidetzan egiten dute taldeko kideek, eta horrek aukera ematen du ikuspegiak bateratu eta iruditeria komun bat marrazteko.

Erakusketaren inguruan Ziudadelan eginen den programazioaren osagarri gisa, beste hiru jarduera eginen dira. Ostiralean, 19:00etan, inaugurazioa eginen da, baita artistekin egindako elkarrizketen bidezko bisita bat ere; irailaren 12an (larunbata), 19:00etan, berriz, Iruditeria kolektibo bat sortzeko seta hitzaldi performatiboaren txanda izanen da, La Comunidad Sanguínea taldearen eskutik. Programazioak aurrera eginen du irailaren 25ean (ostirala), 18:30ean, Leku batetik bestera proposamenaren eskutik: Alba de la Portilla artistak ibilaldi bat egiteko aukera emanen du Ziudadelako erakusgunetik berak Arrotxapean duen lantegiraino.  Irailaren 27an (igandea) prestakuntza-ekintzen txanda izanen da: Irun & Ehundu lantegia eginen da, Mutur Beltz proiektuko Laura Silas eta Joseba Edesaren eskutik. Programa urriaren 18an bukatuko da: Alexandra Baurès komisarioak bisita gidatu bat antolatuko du erakusketara. Eta jarduera osagarri gisa, irailaren 21etik 23ra, La Chincheta Brunak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle-taldeendako jarduera didaktiko bat eskainiko du: erakusketara bisitak eginen dira, eta ondoren, lantegi praktiko bat. 


MAPAMUNDITARRAK. EHUNTZEN DEN SOKA BAT

  • Mistoen eraikina. Irailak 11 – azaroak 15:

    • Laurita Siles. Memoria ehuntzen duten emakumeak

    • Pauline Cholier. Asfódelos

    • Alba de la Portilla. Ad hoc

    • La Comunidad Sanguínea. Margolanak 2016 - 2026

  • Iratxe Jaio. Desagertzen diren hitzen hiztegia

    • Víctor Forniés. Ezintasuna

  • Ziudadelako eta Kondestable Civivoxeko jarduera osagarriak:

    • Irailak 11. 19:00. Mistoen eraikina. Inaugurazioa eta elkarrizketa bidezko bisita

    • Irailak 12. 19:00. Arma aretoa. Iruditeria kolektibo bat sortzeko seta. Hitzaldi performatiboa La Comunidad Sanguínea. Sarrera librea

    • Irailak 25. 18:30 – 20:30. Mistoen eraikina. Leku batetik bestera Bisita erakusketara eta ibilaldia Alba de la Portillaren lantegiraino. Izena emateko, 010 telefonora deitu

    • Irailak 27. 10:30 – 13:30. Kondestable Civivoxa. Irun & Ehundu. Goiko irazki-hariko tapizaren hastapen-lantegia Laurita Siles eta Joseba Edesa (Mutur Beltz). Izena emateko, 010 telefonora deitu

    • Urriak 18. Mistoen eraikina. Bisita gidatua.  Alexandra Baurès 

    • Irailak 21 – Urriak 23. Ziudadela. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei zuzendutako bisitak eta lantegiak. La Chincheta Bruna. Doan, aurretik izena emanda https://www.mapamundistas.com/eu/ webgunean.

  • Zinema-zikloa Iturramako Civivoxean. Aldez aurretik izena eman behar da https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean
    • Irailak 15. 19:00.  Le garçon(Mutikoa), Zabou Breitman eta Florent Vassaut
    • Irailak 22. 19:00. La combattante (Emakumezko borrokalaria), Camille Ponsin
    • Irailak 29. 19:00 Apprendre(Ikasi), Claire Simon
¿Te ha sido útil esta página?