‘Minutuak zure kontagailurako’ udal-proiektuaren bidez Iruñeko Udalak ariketa fisikoa eta kirola sustatu nahi ditu herritarren artean, eta 2023an beste bultzada bat emanen zaio, eskuragarri dauden baliabide publikoen eguneraketarekin eta kirol-jarduera hobetzera bideratutako tresna berriekin. minutosatucontador.pamplona.es webgunea 2021eko ekainean abiatu zen, eta orain osatu da proposamen berriekin eta kirola sustatzen duten mugikorrerako hainbat app-rekin eta bideojoko aktiboekin, batez ere irizpide profesionalei jarraiki, baina baita edukiari eta internauten iritziei ere.
Ekimena adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, eta sedentarismoa murriztea eta ariketa fisikoa modu autonomoan egitea sustatzea du xede. Gomendioen eta kirol-proposamenen bidez egiten du, adin-tarteetan egituratuta eta Udalaren kirol baliabideetan eta aldez aurretik hautatutako askotariko kanpoko baliabideetan oinarrituta. Zentzu horretan, proiektuak kirola egiteko ohiko lekuez gain hain ohikoak ez diren eta aukera asko dituzten beste askotan ere kirola egitera animatzen du, hala nola etxean bertan, hiri-espazioan, oro har, eta hiritik hurbil dauden ingurune naturaletan.
Gomendio eta baliabide horiek bilakaera bat izan dute ‘Minutuak zure kontagailurako’ proiektua funtzionamenduan egon den ia bi urteetan zehar. Izan ere, proiektua COVID-19aren pandemia betean abiatu zen, eta, hortaz, egoera oraingoaren ezberdina zen. Horregatik COVIDaren ondoriozko mugendako bereziki pentsatutako baliabide batzuk kendu dira orain eta beste batzuengatik aldatu.
Proiektuak ariketa fisikoa egiteko orientazioak ematen ditu adinaren arabera. Hala, argibideak daude 17 urte bitarteko haur eta nerabeendako; 18 eta 49 urte bitartekoendako; 50 eta 69 urte bitartekoendako eta 70 urtetik gorakoendako. Tarte bakoitzean pertsona bakoitzaren baldintza fisikoekin bat datozen jarduerak proposatzen dira. Horretarako, maila neurtzeko testa egitea gomendatzen da, webgunean eskuragarri, zeinak lau galderaren bidez jarduera fisikoa hobetzeko proposamenak eta gomendioak ezartzen baititu, Osasunaren Munduko Erakundearen argibideei jarraiki. Proposamen horiek barne hartzen dituzte etxean, parkeetan eta hiri gimnasioetan egiteko jarduerak, bai eta lanera eta ikastetxera bidean egitekoak ere.
Berritasun gisa, minutosatucontador.pamplona.es webgunean orain beste test bat dago, kontraindikazioei buruzkoa. Bertan, sei galdera soilen bidez, sistemak interesdunek kirola egiteko orduan dituzten mugak ezagutzeko medikuntzako profesional batengana jo beharko luketen detektatzen du.
Testa egindakoan, eguneratutako webguneak herritar guztiei irekitako 300 baliabide baino gehiago ditu, eta adinaren arabera hautatu eta taldekatzen ditu. Baliabideen artean kirol elementu eta instalazio publikoez gain, webguneak, YouTubeko kanalak, mugikorreko aplikazioak, bideojoko aktiboak, gidak, eskuliburuak eta informazio zientifikoa ere badaude, besteak beste. Pertsona bakoitzak banaka erabil ditzake baliabide, baina osasunaren, ariketa fisikoaren eta Gorputz Hezkuntzaren profesionalendako ere eskuragarri daude, kirol jarduerak sustatu edo programatzeko, gainbegiratze-maila ezberdinekin. Halaber, tresna hori “Citius, Longaevus, Fortius” udal-programan ere erabiltzen da, ariketa fisikoa eta kirola helburu terapeutikoekin preskribitzen duen Udalaren ekimen bat.
Modu autonomoan kirola egiteko proiektu horrek hainbat abantaila ditu, hala nola ordutegi zabalak, erabiltzaileak duen denboraren araberakoak besterik ez, eta kirola askotariko lekuetan egin daitekeela, ohiko tokietatik haratago baitoa. Gainera, ‘Minutuak zure kontagailurako’ programak aukera ematen du ariketa fisikoa bakarrik, ezusteko konpainian edo ingurune birtualetan egiteko, hala, ez da beharrezko kanpoko inork gainbegiratzea ezta kirol jarduerak antolatzen dituen entitate baten kide izatea ere.
App eta bideojoko onenen ranking-a
Ariketa fisiko tradizionala osatzeaz gain, ‘Minutuak zure kontagailurako’ proiektuak kalitate, osasun eta segurtasun irizpideak ardatz hartuta, ariketa fisikoa egitea sustatu dezaketen teknologia birtualetan oinarritutako baliabideak iragaztea du xede. Zentzu horretan, proiektuak 2023an duen beste berritasunetako bat herritarren artean ohikoenak diren mugikorrerako aplikazioen eta bideojoko aktiboen balorazioan oinarritutako bi ranking dira. Administrazio publiko batek egindako apustu berritzailea da, eta 100 puntura arte ebaluatzen ditu aplikazio horien onurak, batez ere irizpide profesionalen arabera, baina baita alderdi hauek ere kontuan hartuta: internauten balorazioak, eskuragarri dauden edukiak, jardueren eguneratzea eta zein hizkuntzatan eskuragarri dagoen. Finean, irizpide objektiboekin egindako bi ranking dira herritarrei zerbitzu publikoa emateko.
Zerrenda hori webguneko “Exer-rank” atalean kontsulta daiteke. Bertan ariketa fisikoa egiteko mugikorrerako 150 aplikazio eta 60 bideojoko aktibo edo exer-game inguru aztertzen dira. Hainbat aplikazio ebaluatu dira, besteak beste, etxean egiteko fitness appak, gimnasioko makinak erabiltzeko aplikazioak, lasterketak prestatzekoak, paseo osasungarriak planifikatu eta kontrolatzekoak, entrenamendu pertsonalekoak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonendako ariketa fisikoa preskribitzekoak. Bideojokoei dagokienez, hainbat kiroletako jokoak aztertu dira, hala nola boxeoa errealitate birtualeko betaurrekoekin, dantza modernoak, oreka, koordinazioa, jauziak eta lasterketa tokian eta CardioBoxa. Ranking horiek Espainiako administrazio publiko batean dauden mota horretako lehen baliabidea dira.
Webgunearekin batera, Iruñeko Udalak 2.250 flyer eta kartel ere argitaratu ditu, proiektuaren webgunera sartzea bultzatzeko QR kode baten bidez. Material horiek Udalaren kiroldegietan eta kirolguneetan, Civivox sarean, udal-liburutegietan, Osasun Zentroetan eta Auzo-unitateetan banatuko dira, besteak beste.