Miluzeko udal-mintegiak ikasle eta taldeei ateak ireki dizkie Iruñeko zuhaitz eta berdeguneetako mantentze-lanak erakusteko

Miluzeko udal-mintegiak ikasle eta taldeei ateak ireki dizkie Iruñeko zuhaitz eta berdeguneetako mantentze-lanak erakusteko
Iruñeko Udalak 30.000 metro karratuko gune bat du, eta bertan hainbat berotegi jarri ditu neguko eta udako landareak ekoizteko
Irudia
Irudia
Irudia

Miluzeko finkan mota guztietako landareak, zuhaixkak eta zuhaitzak landatu eta biltzen dira; izan ere, Iruñeko Udaleko Udal-mintegia da, eta hiriko parkeak, lorategiak eta berdeguneak landarez eta zuhaitzez hornitzen ditu. 30.000 metro karratuko gune bat da, eta herritarrei ateak ireki dizkie: berdeguneen mantentze-lanen inguruan interesa duten ikasle eta taldeendako bisitak antolatzen ari dira. 

Ikastetxeei zuzendutako ekimena da, eta bisitak hainbat mailatako ikasleei zuzenduta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino; gainera, Lanbide Heziketako ikasleek ere parte hartzen ahal dute, eta bereziki lorezaintzako eta ingurumenarekin lotutako graduendako aproposak dira bisitak. Elkarteek eta taldeek ere parte hartzen ahal dute bisitetan. Parte-hartzaileen arabera, alderdi teknikoak gehiago edo gutxiago landuko dira. Funtsean, jarduerak bi helburu nagusi ditu: berdeguneetan egiten diren mantentze-lanak ezagutzera ematea eta berdeguneen garrantziaz eta horiek errespetatzeko beharraz kontzientziatzea. Aitzitik, bisitariak Lanbide Heziketako ikasleak badira, zentroetan lantzen dituzten alderdi espezifikoak jorratuko dira bisitetan.

Bisita egiten den urteko sasoiaren arabera, hirian landatzen diren zuhaitzak eta zuhaixkak ikusten ahal dituzte bisitariek, baita mintegian ekoitzi eta parterretan landatzen diren sasoiko loreak ere. Halaber, bisitariek bertatik bertara ikusten ahal dituzte mintegiko labore-prozesuak eta mantentze-lanetan sortzen diren hondakinen kudeaketa jasangarria. Horretarako, hondakin horien konpostatze-prozesua egiten da, eta prozesu horren bitartez, hiriko berdeguneetan erabiltzen den konposta lortzen da.

Udal-mintegiko langileek azalduko dituzte lanen nondik norakoak, eta sor daitezkeen kontsultei erantzuna emanen diete. Bisitari amaiera emateko, parte-hartzaileek opari txiki bat jasoko dute: etxean landatzeko landare txiki bat.

Urteko lehenengo hilabeteetan ikastetxe eta elkarteen bost bisita jaso dituzte. Zentro eta talde interesdunek Iruñeko Udaleko Hiri Kontserbazioko Alorraren bidez (948420353) edo 010 herritarrendako arreta-telefonora deituta egiten ahalko dute Miluzeko Udal-mintegia bisitatzeko eskaera. 

Udal-mintegia
Miluzeko Udal-mintegia Nafarroako Gobernuak lagatako finka batean dago, hilerriko errepide zaharrean; aipatu moduan, Udal-mintegiak 30.000 metro karratu ditu. Finkak gune hauek barne hartzen ditu: udan eta neguan landareak ekoitzi eta biltzeko berotegiak, zuhaitzen mintegi-gunea, agregakinak eta lurra biltzeko gunea eta landare- eta konpost-hondakinak biltzeko gunea. Gainera, makinen eta materialen biltegiak eta aldagelak daude.

Gaur egun, Berdeguneen Zerbitzuko sei langilek egiten dute lan Udal-mintegian.

¿Te ha sido útil esta página?