Iruñeko Milagrosa auzoa Civivox sareak antolatutako jardueren protagonista izanen da irailaren lehen astean. Irailaren 5etik (astelehena) 9ra (ostirala) hainbat sormen-lantegi antolatu dira, eta larunbatean, irailaren 10ean, jai-eguna izanen da pilota, moda-desfile, musika, dantza eta haurrendako jolasekin. Selfie-lehiaketa bat ere eginen da. Milagrosako Civivoxak programa parte-hartzaile eta ludiko bat proposatu du auzoko hainbat talde eta entitaterekin batera, udazkena baino lehen auzotarrekin elkartzeko.
Sormen-lantegi horietatik hiru ‘Auzoa margotzen’ ekimenaren barnean eginen dira, irailaren 5ean, 6an eta 9an, 11:00etan, hiri-altzariei kolorea emateko xedez. Asmoa da, sinbolikoki bada ere, hiru banku esertzeko toki baino zerbait gehiago bilakatzea, eta herritarrak horiek beste modu batera erabiltzera gonbidatzea. Irailaren 5ean (astelehena), ‘adiskidetasunaren bankua’ margotuko da eta plaka txiki bat jarriko da bertan. Marisa Cuevas artistak gidatuko du ANASAPSekin batera antolatutako jarduera hori.
Irailaren 6an (asteartea), ‘hitz ederren bankua’ eginen da Nafarroako Down Sindromearen Elkartearekin elkarlanean, asertibitatez komunikatzen ikasteko. Azkenik, irailaren 9an (ostirala), Hegoalde Ikastolarekin lankidetzan ‘euskararen eserlekua’ apainduko da, bertan esertzen direnak hizkuntza horretan mintza daitezen. ‘Auzoa margotzen’ izeneko hiru lantegi horiek abiatzeko topalekua Milagrosako Civivoxa izanen da.
Irailaren 7rako (asteazkena), Milagrosako Civivoxean collage parte-hartzailea egiteko lantegi bat antolatu da, 17:00etan. Auzoaren aspaldiko irudiak eta duela gutxikoak uztartuko dira Milagrosa zer izatea nahi den eta zer den erakutsiko duen lan bat sortzeko. Río Irati elkartearekin batera eginen da eta jende orori zuzendutako jarduera da. Lau lantegi horietan parte hartu ahal izateko aldez aurretik izena eman behar da 010 telefonora deituz, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean.
Selfie-lehiaketa
Zikloko bitxikerietako bat selfie-lehiaketa da; ‘Te quiero mil –Arrosadia Bihotzean’ izenpean, auzotarrei gogokoen duten auzoko txokoan autoargazkia egiteko eskatu zaie, Milagrosako aire libreko kokapen fotogenikoenak identifikatzeko. Lehiaketan parte hartzeko jpg formatuko 5 selfie bidal daitezke irailaren 3ra bitarte, mezuaren gaian ‘SELFIE-LEHIAKETA’ adierazita, honako helbide honetara: civivoxmilagrosa@sedena.es Horrez gain, izen-abizenak, kokapenaren deskribapen laburra (ahal izanez gero GPS koordenatuak ere bai), telefono zenbakia, jaiotze-data eta NAN zenbakia ere adierazi beharko dira.
Selfieak egiteko edozein motatako gailua erabiltzen ahalko izanen da, nahi den eran, eta filtroak ere erabiltzen ahalko dira. Hiru sari emanen dira, erosketa-txarteletan: lehena 100 eurokoa eta beste biak 50 eurokoak. Lehiaketaren epaimahaia Civivox sarearekin elkarlanean aritzen diren argazkilari profesionalek osatuko dute. Sariak irailaren 10ean banatuko dira Milagrosako Civivoxeko patioan.
Irailaren 10ean (larunbata), jai-eguna
Irailaren 10ean (larunbata), aste osoko ‘Milagrosa eskuz esku’ egitarauari amaiera emateko egun osoko jai-egitarau trinkoa antolatu da auzoan. Kirola, dantzak, haurrendako jolasak, musika, bisita gidatu bat eta jantzi-desfile batek osatuko dute goiz eta arratsaldeko egitaraua. 10:00etan, Oberena kirol eta kultur elkartearekin elkarlanean, gazte taldeen arteko pilota txapelketa laburra eta frontballeko txapelketa laburra jokatuko dira Hegoalde Ikastolako pilotalekuan.
12:00etan, Javier Mangadoren eskutik, bisita gidatu bat eginen da auzoan barna, eta Milagrosako bitxikeria eta pasadizoen berri emanen da bertan. Izen-ematea doan da eta 010 telefonoan eta Civivox sarean bertan egin daiteke, eta baita helbide honetan ere: www.pamplonaescultura.es 13:00etan, dantzarako ordua izanen da; Pamplona Swing elkartearekin dantza egin ahal izanen da Felisa Munárriz plazan eta hiriko beste plaza eta kale batzuetan.
Arratsaldean, berriz, Milagrosako Civivoxeko patioan bateratuko dira jarduerak. 17:00etan, haurrendako jolasak antolatu dira, Integración sin Fronteras elkarteak dinamizatuta, 4tik 12 urtera arteko haurrentzat, heldu batek lagunduta. 19:30ean, moda-desfile bat prestatu da Madre Coraje elkartearekin elkarlanean. 20:15ean, eguneko azken jarduerari ekinen zaio, Rawan Dialloren zuzeneko kontzertuarekin.