Milagrosako auzo-unitateak Irati Errekaren kalean duen egoitza berriro irekiko du otsailaren 17an, sei hilabetez eraberritzen aritu eta 357.000 euroko inbertsioa eginda

Milagrosako auzo-unitateak Irati Errekaren kalean duen egoitza berriro irekiko du otsailaren 17an, sei hilabetez eraberritzen aritu eta 357.000 euroko inbertsioa eginda
Hirigintza Gerentziak bisita egin du auzo-unitatera, sarbide berria eta barneko espazioen birbanaketa estreinatuko baititu
unidad barrio milagrosa

Sei hilabetez obretan egon ondoren, Milagrosako auzo-unitateak Irati Errekaren kaleko 9. zenbakiko instalazioak irekiko ditu berriro heldu den astelehenean, otsailaren 17an. Hirigintza Gerentziak eta  Batzordeak birmoldatutako egoitzara bisita egin dute gaur goizean, barne aldean birmoldatutako espazioak eta sarbide berria ikustera.  Inbertsioa 357.750,99 euro izan da. Lanak egin bitartean, auzo-unitateak José Vila eskola zaharrean artatu ditu herritarrak.  
 

Barneko egokitzapenen xedea izan da bertan lan egiten duten udal-langileen eta arreta jasotzen duten erabiltzaileen baldintzak hobetzea, eta horiekin batera, berokuntza instalazioak eta energia kontsumoa hobetzea.  Espazioen egokitasun funtzionala bilatu da, banaketa berria egin da, fatxadan esku-hartze arin batzuk egin dira barneko birbanaketari doituz leiho berriak irekitzeko, eta sarbide zuzena ireki da Irati Errekaren kalera.  Eraikinak sotoa, beheko solairua eta beste lau solairu ditu, nahiz eta jarduketak beheko solairura mugatu diren, bertan baitago Milagrosako auzo-unitatea.
 

Orain auzo-unitateak hura  dagoen eraikin nagusiko fatxadatik izanen du sarbidea (Irati Errekaren kaleko 9tik) eta ez patioko fatxadatik, orain arte bezala. Arrapala txiki bat dago espaloitik lokalaren barnera dagoen koska gainditzeko. Hortik harrera-administrazio gunera sartzen da, ate lerragarri bikoitz automatikoa duen atartea zeharkatuta. Bertatik bertara, jendeak erabiltzeko bi komun jarri dira.  Komun egokitua bilera-aretoaren ondoan dago. 
 

Behin auzo-unitatearen barruan, 13 metro koadro inguru hartzen dituen zabalera bereko eta antzeko azalerako 8 bulego dituen multzo bat atondu da. Korridorean aurrera joanda erdiko gunera iristen da; bilera-aretoa, komun egokitua eta beste komun bat daude bertan. Aurrera jarraituz gero, lehengoen antzeko beste 4 bulego eta ebakuazio-irteeraren korridorea aurkituko ditugu; azken horretan jarri dira armairua, berokuntza-instalazioa eta airea berriztatzeko makineria.
 

Eraberritzean, eraikinaren barneko aldea eraitsi eta hustu da; kanpoaldeko zuraje-lanak (pertsianak eta orriak), trenkada-multzoa, barnealdeko zuraje-lanak eta sabai aizunak kendu dira; eta berokuntza sarea (banaketa-sarea eta erradiadoreak) eta instalazio elektrikoa desmuntatu dira.  Arotzeria berria aluminiozkoa da. Lehengo berogailua kobrezko bi tutu dituen instalazio batez ordezkatu da, areto eta bulegoen banaketa berrira moldatu eta altzairuzko erradiadore berriak jarri dira.
 

5.700 hitzordu baino gehiago, %25 murriztuko direnak Lezkairuko auzo-unitateari esker
 

Milagrosako auzo-unitatea urtean zehar arta gehien egiten dituenetako bat da, eta ondorioz, zerbitzua saturatu egiten da eta itxaron-denborak luzatu. Joan den urtean 5.726 hitzordu eman zituen bertan eskaintzen diren lehen mailako arretako 4 programetan. Harrera eta gizarte-orientazioko programak 3.105 hitzordu sortu zituen, norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzeko programak 729, gizarteratzeko programak 1.170, eta haurrei eta familiei laguntzeko programak 772 hitzordu.
 

Lezkairuko auzo-unitate berria zabaltzearekin, martxoaren 2an, egungo egoera arindu eginen da. Lezkairuko auzo-unitate berri hori José Vila eskola zaharrean egonen da, Milagrosako auzo-unitateak bere ohiko egoitzako eraberritze lanak egin bitartean behin-behinean erabili dituen lokaletan. Lezkairuko auzo-unitateak Santa María La Realeko auzotarrak ere artatuko ditu. Guztira, Gizarte Zerbitzuetako Alorrak eginiko espedienteen berrikuspenaren arabera, Milagrosako auzo-unitateak izapidetutako 5.726 hitzorduetatik ia laurdena, %24,69, Lezkairuko auzo-unitate berrian kudeatuko dira. Horrela, herritarrei bizkorrago eginen zaie arreta eta lehen mailako arretako zerbitzuen erabiltzaileei azkarrago erantzunen zaie.

¿Te ha sido útil esta página?