Fisika eta kimika maleta batean sartzea posible da. Haien zati bat behintzat. Asmo horrekin, Iruñeko Udalak Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Museoarekin lankidetzan, sei urte daramatza Maleta Periodikoa programa antolatzen. Ekimenak xede du ikastetxeetan fisika eta kimika modu praktikoan irakastea, jasotzen dituzten eskola teorikoak errealitate bihurtzen dituzten esperimentuen eta erreakzioen bidez. Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako mila ikaslek baino gehiago parte hartuko dute Maleta Periodikoan. 11 ikastetxe publiko eta itundutako 34 talde batu dira ekimenera irailetik ekainera bitarte.
Metodo zientifikoaren bidez, programak Lehen Hezkuntzako ikasleei zientzia era dibertigarri eta esperimentalean hurbiltzea du xede. Maleta Periodikoa ikasgeletan barna doa probetaz eta elementu kimikoez beteta, mota guztietako esperimentuak egiteko. Honako hauek ezagutarazi nahi dizkiete ikasleei: etxeko airbaga, fenoftaleinaren mezu sekretuak, hatz-marken errebelatua eta izotz beroa sortzea; proposamen horiek materiaren egoera desberdinak, hainbat elementu nahastean sortzen diren erreakzio kimikoak, aldaketa fisikoak, deskonposizioa edo errekuntza, besteak beste. Horrekin guztiarekin, Maleta Periodikoak xede du Lehen Hezkuntzako ikasleei kimika inguratzen gaituzten gauza guztietan dagoela erakustea.
Jarduera Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko ikasleek ematen dute, batez ere, Kimikako eta Biokimikako graduetakoek. Ikasle horiek guztiek jarduera eman ahal izateko aldez aurretik prestakuntza jaso dute Zientzien Museoan. Jarduera eskola baten ordutegiarekin bat dator. Hasteko materiaren eta energiaren egoeren aldaketei buruzko azalpen txiki bat ematen zaie, parte-hartzea sustatuz eta ikaskuntzan elkarrizketa-ikuspegia bilatuz. Hainbat kontzeptu lantzen dira, besteak beste: materiaren aldaketa fisiko eta kimikoen arteko aldea, erreakzio exotermikoak eta endotermikoak, disolbagarritasuna eta soluzio motak, errekuntza-prozesua eta oxidazio erreakzioak.
Esperimentuak funtsezkoak dira prozesu guztian eta, horiei esker, ikasleek gertatutako aldaketak bertatik bertara ikusteko eta eraldaketaren parte izateko aukera dute. Jarduerak modu praktikoan eta lehen pertsonan egitea lagungarria da ulermenerako, kontzeptuak bere egiteko eta planteatutako aldaketak barneratzeko.
Ikastaro bakoitzerako izen-emateak
Iruñeko Udalak programa hori doan eskaintzen die hiriko ikastetxeei, hala publikoei nola itunduei. Interesa dutenek ekainetik irailera bitarte eman behar dute izena Udalaren Pedagogia Unitatearen bitartez (educacionpamplona@pamplona.es). Izena emateko unean, ikastetxeak jarduera zein mailatan eman nahi duen, talde kopurua eta ikasle kopurua adierazi beharko ditu. Gainera, jarduera zein hizkuntzatan eginen den aukeratzen ahal dute (euskaraz edo gaztelaniaz).
Ikasturte honetan 11 ikastetxek eta guztira 34 taldek parte hartu dute. Oso positiboa da irakasleek eta ikasleek jarduera horrekiko duten interesa eta harrera; izan ere, egiten dituzten esperimentuak oso praktikoak eta bisualak dira, eta, horri esker, haurrek kimika lorgarria eta hautemangarria dela ikusten dute.
Informazioa guztia udal-webgunean kontsultatzen ahal da.