Mihiluze udal-programa berria, 3 eta 11 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendua, Ziudadelan izanen da berriz ere abuztuan, proposamen bikoitzarekin

Mihiluze udal-programa berria, 3 eta 11 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendua, Ziudadelan izanen da berriz ere abuztuan, proposamen bikoitzarekin
Lantegiak izanen dira 3 eta 6 urte bitarteko haurrendako –heldu batek lagunduta–, eta jolas kooperatiboak, 7 eta 11 urte bitartekoendako, Aliziaren burutazio miresgarriak jardueran

 

 

Iruñeko Udalak antolatutako Mihiluze euskarazko programa berria Ziudadelan izanen da berriz ere abuztuan, 3 eta 11 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako proposamen bikoitzarekin. Alde batetik, Arma aretoaren ondoko lorategietan, jarraipena emanen zaie familiendako lantegiei, zeinak 3 eta 6 urte bitarteko haurrendako pentsatuta dauden –heldu batek lagunduta–. Bestalde, Arma aretoan beste jarduera bat antolatu da hilabete honetarako, Aliziaren burutazio miresgarriak izenekoa: jolas kooperatiboa oinarri duten saioetan, 7 eta 11 urte bitarteko gazteek parte hartzen ahalko dute.

Mihiluze programaren abuztuko saioak hilaren 10ean, 11n, 12an, 17an, 18an eta 20an eginen dira, goizez, 11:00etatik 12:30era bitarte. Dagoeneko zabalik dago epea izena emateko, 010 edo 948 420 100 telefono-zenbakietara deituta. Saio bakoitza 3 euro da, eta leku-kopurua mugatua da.

Izen-emateak eguneko, tokiak bete arte

Izena egun bakoitzerako eman behar da, eta epea jardueraren bezpera arte edo tokiak bete arte egonen da zabalik. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina egunetan eman dezake izena. Haurrendako lantegien kasuan, bi helduk eman dezakete izena haur bakoitzeko, edo heldu bakarrak haur bakarrarekin edo gehiagorekin.

Uztailean, 100 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten zikloaren jardueretan. Ekimen honen bitartez, Iruñeko Udalak xedea du uda honetan zehar euskaraz jolastu eta gozatzeko aukera ematea.

Zenbait proposamen: jolas kooperatiboak, abestiak, umorea eta hitz-jolasak

Familiendako lantegiek gurasoak eta haurrak euskaraz jolasteko baliabideak eta jarduerak proposatzen dituzte, hala nola jolasak, ipuinak, asmakizunak eta abestiak. Saio bakoitzeko, 25 toki daude.

Aliziaren burutazio miresgarriak, ordea, proposamen ludiko bat da, eta Lewis Carrollek Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian liburuan planteatzen dituen umore bitxia, hitz-jokoak, abentura eta fantasia konbinatu eta gorpuzten ditu Arma aretoaren hainbat txokotan. Jarduerak, zehazki, umore linguistikoa eta gizartean ezarritako arauen gaineko hausnarketa lantzen ditu.

¿Te ha sido útil esta página?