Miguel Ángel Beltránek irabazi du sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketa, uztailaren 13an, larunbatean, jaurti zen Ziudadela sugarretan bildumaz

Miguel Ángel Beltránek irabazi du sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketa, uztailaren 13an, larunbatean, jaurti zen Ziudadela sugarretan bildumaz
Bigarren saria Leopoldo Ferrándezek eskuratu du, uztailaren 9ko bildumari esker, eta, hirugarrena, Manuel Osunak, 11ko bildumaz

Miguel Ángel Beltrán Sevillak, Pirotecnia Vulcanoko diseinatzaileak, irabazi du sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko XX. Lehiaketa. Berak diseinatutako Ziudadela sugarretan uztailaren 13an jaurti zen, eta epaimahaiak horri eman dio Urrezko San Fermina eta 5.000 euro, hori baita lehiaketaren lehenengo saria. Bigarren saria Leopoldo Ferrández Peñalverrek eraman du uztailaren 9an jaurti zuen Gau magikoa Ziudadelan bildumari esker, eta, hirugarrena, Manuel Osuna Olivak, uztailaren 11ko Zoloriscos bildumaz.

Sanfermin hauetan lehiaketa hogeigarren ediziora iritsi da, baina hiru urtetik hona erantsi zaio lehiaketari “egile” aurrehitza, horrela aintzatesteko bilduma piroteknikoak sortu ez ezik denborak, erritmoak eta jaurtiketen zein su artifizialen motak ere ezartzen dituztenek egiten duten lana suak sanferminetan jaurti aurretik.  Hori horrela, epaimahaiak aintzatetsi nahi izan du Iruñeko Udalak bildumen diseinatzaileak saritzeko egiten duen apustua. Izan ere, su artifizialen kalitate materiala baloratzeaz gain, zeruan artelan iragankorra islatu duen ikusizko artistaren lana gailendu nahi da. 

Epaimahaiaren aktaren arabera, Miguel Ángel Beltrán Sevillak “pirodigital zuri-gorriko lehen proba nahitaezkoan aurkeztu zuen sorkuntza erritmikorik onena, non ia musikala zen sekuentzia antzemangarria sortu baitzen, estetika oso ikusgarria ere zuelarik”. Gainera, “gainerako jaurtiketetan egokiro erabili zituen askotariko baliabide estetikoak, ikuskizun harmonikoa osatuta, koherentzia erabatekoa emanez narrazioari”. Epaimahaiak nabarmendu du “atalek eszenografia harmoniko bera zutela, izaera berezi markatukoa, eta horrela, bilduma osoan zehar hari nagusi bati jarraitzen zioten, lurreko oin digitalizatu anitzen irudimenezko erabilerari esker”. Azkenik “jaurtiketaren itxitura hermetiko bikain-bikaina” aipatu da, “horrek maisuki biribildu baitzuen amaiera apoteosiko indartsua, lurreko sute koloretsuak txertatu zituena, ohi ez bezala”.

Miguel Ángel Beltrán valentziarra da, eta Madrileko Vulcano su-etxeak plantillan dituen bi diseinatzaileetako bat; Kiryl Lazarov Kiryakov da bestea. Su-etxeko kudeatzaileak, José Luis Giménez Clementek, tokia utzi zion (berez, bera zegoen gonbidatuta aurten Iruñera), bere konpainiako sortzaileak ezagutzera emateko keinu bat egin nahian, Iruñeko lehiaketaren filosofia berri horrek hartaratuta. Beltránek ederki ezagutzen du Iruña; izan ere, hemen izan da lehiaketaren hogei urte hauetan Vulcano etorri zaigun zortzi aldietako gehienetan. Vulcano su-etxeak sanferminetako su artifizialen lehiaketa irabazi zuen 2010ean, 2013an eta 2016an.

Zilarrezko eta Brontzezko San Fermin
Bigarren postuan geratu da Leopoldo Ferrández Peñalvera, uztailaren 9an (asteartea) Murtziako Fuegos Artificiales Hermanos Ferrández su-etxearen eskutik jaurtitako Gau magikoa Ziudadelan bildumaz. Zilarrezko San Fermina eta 3.000 euro jaso ditu saritan. Epaimahaiak azpimarratu egin du “sekulako lana” egin duela “digitalizatutako baliabidez jositako bilduma indartsuan, non amaierako apoteosi luze-luzea azpimarratu baita, ustez urrezko amaiera ona zenaren ostekoa”. Brontzezko San Fermina eta 2.000 euro, hots, hirugarren saria, Manuel Osuna Olivak eraman du, Zoloriscos bildumaz, zeina uztailaren 11n (osteguna) jaurti baitzen, Pirotecnia García su-etxe katalanaren eskutik. Bilduma horren inguruan azpimarratu da “teknikoki oso ongi gauzatu zela harresiaren gaineko askotariko su zaharra, bikain uztartuta aireko suez”.

2019ko sanferminetako Egile-Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren hogeigarren edizioan epaimahaiburu aritu da María García-Barberena Unzu Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria. Hauek izan dira epaimahaikideak: Jorge Urdánoz Apezteguía, Kultura eta Berdintasuneko zuzendaria; Fernando Martinez Sotillos, Gobernuko Ordezkaritzaren Industriako zuzendari ohia Valentziako Komunitatean, eta piroteknian aditua; Julio Martínez Torres, Diario de Navarra egunkariko zuzendari ohia; Lucinda Poole, kazetaria eta su artifizialen lehen kritikari-kazetaria; eta Mikel Pagola Erviti, lehiaketaren zuzendari artistikoa eta piroteknian aditua. Epaimahaiko idazkaria izan da José Luis Mosquera Sande Kultura eta Berdintasuneko Alorreko teknikaria.

¿Te ha sido útil esta página?