Kondestable Civivoxean eginen da ostegunean, 18:30etik aurrera eta sarrera librearekin (leku guztiak bete arte), Udaleko gizarte-etxeetako sareko ‘Maker Guneetan’ egindako proiektuetako baten inaugurazioa. ‘Mi Pamplona favorita’ da, hiriko hainbat tokitan filmatutako ikus-entzunezko bideo-erreportaje bat, eta bertan parte hartu du ‘D-Espacio’ desgaitasun intelektualaren inguruko elkarteko ikasle-talde batek. Lan horretan teknikari zein protagonista dira, eta hiriko leku gogokoenei buruzko beren ikuspegi pertsonala ematen dute. ‘Maker Guneak’ Civivox zentroetako lan arloak dira, zeinetan hainbat gairi buruzko ikasketak ematen baitira, hala nola, informatika, 3D inprimaketak, musika-edizioa eta ezaugarri eta gai ezberdinetako bideoen ekoizpena.
‘Mi Pamplona favorita’ ekoizpenak Civivoxetako ‘Maker Guneek’ hautatutako parte hartzeko proiektu guztiei ematen dieten laguntza eta azpiegitura izan ditu eskura, betiere teknikari espezializatuen bitartekaritzaren bidez. Pertsona horri esker, kasu horretan Isabel Sáez teknikaria, parte hartzaileei prozesuan zehar laguntzen zaie eta proiektu bakoitza garatzeko berariazko zereginak egiteko jarraibideak ematen zaizkie, eta kasu honetan gidoia, filmaketa, edizioa edo ekoizpena barne hartzen zituen. Halaber, oraingoan ‘D-Espacio’ elkarteko kideek prestakuntza eta protagonista izateko dituzten trebetasunak uztartu dituzte, izan ere, beraiek jarri dira kameren aurrean Iruñeari buruz dituzten ikuspuntu eta iritziak kontatzeko. ‘D-Espacio’ desgaitasun intelektuala duten pertsonek eta beren senideek osatutako entitate bat da eta erreferentziako talde bat osatzea dute xede, bakoitza partekatuz hazi dadin.
Hiru Maker Gune eta bideo, audio eta 3D inprimaketei buruzko ezagutzak lortzeko hiru modu
Civivox Sareak hiru Maker Gune ditu musika, bideo eta 3D diseinuen inguruan sortu, eraiki eta ikasteko. Horietako bakoitzak, aldi berean, hiru ikaskuntza mota eskaintzen ditu, honako formatu hauetan: ikastaroak, ikasgela irekia eta parte hartzeko proiektuak, urteko deialdien bidez. Komunitatea sortzeko xedez, ikasgela irekiek hilero proposamen bat eramaten dute ikastetxe bakoitzera, eta izen-ematea doan da.
Juslarrocha Civivoxean musika-sormeneko Maker Gunea dago, eta bertan musika-edukien ezagutza eta sorkuntza sustatzea da helburua, jarraibide instrumental eta narratiboekin, klipekin, filmekin edo film laburrekin lotutako gaien inguruan. Gune horretan ekipamendua dago (hainbat entzunezko-material, mahai digitala, gitarra, bateria, mikrofonoak, ordenagailuak eta teklatua), grabazioak, edizioak eta masterizazioak egiteko eta hainbat ekoizpen sortzeko aukera ematen dutenak.
Milagrosako Civivoxean Ikus-entzunezko Maker Gunea dago, bideoak sortzeko prozesu guztia barne hartzen duena: aurre-produkzioa, grabaketa, edizioa, muntaia eta postprodukzioa. Gune horretan parte-hartzaileek ikasi, elkarlanean aritu eta parte hartzeko aukera dute, motibazio eta jakin-min berak dituzten pertsonak ezagutuz.
Azkenik, Mendillorriko Civivoxean Elektronika eta 3D Inprimaketako Maker Gunea dago, zeinak aukera ematen baitu Raspberry eta Arduino aplikazio praktiko eta informatikoekin sortu, ikasi eta programatzeko, bai eta 3D inprimagailuekin objektuak diseinatzeko, praktikatzeko, sortzeko eta eraikitzeko ere. Zuzkidura horrek hardware libreko kitak, elektronika, 3D inprimagailuak, ordenagailuak eta elektronika eta informatika fabrikatzeko eta prototipoak egiteko beharrezkoak diren beste elementu batzuk ditu.
Zabalik dago parte hartzeko proiektuen proposamenak helarazteko deialdia
Abuztuaren 30era bitarte zabalik egonen da Maker sormen-proiektuen proposamenak egiteko deialdia Civivox Sareko hiru zentroetako edozeinetan. Sormen-proiektu bat egin nahi duen edozein pertsona edo entitatek egin dezake, tutore bat, baliabide material, espazio eta diru-zuzkidura batekin. Informatikaren, elektronikaren, ikus-entzunezkoaren eta musikaren arloekin lotutako proposamen berritzaileak izan behar dute. Behin aurkeztuta, honako irizpide hauen arabera baloratuko dira: Civivox Sareko espazioek ematen dituzten aukerak, sormena eta esperimentazioa, eskuragarri dauden baliabideak eta gauzatzeko bideragarritasuna. Deialdi hauetan parte hartzeko betekizun bakarra berritzailea izatea, ezagutza partekatzea eta komunitatea aberastuko duen proiektu bat proposatzea da. Oinarri zehatzak eta proiektuen aurkezpena www.maker.redcivivox.es webgunean edo maker@redcivivox.es helbide elektronikoaren bidez egin behar dira. Hautatutako proiektuak urriaren 1etik aurrera eginen dira.