Metrokoadroka kolektiboak emanen dio hasiera ‘Antzerki Aroa’ zikloari Nafarroako Antzerki Eskolan: abusu eta tratu txarreko egoerak gainditzeari buruzko antzezlan bat taularatuko du

Metrokoadroka kolektiboak emanen dio hasiera ‘Antzerki Aroa’ zikloari Nafarroako Antzerki Eskolan: abusu eta tratu txarreko egoerak gainditzeari buruzko antzezlan bat taularatuko du
Sarrerak 8 euroan daude salgai webgunean, baita NAEko txarteldegian ere, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik
Antzerki Aroa

 

Metrokoadroka kolektiboak emanen dio hasiera 2026ko Antzerki Aroa zikloari: asteazkenean, 19:00etan, Bi baso bat ur antzezlana taularatuko du Nafarroako Antzerki Eskolan. Zikloa urtero antolatzen du Iruñeko Udalak, euskarazko konpainia profesionalen ekoizpenak sustatzeko xedez. Aurtengo edizioan, aste honetako proposamenaz gain, azaroaren 4ra bitarteko asteazken guztietan beste lau antzezlan taularatuko dira San Agustin kaleko agertokian. Sarrerak dagoeneko 8 euroan daude salgai webgunean, eta txarteldegian bertan ere erosten ahalko dira antzezlana hasi baino ordubete lehenagotik. Euskara ikasten dutenek 5 euroko prezio berezia dute; horrez gain, 25 euroko abonu bat eskuratzeko aukera dago. 

Bi baso bat ur
Bi baso bat ur antzezlanak dantza-pista baten erdian geldirik dauden lau pertsona aurkezten ditu, bakoitzak baso bat ur eusten duelarik. Eszena hori abiapuntu hartuta, antzezlanak alaitasunaren izaera soziala islatu nahi du. Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, Miren Azkaratek eta Oier Guillanek sortu dute testua, eta Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias dira protagonistak. Egoera traumatikoak bizi eta gero alaitasun horrek duen garrantzia azpimarratzen du antzezlanak; izan ere, umorearekin batera, funtsezko tresna da atsekabea gainditu eta berriz ere ahalduntzeko. 

Metokoadroka kolektiboa Oiartzunen sortu zen 2008an. Hainbat diziplina artistikotako kidez dago osatuta, eta artistendako plataforma eta sorkuntzarako topagune izatea du xede. Taldearen jardunaren barruan, 2014an, Ehuntze proiektua jarri zen martxan: proiektu artistiko garaikideak babestu eta hedatzeko xedez sortu zen, eta lehentasuna ematen dio esperimentazioari, askotariko diziplinek bat egiteari eta kultur ikuspegi kritikoa garatzeari.


2026KO ANTZERKI AROA. NAFARROAKO ANTZERKI ESKOLA. 19:00

  • Sarrerak txarteldegian (San Agustin kalea 3) eta www.laescueladeteatro.com/eus webgunean

    • Sarrera orokorra: 8 euro

    • Euskaltegietan eta Hizkuntza Eskolan euskara ikasten dutenendako sarrerak: 5 euro

    • Abonua: 25 euro

  • Programazioa:

    • Urriak 7, asteazkena: BI BASO BAT UR (Metrokoadroka)

    • Urriak 14, asteazkena: ZANBUILA (Lolak kolektiboa)

    • Urriak 21, asteazkena: LAS REINAS KANPILA (La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura)

    • Urriak 28, asteazkena: RIKARDO III ETA NI (Horman Poster eta Dxusturi Teatroa)

    • Azaroak 4, asteazkena SIDARI (Xake Produkzioak)

¿Te ha sido útil esta página?