Bihar hasiko da joan den maiatzean martxan jarri zen ‘Iruñeko Merkatariak, plazara!’ kanpainaren laugarren edizioa, zeinaren bidez Iruñeko Udalak baimenak ematen baitizkie negozioei saltokien barruan saltzen dituzten salgaiak hilean bi egunez kalean erakusteko, arreta deitzeko modu gisa eta haien eskaintza hobe ikusarazteko. Kanpaina elkarlanean antolatu da merkatarien elkarteekin, eta urrira arte iraunen du.
Jeneroa atean jarrita, erosketa seguruaren alde egiten da, saltokien barruan bezero-pilaketak gutxitzeko, eta hiri osoan kale biziagoak babesten ditu, ekimena auzo guztietan eginen baita. Oro har, merkataritza-elkarteak dituzten auzoetan establezimendu gehiago egonen dira, hala nola Alde Zaharrean, Zabalgunean, Iturraman, Martin Azpilcueta Donibane Merkataritza-gunean, Ermitagañan eta Mendebaldean, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean eta Mendillorrin.
Parte hartuko duten saltokiek aurrez izena eman behar izan dute Udalak ezarritako epean, eta dagozkien udal-zerbitzuek araututako segurtasun-jarraibideak bete beharko dituzte. Oinezkoek gutxienez 2 metro zabal izanen dute espaloitik pasatzeko; ezinen da karparik, megafoniarik eta giro-soinurik instalatu, baina bai altzari arinak, hala nola esekitokiak, mahaitxoak eta erakustoki txikiak, merkataritza-jardunaldia amaitzean kendu beharko direnak. Halaber, ezinen dira bide publikoan erakutsi ezta saldu ere hotzean gorde behar diren elikagai freskoak.