Mendillorriko aintzirako ingurunea atari zabaleko erakusketa-areto bihurtu da gaur goizean. Bertan, auzoko bost ikastetxeetako ikasleek guztira hogei artelan iragankor instalatu dituzte Land Art (paisaia-artea) proiektuaren barruan, ikasleak eta bizilagunak oro har natura zaindu eta errespetatzearen garrantziaz kontzientziatzea bilatzen duen ekimena.
Goizeko bederatzietatik arratsaldeko ordu biak arte, El Lago HLHIP, Mendillorri HLHIP, Elorri IP, Mendigoiti IP eta Mendillorri BHIko ikastetxeetako 230 ikasle baino gehiago aritu dira elkarren ondoan lanean aintzirako ingurunea apaintzeko. Adarrak, harriak, hostoak... dira erabili diren elementuak haien sortze-lan, artelan horizontal eta bertikalak –irudiak eta mandalak ordezkatzen dituztenak– hezurmamitzeko. Gaurko jarduerak buru ematen dio ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako, DBH eta Batxilergoko hainbat taldetako ikasleekin garatu den zenbait astetako lanari, ikasketa esanguratsua sustatzeko, horri esker ikasleek hobeto ezagutzen baitute zein ingurutan bizi diren.
Sentsibilizazio-proiektua
Land Art Iruñeko Udalak Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorreko Ingurumen Hezkuntzako taldearen bidez egin zuen sentsibilizazio-proiektu zabalago baten ildo bat da. Auzoko ikastetxeetara zuzenduta dagoen proiektuak sustatu nahi zuen Mendillorriko aintzirako ingurunea erabiltzea hezkuntza-, ikerketa- eta esperimentazio-helburuekin. Sustatzaileek nahi zuten eskola-elkartea engaiatzea eta partaide izatea bizilagun guztiak sentsibilizatzeko esku-hartzeko neurriez bezainbatean.
Proiektua 2018ko udaberrian abiatu zen, eta parte hartzeko foro bat barne hartzen zuen, zeinetan ikasleek eremua biziberritu eta ingurunea hobetzeko hainbat neurri proposatu zizkieten Udaleko teknikariei. Udalak konpromisoa hartu zuen ikasleek lehenetsitako proposamenetako batzuk burutzeko. Hain zuzen, dagoeneko aintzirako ingurunean dauden zuhaitz eta zuhaixken inguruko seinaleak paratu ditu –ikasleek hala eskatuta–, eta ikasleei zuzendutako sentsibilizazio-ibilaldiak sortu dira. Zenbait ekimenen artean, hainbat irakasgaitako unitate didaktiko bat sortu da, besteak beste, kimika eta natur zientzietakoak, xede hartuta aintzira ikasteko aukera emanen digun atari zabaleko laborategi bihurtzea.
Ekimen horiekin guztiekin, asmoa da auzoko txikiak, helduak nahiz zaharrak engaiatzea aintziraren bizitzan, osasunean eta kontserbazioan, batez ere, 2016an garbitu ostean gertatu ziren ekintza bandalikoen ondoren. Ingurunearen narriadura ikusita, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Alorrak aintziraren hondoa eta ingurunea hustu eta garbitu eta landaredia birlandatu eta bertako flora sartu zuen. Alabaina, urtebete geroago, neurrigabeko zapaltzeak, birlandatutako landareak kentzeak eta gizalegearen kontrako zenbait ekintzek espazioa berriz ere soildurik utzi zuten. Horregatik, hobetzeko beste jarduketa bat egin behar zenez, ikasleak engaiatzearen alde egin zen, ingurunea babesteak duen garrantziaz kontzientziatzeko. Komunitatea aintzira berreskuratu eta mantentzeko engaiatzeko egin den apustuaren ondorio arrakastatsua da Land Art proiektu hau.