Datorren ostegunean eginen dute Mendillorriko auzo-eztabaidagunea, 18:30ean, auzoko Civivoxean: hor izanen dira Txema Mauleón Echeverría auzoko zinegotzia, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako zinegotzia eta udal-teknikariak. Saioa zuzenean ikusten ahalko da ‘Participa Pamplona’ Youtubeko kanalean.
Eztabaidagune nagusiaz gain, Haurrendako eztabaidagunea eta Gazteendako eztabaidagunea ere izanen dira: haurrena 18:00etatik 20:00etara izanen da, eta 3 eta 10 urte bitartekoendako da; gazteena, berriz, 18:00etatik 19:00etara eginen dute, eta 11 eta 17 urte bitarteko bizilagunek hartuko dute parte. Eztabaidagune nagusiaren hasieran aurkeztuko dituzte bi eztabaidagune horietatik auzoa hobetzeko ateratako proposamenak.
Gainera, zenbait udal-zerbitzu aurkeztuko dituzte: Plaza On Iruñeko Boluntarioen Sarea, Gaztediaren Etxea eta Bitartekaritza Bulegoa. Auzoko proiektu komunitarioak ere izanen dituzte hizpide, hala nola Agintzari elkartearen Gure Arteko proiektua.
Auzo-eztabaidaguneetan entzumen urritasuna dutenendako irisgarritasuna bermatzen da: horretarako, zeinu-hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dituzte. Hala, entzumen-urritasuna dutenek ere aukera dute eztabaidagunera joan eta modu aktiboan parte hartzeko. Entzumen-irisgarritasuna Eunate eta Asorna elkarteek bermatzen dute.
Eztabaidagunearen aitzakian, Hiri Markaren (Pamplona=bagara-Iruña=de verdad) eta beste zenbait udal-egitasmoren erakusketa jarri dute ikusgai aste honetan Mendillorriko Civivoxean. Halaber, atzo, asteartea, ibilaldi bat egin zuten auzoan barrena, Civivoxetik abiatuta: Kemendiren berri jakin zuten, auzoko energia-komunitatearen berri alegia, Antzara Zentro Komunitarioko kudeaketa-batzordearekin izan ziren, eta erretiratuen elkartean ere egin zuten geldialditxo bat.
Gaur amaituko dira eztabaidagunearen bueltan antolatutako jarduerak, eta antzerki-emanaldi bat eginen dute Mendillorriko Civivoxeko ekitaldi-aretoan, 19:30ean: La vida perdurable (Betiereko bizitza), Primera Fila y Centrado antzerki-taldeak antzeztua. Alfredo Sanzol egile nafarraren lehen obrak dira antzezlanaren ardatza, eta ibilbide bat eginen dute lan horietan barrena Óscar Orzaizen zuzendaritzapean.
Hurrengo auzo-eztabaidagunea Zabalguneetan izanen da, martxoaren 13an, eta hainbat jarduera eginen dituzte horren harira martxoaren 10etik 15era bitartean.
MENDILLORRIKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA
Otsailak 24 – martxoak 3:
Erakusketa ibiltaria. Iruña Marka eta udal-egitasmoak. Mendillorriko Civivoxean.
Otsailak 26, asteazkena:
Antzerkia: La vida perdurable (Betiereko bizitza), 19:30ean, Mendillorriko Civivoxean.
Otsailak 27, osteguna:
- Auzo-eztabaidagunea: 18:30ean. Mendillorriko Civivoxean (ekitaldi-aretoan).
- Haurrendako eztabaidagunea (3-10 urte) 18:00etatik 20:00etara, Mendillorriko Civivoxean (6. aretoan).
- Gazteendako eztabaidagunea (11 – 17 urte) 18:00etatik 19:00etara, Mendillorriko Civivoxean.
HURRENGO AUZO-EZTABAIDAGUNEA: ZABALGUNEAK
Martxoak 13, osteguna