Mendillorriko aintzirak ur-sistema artifizial horrek auzoari ematen dizkion ingurumen- eta kultura-balioen inguruko seinaleztapen informatiboa estreinatuko du

Mendillorriko aintzirak ur-sistema artifizial horrek auzoari ematen dizkion ingurumen- eta kultura-balioen inguruko seinaleztapen informatiboa estreinatuko du
Formatu handiko hiru interpretazio-geraleku eta tamaina txikiagoko bederatzi adierazlek osatzen dute herritarrei ibilaldi gidatu bat egiteko aukera ematen dien zirkuitua
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

13 milioi litro ur eta 6.462 metroko azalerarekin, Mendillorriko aintzira bestelako ekosistema naturaletatik isolaturik dagoen ur-ingurune artifiziala da, eta Iruñeko auzorik gazteenetako baten identitate-zeinua. Inguruan dituen bi ikastetxeetako eta institutuko makina bat ikasle daude egunero azpiegitura inguratzen duen parkean, eta horregatik, Iruñeko Udalak betidanik jo du interesgarritzat toki hura ingurumen-hezkuntza lantzeko.

Horrez gain, aintzirak interes orokorrekoak izan daitezkeen ingurumen-balio propioak ditu. 2019ko udaz geroztik, ‘mendebaldeko ur-arratoia’ (Arvicola sapidus) izeneko lursagua bertan bizi da, zeinek agerian uzten baitu parajearen ingurumen-kalitatea; hala aitortzen dute koartzek ere, bertan ikus baitaitezke sarritan anfibioak ehizatzen. Izan ere, aintzira animalia-ekosistema izateaz gain, landare-ekosistema ere bada. 1991n diseinatu zuten,eta gaur egungo irizpideekin bat birmoldatzen joan da: harri-lubeta leundu da, animaliak sartzeko arazoak ematen baitzituen; inguruneko landaredia modu naturalagoan geruzatu da, eta uharte artifizialak ere sortu dira.

Informazio guztia aintziraren ingurunean berriki instalatu den hiru panelez (hiru interpretazio-geraleku) osatutako sistema batean jasota geratu da, 610 metroko perimetroan. Argibide-panelak 98,5 cm zabal eta 79,5 cm altu dira, argazki eta ilustrazioak dituzte eta gaztelaniaz zein euskaraz irakur daitezke. Bertan, herritarrek lursaguei buruzko informazioa eta gunearen inguruko bitxikeriak topatuko dituzte; esaterako, aintziraren gehieneko sakonera 3,1 m dela. Ingurumen-sentsibilizazioa bultzatzen duen zirkuitu berri hau duela hilabete batzuk instalatutakoaren osagarri da; azken horrek bisitariak animatzen ditu ingurunean dauden 9 zuhaitz eta zuhaixka espezie topatu eta identifikatzera.

Sistema abiatze aldera, irailaren 24an, ostegunarekin, 18:00etan, Iruñeko Udalak ‘Aintzira baten balioa: Mendillorri’ izeneko bisita antolatu du. Agenda 21eko zerbitzuko udal-teknikari bat arituko da gidari-lanetan, eta ingurunearen balio natural zein kulturalak eta lursagu-koloniari buruzko datuak zehaztuko ditu, eta bertan dauden espezie inbaditzaileek biodibertsitateari dakarkioten mehatxuaz ohartaraziko du. Bisitak 24 leku eskaintzen ditu, eta dagoneko bete dira. Dena den, seinaleztapen berriari esker, etorkizunean Udalak mota orotako bisitak (ikastetxeak, Civivoxak edo herritarrak) programatzen jarraitzeko aukera izanen du hiri-ingurune batean dagoen ur-eremu horretan.

Seinaletika berria aintzira leheneratzeko prozesuaren hurrengo urratsa da. Izan ere, beste hainbat lan egin dira aurrez: aintzira hustu eta garbitu ondoren harri-lubeta leundu eta uharte artifizialak antolatu zituzten, eta 2016an ‘arrantza elektrikoa’ erabiliz arrain-espezie inbaditzaileak erretiratu zituzten.

¿Te ha sido útil esta página?