Mendebaldea Haur Eskolak, osorik birmoldatu ondoren, ikasturte honetan 84 haur izanen ditu egonaldi osoan

Mendebaldea Haur Eskolak, osorik birmoldatu ondoren, ikasturte honetan 84 haur izanen ditu egonaldi osoan
Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak gaur bisitatu ditu 1,3 milioiko inbertsioa behar izan duten instalazioak
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak Mendebaldea Haur Eskola bisitatu du gaur. Joan den ikasturtean, haur-eskola osorik birmoldatzeko lanak egin ziren, guneak moldatu eta instalazioak mota horretako zentroen lege-eskakizunetara egokitzeko. Lanek 1.317.835,20 euroko inbertsioa behar izan dute; horietatik, 637.835 euro iaz egin ziren, eta 679.999 euro, 2022ko lehen hilabeteetan. Lanak Construcciones Fermín Osés SL enpresak egin ditu. Bisitan, Batzordeko kideekin batera, Haur Eskolen Erakunde Autonomoko eta haur-eskolako zuzendariak izan dira, baita obra-zuzendaritzako arkitekto tekniko bat ere.

Haur-eskola 1995ean eraiki zen, eta Premin de Iruña pasealekuaren eta Nafarroako etorbidearen elkargunean dago. Obretan guneak berregokitu dira, bai haurrendako gelak (ikasgelak), bai jantokiak, lantegiak, zerbitzuak, administrazio-gelak, barneko patioak eta kanpoko patioa, betiere eraikuntzaren hasierako espirituari eutsiz. Halaber, eraikina handitu egin da, administrazio-guneko inguratzailea eta bularrekoen, ibiltarien eta ertainen moduluetakoa aprobetxatuz.

Obra horietan, patio estalia erdigunean kokatu da, haur-eskola osoaren funtzionamendurako, eta modulu guztien (bularrekoak, ibiltariak, ertainak eta nagusiak) bihotz gisa, guztiak bertan elkartzen baitira. Patioa laukizuzena da, eta bi hegal zabaltzen dira ipar-mendebaldera eta hego-mendebaldera, eta hor daude 0-3 urte bitarteko haurren 4 arreta-moduluak. Obretan trenkadak eraitsi ziren, solairu gardena eta argitsua sortuz, eta ertainen moduluaren eraikuntza handitu zen, bertan nagusien gela jartzeko. Horri esker, moduluak 28/2007 Foru Dekretuaren aurreikuspenen arabera banatu ahal izan dira; izan ere, haur-eskola guztiak foru dekretu horretara egokitu behar dira. Hornidura-instalazioak ere hobetu dira, zoru erradiatzaileekin, eta aireztapen-hoditeriak, iturgintza, saneamendua eta elektrizitatea berritu eta haur-eskolan estalki berria eta zoladura berriak jarri dira.

Ikasturte honetan, Mendebaldea HEk 84 leku ditu (horietako bi, gizarteratzekoak) 2020ko abuztuaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era bitarte jaiotako haurrendako, guztiak egonaldi osoan (jantoki-zerbitzua erabiltzen dute) eta gaztelaniaz. Iruñeko Udalaren Haur Eskolen sareko haur-eskola guztietan bezala, familiek ez dute eskolatzeagatik ordaintzen (doakoa da), jantoki-zerbitzua erabiltzeagatik baizik. Ikasturte honetan, eskolak 22 langile izanen ditu: zuzendaria, haurren hezitzaileak, sukaldariak eta sukaldeko, garbiketako eta mantentze-lanetako laguntzaileak.
 

¿Te ha sido útil esta página?