Iruñeko Udalak, Nafarroako 17 kirol-federaziorekin elkarlanean, Media Lunako lubanarroak 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeendako kirol- eta aisialdi-eremu bihurtuko ditu sanferminetan. ‘SportKids’ deitu duten ekimenak gazteei hainbat kiroletan hasteko aukera emanen die, hala nola saskibaloian, eskubaloian, errugbian, arku-tiroan eta esgriman, besteak beste. Eremua jardunean izanen da uztailaren 7tik 14ra, goizez, 11:00etatik 13:30era, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:30era.
Jarduerak hainbat gunetan banatu dira. Hala, Media Lunako bi lubanarroak erabiliko dira, eta bertan esgrima-, golf- , beisbol-, eskubaloi-, boleibol- eta gimnastika-eskolak emanen dira, eta saskibaloi- eta futbol-partidak jokatzen ahalko dira. Bertaratzen direnek atletismoan hasteko aukera izanen dute eta xakean jokatzen ikasiko dute, partida txikiak jokatzearekin batera. Inguruneko lorategi-eremua ere gaituko da, eta bertan errugbi, taekwondo eta hipika praktikatuko dira. Bestalde, San Bartolome gotorlekuan dagoen Harresien Interpretazio Zentroan arku-tiroa eta padel diziplinak kokatuko dira. Eta Caparrosoren errotan piraguismoan hasteko eskolak izanen dira.
Kirolak egun eta espazioen arabera aldatuko dira. Programa osoa www.sanferminespamplona.es webgunean kontsultatzen ahalko da.
Jarduera hauek guztiak hainbat federaziorekin elkarlanean eginen dira, eta monitoreak arituko dira gazteei kirol bakoitzaren ezaugarriei buruz orientazioa emateko. Sortzen zaien edozein zalantza argitzeaz gain, gakoa izanen da eskainitako kirolak praktikatu ahal izatea eta bertatik bertara ezagutzea nolakoak diren, zein diren joko-arauak eta horien ezaugarri nagusiak. Gaur goizean koordinazio-bilera bat egin dute Udalak eta hainbat federaziotako ordezkariek, zenbait alderdi zehazteko, hala nola eremuaren gaueko zaintza –‘naranjitoek’ eginen dute– edo DYAko eta Gurutze Gorriko langileen presentzia, gerta daitezkeen hainbat gorabeherari aurre egiteko.
Elikagai osasungarriak
Kirol-eremu hori ‘Hirugarren zatia’ izeneko gune batek osatuko du, non parte-hartzaileek atseden hartzeko une bat hartu eta indarberritzeko aukera izanen baitute, esnea edan eta fruta freskoa janez. ‘Hirugarren zatia’ gunea egunero 19:00etatik aurrera gaituko da, jakiez hornituko duten Lacturale eta Florette enpresen elkarlanari esker. Halaber, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, ‘SportKids’ eremuak ‘Ur taberna’ izeneko stand bat izanen du kirolari gazteak hidratatzeko.
Horrez gain, Eduardo Díaz Sadar estadioko speakerrak eremuko kirol jardunaldiak girotu eta monitoreak eta parte-hartzaileak elkarrizketatuko ditu. Hori guztia sanferminetako eta gaur egungo musikarekin. Era berean, egunero federazioek emandako opariak zozketatuko dira SportKids eremura joan eta bertan eskuragarri egonen diren txartelak betetzen dituztenen artean.
Federazio laguntzaileak
- Nafarroako Xake Federazioa
- Nafarroako Atletismo Federazioa
- Nafarroako Saskibaloi Federazioa
- Nafarroako Eskubaloi Federazioa
- Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioa
- Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa
- Nafarroako Esgrima Federazioa
- Nafarroako Futbol Federazioa
- Nafarroako Gimnastika Federazioa
- Nafarroako Golf Federazioa
- Nafarroako Hipika Federazioa
- Nafarroako Padel Federazioa
- Nafarroako Piraguismo Federazioa
- Nafarroako Errugbi Federazioa
- Nafarroako Taekwondo Federazioa
- Nafarroako Arku-tiroko Federazioa
- Nafarroako Boleibol Federazioa