Media Lunako hiri-igogailua itxita egonen da asteartetik aurrera, konponketa-lanak egiteko

Media Lunako hiri-igogailua itxita egonen da asteartetik aurrera, konponketa-lanak egiteko
Xedea da asteburuan irekitzea, polea nagusia ordezkatu ondoren
ascensor media luna

 

Media Luna parkeko hiri-igogailua itxita egonen da datorren astean, urriaren 28tik (asteartea) 31ra (ostirala), hainbat konponketa- eta mantentze-lan egiteko. Zehazki, polea nagusia ordeztuko da, eta dagoeneko errodamenduak eta arraste-kableak aldatu ziren joan den martxoan. Nolanahi ere, polea ordeztu gabe utzi zen martxoan, pieza berri bat behar baitzen horretarako, igogailu horretarako berariaz sortu behar zen pieza, hain zuzen. 

Behin materiala eskuratuta, polea ordezteko ordua da orain, garai honetan igogailua gutxiago erabiltzen dela baliatuta. Aurreikuspenen arabera, lau egun iraunen dute lanek. Lanak egin bitartean, hesituta egonen dira igogailuetarako sarbideak, bai goialdekoa, Media Luna parkean bertan, San Bartolome gotorlekuaren parean, bai behealdekoa, Natación kluberako sarbidean. Gainera, igogailuaren ateetan kartelak jarriko dira lanekin hasi aurretiko egunetan, herritarrei jakinarazteko igogailua behin-behinean egonen dela itxita.

Igogailuaren errodamendu bat gaizki zebilelako egiten ari dira konponketa-lanak, akats horren eraginez polea eta arraste-kableak deformatu baitziren. 

22 lagunendako edukiera du igogailuak, eta 20 metro egiten ditu goitik behera eta behetik gora, Joan Labritekoa aldapa Media Luna parkearekin eta II. Zabalgunearekin lotuta. 2011ko otsailean inauguratu zen, eta milioi erdi bidaiari baino gehiago izaten ditu urtean. 

¿Te ha sido útil esta página?