Mayte Vélaz artistak ‘Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman’ erakusketa aurkeztu du Ziudadelan, arte-adierazpen, formatu eta material ezberdinak uztarturik

Mayte Vélaz artistak ‘Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman’ erakusketa aurkeztu du Ziudadelan, arte-adierazpen, formatu eta material ezberdinak uztarturik
Erakusketa Vélazen ekoizpen artistikoak izan duen bilakaeran barnako ibilbidea da: margolanak, eskulturak, marrazkiak, objektuak, esmalteak eta bideo bat
Irudia
Irudia
Irudia



Mayte Vélaz Sanchak Mistoen eraikineko beheko solairuan izanen du erakusgai, uztailaren 19ra arte, ‘Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman’, haren ekoizpen artistikoaren bilakaeran barnako ibilbidea, adierazpide, formatu eta material ezberdinak uztartzen dituena. Izan ere, margolanak, eskulturak, marrazkiak, objektuak, esmalteak eta bideo bat ikusten ahalko dira, besteak beste. Sormen-lanak zoruan, hormetan eta paneletan paratu dituzte, batzuetan bata bestearen gainean.
 

Zehazki, erakusketan garrantzi handiena hartzen duten lanak taula gainean egindako 38 olio-pinturak, objektu eta gainazal desberdinen gainean esmalte sintetikoz egindako 63 ekoizpenak eta koloretako arkatzez paperean egindako 26 marrazkiak dira. Gutxiago badira ere, badaude, baita ere, kobrea, aglomeratua, zura eta beira nahastuz egindako eskulturak, zementu eta igeltsuzko objektuak, burdin-harietan eta zintetan eutsitako zetazko paperak, koloretako arkatzez egindako marrazkiak, oihaletarako spray-pinturak, collageak eta bideo bat. Mayte Vélaz tafallarra da, eta Arte Ederretan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (1998).
 

Konfinamenduan osatutako sormen-prozesua
 

Erakusketak 2016an du jatorria, orduan landu baitzituen Mayte Vélazek eskultura batzuk, zura, aglomeratua, kobrea eta iltzeak erabilita. Geroago, ‘Asto bikainak’ erakusketak hartaratuta, 2018an, marrazkiak egiten hasi zen, askotariko teknikez eta gainazal ezberdinetan, collage txikiak askotariko materialekin, eta eskulturak zementu eta igeltsuz. Iaz, dagoeneko, eginak zituen pintura sintetikoz, paperean ikatz-ziriz, eta taula, paper eta beste gainazal batzuetan olio-pinturaz eginiko zenbait sormen-lan ere. Bilakaera horri batu zaizkio, konfinamendu-garaian, koloretako arkatzen erabilera eta bideo bat grabatzea.
 

Hori horrela, garaiotan egindako lanei aurrekoak erantsi zaizkie, eta artelan zahar batzuk ere berrikusi ditu, beste esanahi batzuk eman dizkielarik, lan berrietarako inspirazio bihurtu. Erakusketak etenik gabe hazi eta eraldatzen den sormen-prozesuaren parte bat agertzen du. Are, katalogoko Mila Flamariqueren aurkezpenak jasotzen duen bezala, orain ikusgai dagoena halabeharrez da ezberdina erakusketa hasiera batean aurreikusita zegoen moduan martxo-apirilean egin izan balitz erakutsiko zukeenarekiko. Esate baterako, erretratu gehienak konfinamendu-aldian egindakoak dira, hain justu harreman pertsonalak oso mugatuta egon diren une batekoak. Horregatik, hain zuzen, ezin da kasualitatetzat jo artistaren bizitzaren parte izan diren gertuko pertsonen aurpegiak islatzeko behar hori.
 

Gogoetak tamaina, material, kolore eta abarren gainean
 

Azken emaitzaren atzean dagoen ideia gidaria, egilearen beraren hitzetan, erakusketaren izenburuan dago: ‘Abiada hartu, salto egin eta besarkada bat eman’. Horretara iristeko, eta katalogoan kontatzen denaren arabera, Mayte Vélazek “denbora luzez pilatu eta erreprimitutako sentipen sortzailea” askatu du, “eta hura azaleratzeko erabakia hartu du. Askapen hori aitortzea izan da, hain justu, aktibitate-uholde horren, edo hobeki esanda, hiperaktibitate horren pizgarria, garai honetan lan-mota batetik beste batzuetara konpultsiboki igarotzera eraman duena. Marraztu du, irakurri du, idatzi du, margotu du... eta hori guztia izan da orain aurkezten digun hau gorpuzteko lehengaia”.
 

Sormen-prozesuan, egileak tamaina txiki eta ertaineko lanen alde egin du; izan ere, “errudun” sentitzen da nolabait ere gordetzeko zailak diren artelan handiak egin izan dituelako; horrez gain, gogoeta egin du hondakinak pila ez daitezen egin dezakeen ekarpenaz, edo ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteaz. Materialen berrerabilpena ere funts gisa hartzea erabaki du, eta hori horrela, oinarrian papera, kartoia, zelofana, zura, oihala, plastikoa edo burdin-haria erabili ditu. Material “apal” horiei beste aukera bat ematen zaie, eta balioa ematen zaie berriz ere , dela haien testura edo koloreagatik dela esku-hartze sinpleen bidez eraldatzeko duten gaitasunagatik. Gauza sinpleek, iragankorrek beste adierazpen-balio bat hartzen dute gure bizitzetan kontzeptua biziago dagoen garaiotan.
 

Horrez gain, genero artistikoek zedarritzen dituzten muga tradizionalak desagerrarazi ditu, eta artelan bakarrean batu ditu pintura, eskultura, collagea instalazioa eta performancea. Bide beretik, “jolasean” aritu da piezak paratzerakoan; izan ere, iruditu lezake zoruan paratutako lan batzuk hormetan esekita egon beharko luketela, haien ezaugarri piktorikoagoengatik. Kolorearen erabilerari dagokionez, hautatu duen gama sorta horia, arrosa, berdea, urdina, beixa eta laranjaren ingurukoa da, tonu pasteletatik biziagoetara igaroz.

¿Te ha sido útil esta página?