
Iruñeak bat egin du Emakumeen Nazioarteko Egunean Manosfera ardatz duen Nafarroako Tokiko Entitateetako Berdintasuneko Teknikarien Sarearen mezu komunarekin. Kontzeptu horrek diskurtso misogino eta antifeministen hedapenean oinarritzen diren askotariko mugimendu maskulinistak biltzen dituen espazio birtualen multzoa barne hartzen du, hau da, matxismoa antolatzen den espazio digitala. Kanpaina herritar guztiei zuzenduta dago, baina aukeratu duten komunikabideagatik, sare sozialak, bereziki, gazteak ditu helburu.
Hala, egun osoan zehar Udalaren sare sozialetan (X, Instagram, Facebook eta Threads) Matxismoa isilarazi minutu bateko bideoa erreproduzituko da. Bideo horrek emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren esparruan mezu faltsuak edo desinformatzaileak sareetan hedatzeak benetako arriskua dakarrela ohartarazten du. Estatistiken arabera, gaur egun, 5 gizon gaztetatik 1ek genero-indarkeria ez dela existitzen eta asmakizun ideologiko bat dela deritzo. Izan ere, ingurune digitalak gazteen sozializaziorako ohiko gunea dira eta mezu horiek hedatzen ari diren lekua.
Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sareak arreta deitu nahi du dagoeneko eremu analogikora igaro diren jarrerei buruz, Internetetik kanpo jauzi eginez, ordezkari publikoen arloan gorroto-diskurtsoak, albiste faltsuak eta berdintasun-politiken diskurtso negazionistak hedatuz. Zentzu horretan, kanpainak herritarrei gonbit egin nahi die desberdintasunak betikotu eta emakumeen askatasuna zalantzan jartzea xede duten berdintasun politiken eta feminismoaren aurkako eraso antolatuei aurre egitera.
Bideoa positiboan formulatu da, eta hainbat ikerketek babestutako datuekin ere helarazi nahi da, hala nola etxeko lanetan denbora gehiegi ematen dutela uste dutenen % 85 emakumeak direla, sexu-erasoen % 90 emakumeek eta neskek jasaten dituztela eta Nafarroan generoko soldata-arrakala % 23koa dela.
Gezurren eta gorrotoaren aurkako baliabideak
Feminismoak ibilbide luzea egin du mugimendu sozial eta politiko gisa, eta historian zehar genero-desberdinkerien aurrean emakumeek duten ezinegona adierazteko modu baketsuak izan ditu ezaugarri beti. Feminismoa ezagutza zientifikoa ere bada, desparekotasunaren sistemari eusten dioten elementuak teorizatu eta kontzeptualizatzeko azterketa eta analisi ibilbide luze batekin. Ildo horretan, Descalzos kaleko 72. zenbakian dagoen Emakumeen Dokumentazio Zentroa-Liburutegian aurki daitezke azterlanak, eta Udalak hitzarmen bat du harekin. Liburutegi horrek dokumentu-funts espezializatu bat du, ikasleen, ikertzaileen, kolektiboen eta, oro har, herritarren eskura dagoena. 15.000 liburu, aldizkari, dokumentu, ikus-entzunezko material, baliabide elektroniko eta kartel baino gehiago ditu.
Nafarroako Toki Entitateetako Berdintasun Teknikarien Sarearen mezuak gogorarazten digu mugimendu feministaren lorpen bakoitzak beti izan duela erreakzio matxista bat, eta gezurren edo fake newsen garaian, erreakzioak ere digitalak dira. Korronte horiek neutralizatzen laguntzeko eta Internetek emakumeek edo emakumeei buruz gune birtualetan sortutako edukiak eta erreferentziak ere har ditzan lortzeko, genero-eten digitala minimizatuz, Iruñeko Udalak emakume eta neskendako trebakuntza digitaleko zentro bat kudeatzen du, EMATIC zerbitzua (Compañía kalea, 29).