Egun hauetan amaitzen ari da “Sabicasi omenaldia” eskultura-multzo monumentalaren instalazioa, zeinak gitarra baten dekonstrukzioa irudikatzen baitu gitarra-jotzaile iruindarraren ibilbidearen oroigarri gisa. Carloz Cirizaren lana corten altzairuz egindako hiru gorputz independentez osatuta dago, hormigoizko oinarri baten gainean sostengatuta. Multzoak 8 metroko altuera du eta, gehienez ere, 9 metro inguruko zabalera.
Eskulturak hirira ongietorria eginen du hegoaldetik martxoaren 16tik aurrera, izan ere, Sadar kalearen eta Zaragozako etorbidearen elkargunean guztiz instalatuta egonen da, ikusgarritasun handia duen espazio zabal batean. Espazio horretarako bereziki pentsatutako obra da, ikuslearen distantzia eta ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta, ikuslea hainbat ikuspuntutatik lekuko izatea ahalbidetzen baitu. Sorkuntza hori Agustín Castellón Campos musikariari eskainita dago, 1912ko martxoaren 16an Iruñean jaioa eta mundu osoan ezaguna den gitarra-jotzailea. Ijitoa zen, eta eskulturak, halaber, xede du hirian bizi diren ijitoak eta haiek Iruñeko kulturartekotasunari egindako ekarpena aintzatestea.
Diseinatzeko, gitarra hartu du oinarri egileak, eta forma irakurterrazak erabili ditu, unibertso plastiko berriak sortzeko asmoz lehendik zeudenetatik abiatuta, bloke bakoitzak adierazpen eta bolumen ezberdina baitu. Zirriborroak diseinatu eta piezak lantegian eraiki ondoren, bolumen bakoitzari oxidazio-prozesu kimiko bat egin zaio, eta horrek corten altzairuaren kolore gorrixka bereizgarria eman die. Ciriza artista nafarrak ibilbide profesional luzea du, eta espazio publikoan esku hartzeko esperientzia artistiko zabala.
Lan hau hiriko Ondare Kultural eta Artistikoaren parte bihurtuko da. Iruñeko eremu berde, kale, etorbide eta biribilguneetan askotariko egile, formatu eta estiloetako 200 eskultura baino gehiago daude, eta hiri-eskulturen bilduma zabal horri esker, hiria aire zabaleko museo handia da.