Martxoaren 11tik (astelehenetik) 18ra arte, herritarrek apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako hautesle-erroldan dauden egiaztatu dezakete

Martxoaren 11tik (astelehenetik) 18ra arte, herritarrek apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako hautesle-erroldan dauden egiaztatu dezakete
Iruñeko Udalak bi bide prestatu ditu interesdunek kontsulta egiteko: telefonoz eta www.pamplona.es webgunean

Heldu den astelehenean, hauteskunde-legeak betez, Iruñeko Udalak martxan jarriko du interesa duten herritarrek hautesle-erroldan beren datuak kontsultatzeko aukera ematen duen sistema. Prozesu hori abiatu da herritarrei beren boto eskubidea bermatzeko apirilaren 28ko Hauteskunde Orokorretan. Estatistikako Institutu Nazionalak bidalitako erroldaren arabera, hauteskunde horietarako Iruñean guztira 151.121 hautesle daude, eta horientzat 270 hauteskunde-mahai izanen dira. Hori horrela, 2016ko ekainean egindako azken hauteskunde orokorretakoak baino 3.379 hautesle gehiago daude.

Martxoaren 11tik 18ra, hautesle-erroldan dauden kontsultatu nahi dutenek bi bide erabiltzen ahalko dituzte: telefonoz, 010era deituta (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan, 09:30etik, 13:30era) edo, bestela, www.pamplona.es webguneko hasiera-orrian dagokion aplikaziora sartuta.

Azkeneko hauteskundeetan bezala, erroldako zerrendak ez dira jendaurrean paratuko; horregatik, bide horietakoren bat erabili beharko da erroldako datuak kontsultatzeko eta, behar izanez gero, aldaketak egin daitezela eskatzeko. Hauteskunde hauetan herritar espainiarrek ematen ahal dute botoa. Edozein kontsultarako NAN zenbakia eta lehen abizena beharko dira. Astelehenetik aurrera, honako informazio hau egonen da eskuragarri: hautesleen identifikazio-datuak, botoa ematera zein hauteslekutara joan behar duten, hautesbarrutia, hauteskunde-atala eta mahaia.

Hauteskunde-egutegiaren arabera, hauteskunde-egunean mahaietan egon beharko duten kideak zehazteko zozketak apirileko lehen astean eginen dira. Une horretatik aurrera, webgune horretan eta aplikazio berean kontsultatu ahalko da mahaikidea izatea egokitu zaizun, eta zein kargutan. 

 

HAUTESLE ERROLDAREN KONTSULTA
  • Telefonoz: 010 telefonoan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 19:00etara;eta larunbatetan, 09:30etik 13:30era.
  • Interneten: www.pamplona.es webgunean

 

2019KO HAUTESKUNDE OROKORRAK

Iruñeari dagozkion datuak, EINek bidalitako erroldaren arabera:

  • Hautesle kopurua Iruñean                                                                 151.121
  • Hautesleku kopurua                                                                                    23
  • Hauteskunde-mahai kopurua                                                               270
¿Te ha sido útil esta página?