Hurrengo astean, irailaren 1etik 5era bitarte, Iruñeko Udalak antolatzen dituen 65 urtetik gorakoei zuzendutako ‘Martxan’ programako ariketa fisikoko eta memoriako jardueretan izena emateko epea irekiko da. Izen-emateak ikasturte osorako eginen dira, hau da, bai lehenengo lauhilekorako (irailaren 15etik abenduaren 18ra), bai bigarrenerako (urtarrilaren 12tik ekainaren 4ra).
Interesa dutenek 948 24 35 66 telefonoan ematen ahal dute izena 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era, bai eta aurrez-aurre ere, Arrotxapeko Julio Caro Baroja plazan 09:00etatik 14:00etara. Prezioak 104,16 eurotik 208,32 eurora bitartekoak dira, baldin eta jarduera batean izena ematen bada edo bitan, hurrenez-hurren. 65 urtetik gorako lagunendako udal-apartamentuetatik etorritakoek edo zailtasun ekonomikoen txosten bat aurkezten dutenek edo %33ko desgaitasun bat dutela egiaztatzen dutenek % 50eko murriztapena izanen dute.
‘Martxan’ programa Udalaren espazio publikoetan eginen da (zentro komunitarioak, Civivoxak, kirolguneak) Alde Zaharrean, Arrotxapean, Txantrean, Iturraman eta Ermitagañan, goizez, astelehen eta asteazkenetan edo astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara bitarte. 20 leku izanen dira talde bakoitzean, eta horietatik 3 Kirol- eta gizarte-errezeta programaren erabiltzaileendako gordeko dira. Izen-emateak lekuak baino gehiago badira, zozketa eginen da. Alde Zaharrean jarduerak Plazaran eta Estafetako adinekoendako lokalean eginen dira; Arrotxapean, Juslarrocha Civivoxean edo Carbonilla Zentro Komunitarioan; Txantrean, Salestarrak Zentro Komunitarioan; Iturraman, Iturramako Civivoxean edo San Joan Bosco zentroan, eta Ermitagañan, José Mª Iribarren kiroldegian eta auzoko zentro komunitarioan.
‘Martxan’ programaren helburua Iruñeko adinekoen autonomia bultzatzea eta haien mendekotasuna prebenitzea da. Zahartze aktiboa sustatu nahi da, eta ongizate fisiko, sozial, emozional eta mentalerako aukerak optimizatu, bizi-itxaropen osasungarria eta bizi-kalitatea zahartzaroan hedatzeko asmoz. Era berean, adinekoen isolamendua prebenitu nahi da, eta horretarako aisialdia eta berdinen arteko harremanak sustatu, harreman horrek jarduerez haratago iraun dezan.
Martxan. Ariketa fisikoa eta memoria-jarduerak 65 urtetik gorakoendako
| Ariketa fisikoa | Memoria |
ALDE ZAHARRA | Astelehen eta asteazkenetan, 09:30etik 11:00etara. Plazara! Zentro Komunitarioa (Kale Nagusia 31) | Astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara. Adinekoen lokala (Estafeta kalea 47) |
ARROTXAPEA Juslarrocha Civivoxa edo Carbonilla Zentro Komunitarioa | Astelehen eta asteazkenetan, 09:30etik 11:00etara. | Astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara. |
TXANTREA | Astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara. Salestarrak Zentro Komunitarioa (Iruñerria kalea 24) | Astelehen eta asteazkenetan, 09:30etik 11:00etara. |
ITURRAMA | Astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara. | Astelehen eta asteazkenetan, 09:30etik 11:00etara. |
ERMITAGAÑA | Astearte eta ostegunetan, 09:30etik 11:00etara. José María Iribarren kiroldegia | Astelehen eta asteazkenetan, 09:30etik 11:00etara. Ermitagañako Zentro Komunitarioa (Bartolomé de Carranza kalea 50) |