
Kuadrilla izeneko kartelak iragarriko ditu 2026ko sanferminak. Marta Garatea Almagro iruindarraren lanak jaso ditu herritarren boto gehien (% 24,26) eta, aurten, erregistroak daudenetik inoiz baino parte-hartze handiagoa izan du bozketak. Aurten, 10.712 lagunek bozkatu dute Iruñeko Udalak gaitutako bideetatik. Kopuruak 2019koa gainditu du, orain arte boto gehien erregistratu zituen urtea (10.629). Gainera, datuek garrantzi handiagoa hartzen dute bozkatzeko egunak kontuan hartuta: aurten 11 izan dira eta 2019an, berriz, 15. Hala, edizio honetan, batez beste, 973,8 boto erregistratu dira egun bakoitzeko, iaz jasotakoen ia ehun gehiago egun bakoitzeko.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak aurkeztu dituzte kartel irabazlea eta egilea, Udaletxean egindako prentsaurrekoan. Ekitaldian, alkateak herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du, eta, ondoren, artistari eman dio hitza, lana azal zezan. Aurreko edizioetan bezala, epaimahai tekniko batek 10 lan hautatu zituen aurten ere, lehiaketara aurkeztutako 488 lanen artean. Hamar lan horiek herri-bozketan hautagai izan dira hamaika egunez, apirilaren 24tik maiatzaren 4ra bitarte. Kuadrilla lanak irabazi du, emandako lau botoetatik bat jaso baitu (2.599 guztira). Bigarren postuan geratu da Elkarrekin lana, botoen % 18,56arekin (1.988), eta hirugarrenean, Sanferminetako postala: gau argitua, botoen % 14,71rekin (1.576).
Beste urte batez, online eman dira boto gehien. Emandako 10.712 botoetatik 7.503 Internet bidez erregistratu dira, pamplona.es/eu eta pamplonaescultura.es/eu webguneetan, bertan bozketan parte hartzeko zuzeneko estekak jarri baitzituzten. Online emandakoak boto guztien % 70 dira. Bestalde, Civivox sarean aurrez aurreko 3.090 boto jaso dira guztira, hiriko zentro guztietan jarritako boto-ontzietan. 010 (948420100) Herritarrendako Arreta Telefonoaren bidez 119 boto jaso dira. Aurrekoetan bezala, Iruñean erroldatutako herritar bakoitzak boto bakarra ematen ahal zuen. Horretarako, hainbat kontrol-tresna prestatu ziren, hala nola parte-hartzailearen NANa eskatzea, eta, online botoen kasuan, botoa eman ondoren posta elektroniko bidez botoa eman dela berrestea. Aurtengo edizioan 695 baliogabeko boto erregistratu dira.
Momentiko guztiak irudi bakar batean
Marta Garatea Almagrok (Iruña, 1995) egin du Kuadrilla obra, berarendako garrantzitsuak diren sanferminetako une guztiak jasotzen dituen koru-lana. Egileak kartelaren zentimetro bakoitza, hutsune bakoitza, erabili du ‘maitasunez eta xehetasun eta kolore askorekin’ festaren elementu adierazgarrienetako batzuk nabarmentzeko. Eta gehitu du: “Ez nuen une bat ere ez irudikatu gabe utzi nahi, jende guztiak bat egiten duen magiaz beteriko festak baitira, eta nahiko nuke guztiok geure burua pixka bat irudikatua ikustea kartelean, festak berezi egiten dituztenak maite ditugun pertsonekin bizi ditugun une bereziak dira eta”.
Kartela Procreate programarekin eskuz diseinatu eta Photoshopen moldatu du, eta lau zatitan banatutako konposizio batek osatzen du: izenburua, markoa, kuadrilla erdian eta Ziudadela gauez. Irudiaren erdian “Sanfermin 2026” leloa dago, askotariko pertsonaz osatutako kuadrilla baten gainean, besteak beste, santua bera eta, eskuinean, zezen bat. Txokolatea txurroekin gosaltzen ari dira, Taconerako eserleku batean eserita, La Pamplonesa atzean dutela. Kartelaren markoa xehetasunez beteriko ibilbide bisuala da, festak hasieratik amaierara kontatzen dituena, eta bata eta bestearen artean, une esanguratsuenetako batzuk irudikatu ditu, hala nola Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren dantzak, peñen irteera, tonbola, pintxoak, entzierroa, dantzaldiak eta balkoietatik botatako jotak. Kuadrilla kartelaren eszenaren goiko aldean, gainera, Ziudadelako gaueko plano bat ikus daiteke, eta su artifizialak erdian.
Elementu guztien marrazkietan zuria eta gorria dira nagusi, baina beste kolore batzuen ukituak ere badaude, hala nola turkesa, berdea, horia eta urre-kolorea, kartelari epeltasuna eta energia emanez. Kartelak, epaimahaiak aurretiko hautaketan aipatu moduan, sanferminen esentzia transmititzea lortzen du, “festak osatzen dituzten uneen, tradizioen eta bizipenen aberastasuna islatuta”. Lana, dinamikoa eta jardunez betea, “bizi-bizirik eta izaera kolektibo eta parte-hartzailea iradokitzen duten eszenez beterik dagoen” konposizio bihurtzen da, eta osagaien ugaritasunak “sanferminek berezko duten bizitasun- eta neurrigabekeria-sentsazio hori transmititzen laguntzen du”.
Aurten, lehenengo aldiz, kartelak sanferminetako momentiko guztiak, edo gehienak bederen, biltzen ditu. Tradizioz, hautatutako kartelek elementu bakar bat izaten dute ardatz, hala nola entzierroa, gaiteroak, zezenak, txupinazoa, dantzariak, entzierroko lasterkariak eta Caravinagre. Iaz, esate baterako, balkoietatik esekitako arropa zuria irudikatzen zuen Sandra Nadal Vitalek eginiko kartelak.
Kontzeptualki antzekoena den kartela 1990koa da agian: Mikel Urmenetak sortua, jai-giroaz blaitutako jende-zurrunbiloa eta hondo urdinaren gaineko silueta zuriak irudikatzen ditu. Irudiak gune jakin batzuen siluetak ere irudikatzen zituen, besteak beste, Udaletxeko fatxada, Gazteluko plazako kioskoa eta San Saturnino elizako “Gallico” dorrea; peñak, entzierroa, txarangak eta dantzan eta topa egiten ari den jendea ere islatu egiten ditu kartelak, formen zuriarekin eta zapien gorriarekin jolastuta.
Freelance ilustratzailea
Sanferminetako kartelik bozkatuenaren egileak teknika digitala erabiltzen du, gehien bat, lanak egiteko. Freelance ilustratzailea da, eta Ipad-a eta Procreate programa baliatzen ditu bere ideia eta sorkuntzei itxura emateko, baina teknika tradizionalak, errotuladoreak eta koadernoak, beti daude tartean. Artearen eta mundu magiko eta izaki sorginduen inguruko jakin-mina handituz doa artistarengan, eta Bartzelonako Joso Eskola Komikien Zentroan Arte Grafikoak ikasi bazituen ere, argi zuen benetako pasioa ilustrazioa zuela, eta, horregatik guztiagatik, haur zein helduendako istorio fantastikoei eman die bizitza.
Bere ibilbide profesionalean hainbat lan egin ditu: marrazkilaria El Jueves aldizkarian, komiki-irakaslea Joso Eskolan eta diseinatzailea WKND-n. Halaber, SM argitaletxeko hainbat liburu irudiztatu ditu, baita El Barco de Vapor bildumako Cien Veces yo liburua ere. Iaz, Masa Kritikoa bizikleta-ibilaldiaren kartela ere diseinatu zuen, eta 2026ko sanferminetako kartelaren tankerako estiloa erabili zuen horretarako.
2026KO SANFERMINETAKO KARTELA HAUTATZEKO HERRI-BOZKETA
Erregistratutako boto baliodunak
| GUZTIRA | % |
Nº 1 | 387 | 3,61% |
Nº 2 | 1.988 | 18,56% |
Nº 3 | 419 | 3,91% |
Nº 4 | 2.599 | 24,26% |
Nº 5 | 661 | 6,17% |
Nº 6 | 247 | 2,31% |
Nº 7 | 1.148 | 10,72% |
Nº 8 | 1.576 | 14,71% |
Nº 9 | 1.278 | 11,93% |
Nº 10 | 409 | 3,82% |
GUZTIRA | 10.712 | 100% |
Aurreko herri-bozketak
Urtea
2015
2016
2017
2018
2019
2022
2023
2024
2025
2026
Emandako botoak
5.124
6.078
5.682
6.511
10.629
8.191
6.242
10.018
10.475
10.712
Bozketa-egunak
12
12
17
13
15
10
13
15
12
11
Botoen batezbestekoa eguneko
427,0
506,5
334,2
500,8
708,6
819,1
480,1
667,8
872,9
973,8
Carteles finalistas 2026
1. kartela. 3932. plika Erritmoa eta pasioa
2. kartela. 3955. plika Elkarrekin
3. kartela. 4059. plika Bakea eta maitasuna
4. kartela. 4081. plika Kuadrilla
5. kartela. 4117. plika Esther Aratak koloreen, letren eta zenbakien nahasketa aurkezten du
6. kartela. 4163. plika Festaren atalak
7. kartela. 4285. plika Zatoz, ikusi... bizi!
8. kartela. 4372. plika Sanferminetako postala: gau argitua
9. kartela. 4384. plika Tradizioaren aurpegia
10. kartela. 4390. plika Dena gorriz hasten da