“Emakume hau ezinbestekoa delako San Fermin jaietako une garrantzitsu eta hunkigarrienetako batean”. Iruñeko Udalak Iruñeko Zapia saria, bederatzigarrena, eman dio gaur goizean Mariví Esparza Muguetari, emakume horrek San Ferminen irudia zaindu, eta jaietan, entzierroen aurretik, goizero San Domingoko aldapako horma-hobian jartzen baitu.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak hiriaren armarria brodatuta duen zapi gorria jarri dio, eta Mikel Okiñena eskultore nafarrak egindako Burguen Batasunaren alegoriaren formatu txikiko eskultura eman dio, horiek osatzen baitute aitorpena. Alkateak azpimarratu duenez, Iruñeko Zapi honekin “zure lana, maitasuna eta buru-belarri aritzea aitortu nahi dizkizugu. Jakin badakigu, gaur jartzen dizugun zapi gorri hau sinbolo bat baino gehiago dela; hiri osoaren esker ona da hainbeste urteko dedikazioagatik.
Ekitaldia Udaletxeko Harrera Aretoan egin da gaur goizean, Iruñeko alkatea eta Udalbatzako kideak bertan zirela. Omenduak ondoan izan ditu Goizargi alaba –izan ere, harekin batera eusten dio Andoni Barba senarrak San Ferminen irudia gorde eta horma-hobian jartzeko hasitako ohiturari–, senideak eta lagunak. Sari-emate honekin amaitu dira Batasunaren Pribilegioaren 601. urteurrena ospatzeko programatutako ekitaldiak.
Ohitura baten historia
1978an, Iruñeko peñetako lau mutil, tartean Andoni Barba Pardo, Mariví Esparza Muguetaren senarra, arduratu ziren San Ferminen estatua berri bat erosi eta santua inguratuko zuen panel bat egiteaz peña guztien armarriekin. Irudia San Domingo aldapako Ospitale Militarretik ateratzen zuten. 1981ean, eraikina egoera txarrean zegoenez, egungo horma-hobia egitea erabaki zen, San Ferminen irudia jartzeko gune iraunkor gisa.
Sanferminetan, senarra arduratzen zen santuaren irudia goizero horma-hobian jartzeaz. Garai hartan, Mariví irudia kentzeaz arduratzen zen. Senarra hil zitzaionetik, bera eta alaba arduratzen dira santua jartzeaz, neska eta mutil korrikalari guztien begirada eta emozioen artean. Entzierroaren ondoren, irudia Udaletxera eramaten dute, eta bertan uzten dute uztailaren 7tik 14ra.
Iruña ezagutarazten laguntzea
Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan jasotzen denaren arabera, “Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak zabaltzen eta finkatzen”. 2016. urteaz geroztik ematen da.
Lehen edizioan Paulina Fernándezek jaso zuen aintzatespena, La Mañueta txurro-dendako nagusiak. Hurrengo urtean Javier Pagola kazetariarendako izan zen aitorpena, eta 2018an Elisa Sesmak, Pablo Sánchez-Valverdek eta Mari Cruz Landak jaso zuten, Sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize guneari lotutako lan-ibilbideagatik. 2019an Alberto Undiano Mallenco nazioarteko futboleko epaile ohiak jaso zuen, eta 2020an, pandemiaren urtean, Medikuen Elkargo Ofiziala eta Erizainen Elkargo Ofiziala saritu ziren, Vicente Estremerak eta Belen Izcue ordezkari zirela.
2021ean, Juan Jose Martinena historialariari eman zitzaion saria, eta 2022an Mai Garde Echalecuri eta Oier Sanjurjo Matéri, garai hartan Osasunako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainei, hurrenez hurren. Iaz, Donibaneko Adinekoen Itunak jaso zuen goraipamena.
IRUÑEKO ZAPIA
- 2016: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako nagusia
- 2017: Javier Pagola, idazle eta kazetaria
- 2018: Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Andraizeko ginekologoak
- 2019: Alberto Undiano Mallenco, futboleko nazioarteko epaile ohia
- 2020: Medikuen Elkargo Ofiziala (Vicente Estremera, medikua) eta Erizainen Elkargo Ofiziala ((Belén Izcue, erizaina)
- 2021: Juan José Martinena, historialaria
- 2022: Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo Maté, Osasunako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainak
- 2023: Donibaneko Adinekoen Ituna
- 2024: Mariví Esparza Mugueta