
‘IBIDEM, Oteizaren Museoa’ du izenburu María José Gurbindok Ziudadelako Bolborategian aurkezten duen erakusketak: Saénz de Oizak diseinatutako eraikinari egindako 32 argazkik osatzen dute. Haien bidez, bestelako ikuspegi bat eskaintzen digu ezaguna den eraikin bati buruz, bisitarien interpretazio berrietara aukera emanez.
Lanak berezko ikuspegia eman nahi dio Oteiza Museoari, haren arkitekturan esperimentatzearen ondoriozkoa, egileak berak Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariarekin batera erakusketa aurkezteko emandako prentsaurrekoan azaldu duen bezala. Berez, eraikinaren argia erretratatu nahi izan du, eta erakutsi nola materialen koloreek dena ñabartzen duten. Altzuzan den eraikinaren eskultura-izaera ere azpimarratu nahi izan du.
Irudiak hala koloretakoak dira, haietako 21, nola txuri-beltzekoak, 11. Gehienak 2020. urtean zehar eginak dira, salbu eta kanpoaldekoak, 2017koak baitira. Argazkien euskarria dibond xaflak dira, 50 x 75 zentimetrokoak. Erakusketa maiatzaren 2ra arte egonen da ikusgai. Bisita-ordutegia asteartetik larunbatera izanen da, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era, eta igandeetan eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.
Eraikinak aktiboki eragin zuen Oteizaren obra-esperimentazioan
Izenburua, ‘IBIDEM’, latinismoa da, ‘toki berean’ esan nahi duena, eta egilea terminoaz jabetu da, hain zuzen ere kontrakoa adierazteko: “Ez dago errepikapenik argazkilari baten begiradan, objektiboak toki bera jomugatzat edukita ere. Ene ustetan, eta nire argazkiek horrela islatzen dute, Saénz de Oizaren eraikina esku-hartze sendoa da, eta eragin aktiboa sortu zuen bere baitan biltzen duen Oteizaren obraren esperimentazioan".
Oteiza Museoa, Altzuzan, 1992 eta 2003 urteen artean sortua, Francisco Javier Sáenz de Oizaren azken proiektua izan zen, aurreko batzuetan bezala, konplizitate aktiboan egina Oteizarekin. Izan ere, Arantzazuko proiektuarekin hasitako adiskidetasun eta lankidetza profesional luzeak berriz ere elkartu zituen Altzuzan bi artista entzutetsuok.
Egileak, prestakuntzaz arkitektoak, azaldutakoaren arabera, Sáenz de Oizaren asmoa izan zen, Arantzazuko tunelaren ideiatik abiatuta, “eskultura-lan oso aberatsa izan zezakeen hormigoizko kutxa xume bat” proposatzea. “Baina, nire ustez, haren eraikina oso potentzia handiko esku-hartzea da, eta aktiboki eragiten du bertan jasotako obraren esperimentazioan”. Jon Intxausteguik, proiektuaren garapenean zehar egindako hitzaldian, Oteizari honakoa galdetzeke zegoela azaldu zuen: “ea askoz kutxa oinarrizkoago eta soilago batek, prismatikoagoak eta kartesiarragoak asetzen duen edo bere eskulturak dituen kutxari gogortasun gehiago eman nahi dion”.
Arkitekturaren protagonismoa eta txoko bakoitzeko nabardura- eta kolore-aberastasuna
María José Gurbindok esana, “erreportaje deskribatzailetik aldentzea bilatuz, kamera eskuan egin nuen lehen bisitan, harritu ninduen arkitekturaren protagonismoak eta bertan dagoen txoko bakoitza eta eskultura bakoitza inguratzen duen ñabardura eta koloreen aberastasunak. Argia protagonista nagusia da, bai eta erabilitako material nobleak ere”. Bat egiten du Sáenz de Oizaren azalpenarekin, honela dioenean: “proiektuak, promenade architecturale corbusiertar gisa, (...) argiarekin lotutako eta hark gobernatutako ondoz ondoko espazioak planteatzen ditu, argia baita formaren funtsezko protagonista”.
Argazkiak egin ondoren, Oteizaren ondare teorikoa irakurrita, jakin zuen Gurbindok haren obran, arkitekturak eta eskulturak izaera estetiko bera partekatzen dutela, baita espazioa ere, lanerako material gisa. Oteizak, bere eskultura garatzen zuen aldi berean, buru belarri jardun zuen arkitektoekin lankidetzan arkitektura proiektuetan, bere lanean bi alor horien arteko elkarrekintza indartsua egon zelarik. Horregatik, “Altzuzan parte hartu zuela edo, gutxienez, aktiboki eragin zuela suposatuz, eta haren printzipio estetikoekin koherentzia gordez, eraikina han erakusten den obra artistiko osokoaren beste elementu bat gehiagotzat hartu beharko litzateke, betiere azken jomuga hartuta gizakiari zerbitzu metafisikoa ematea”.
Argazkilariaren ibilbide profesionala
María José Gurbindok Arkitektura ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta hari esatea gustatzen zaion bezala, irudiaren arlotik garatzen du bere jardun profesionala arkitekto gisa. 1995ean Bartzelonara joan eta 3D irudian espezializatu zen, arkitekturari aplikatutako sektore horretako aitzindarien taldeko partaide bilakatuta. Bere lantokitik elkarlanean aritu da Espainia osoko estudio garrantzitsuekin.
Hamabost urte geroago ekin zion argazkilari-ibilbideari, errealitatearen indarra lehenetsiz asmatutako errealitatearen aurretik. Arkitekturaren argazkilari gisara, batera aritzen da hala lan komertzialagoetan (www.fotocorporativa.es) nola proiektu pertsonalak garatzen (www.mjgurbindo.com). Bere gustuko argazkilarien artean, Nadav Kander, Luisa Lambri, Hiroshi Sujimoto, Hélène Binet eta Aitor Ortiz aipa daitezke.