María Amor Beguiristain Gúrpide Historiaurreko katedradunak jaso du Txondorra saria bere ibilbideagatik

María Amor Beguiristain Gúrpide Historiaurreko katedradunak jaso du Txondorra saria bere ibilbideagatik
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eman dio saria, ondare historiko eta kulturala dibulgatzeko egindako lanaren omenez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

María Amor Beguiristain Gúrpidek jaso du Txondorra saria: Olentzeroren Lagunen Elkarteak ematen du aintzatespena, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan. Sariarekin bat, Historiaurreko katedradunaren ibilbidea aintzatetsi nahi dute, 40 urte baino gehiago baitaramatza ondare historikoa eta kulturala irakasten eta dibulgatzen. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eman dio saria, gaur, asteartearekin, Iruñeko Udaletxeko harrera-aretoan egin den ekitaldian.

Hauek ere ekitaldian izan dira: Rebeca Esnaola Bermejo Kulturako, Kiroleko eta Turismoko kontseilaria, Xabier Martínez Álava Olentzeroren Lagunen Elkartearen bozeramailea eta elkarte horretako eta Udalbatzako kideak. Epaimahaia osatu dutenek ere parte hartu dute. Joseba Asiron Saez alkatea epaimahaiburua izan da, eta epaimahaikideak, honako hauek: Susana Irigaray Soto Museoen Zerbitzuko zuzendaria, Esnaola kontseilariaren izenean; Roldán Jimeno Aranguren eta Naiara Ardanaz Iñarga, Nafarraoko Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen izenean; Patxi Pérez Fernández Nafarroako Kazetarien Elkarteko presidentea; Laura Iantzi Mitxelena Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen izenean; eta Irantzu Vázquez Portillo Nafarroako Kutxa fundazioaren izenean.

Hautaketa-aktan jaso moduan, epaimahaiak arrazoi hauengatik hautatu zuen María Amor Beguiristain Gúrpide Txondorra sariaren irabazle: “lurraldearekin lotutako bizimodu jasangarriak aztertu eta babesteagatik; ezagutza tradizionala eta komunitarioaren balioa aldarrikatzeagatik; kultura zientifikoa Nafarroako ondarean errotzeagatik eta tokikoa gizartearekin eta gizon-emakumeekin lotutako nondik norakoak ulertzeko ardatz gisa balioesteagatik”. Irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile gisa egindako lanak hiru ardatz nagusi izan ditu: historiaurreko arkeologia, etnografia eta megalitismoa. 

Bestalde, Joseba Asiron Saez alkateak historiaurrearen eta etnologiaren garrantzia nabarmendu du, “gogorarazten baitigute memoria ez dagokiela soilik liburu eta kontakizun handiei, memoria eguneroko keinuen, errituen, objektuen, bizimoduen eta belaunaldiz belaunaldi helarazitako kontakizunen parte ere baita. Laguntzen digute ulertzen oinordetzan hartzen duguna izateaz ez ezik, zaintzeko eta transmititzeko gai garen hori ere bagarela”. Ildo horretan, Beguiristainen irakasle-jarduna nabarmendu du, 1973-1974 ikasturtean hasi eta gaur egunera arte, baita orain hasi duen lana ere, irakasle emeritu gisa arituko baita Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean. Azpimarratu duenez, “bere ibilbidea gure iraganaren ezagutzaren eta giza zientzien balioaren defendatzaile sutsu baten isla izan da”.

Ekitaldian bi opari trukatu dira: batetik, Asiron alkateak Txondorra saria eman dio María Amor Beguiristain Gúrpideri; bestetik, María Amor Beguiristainek zuzendutako Calendario festivo tradicional. Ciclo de invierno-Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren ale bat jaso du alkateak sarituaren eskutik. Ekitaldian txistuen musikaz eta dantzez gozatzeko aukera izan da. Zehatz-mehatz, Ainara Martínez Ramírezek eta Aitor Urkiza Cirauquik jo dute txistua, eta Mirari Lanza Baldak eta Matías Muñoz Esquinasek dantzatu dute. Gainera, Horra horra kantatu da, Olentzeroren abesti tradizionala.

Nafarroako kultura hedatzeko eta harekiko konpromisoa erakusteko saria
Txondorra sariak euskal kultura herrikoi eta tradizionalaren ezagutza eta babesa aitortu nahi du, baita haren transmisioa ere. Horregatik, egin diren hamaika edizioetan saria jaso dutenek oso errotuta dituzte memoria, zehaztasun intelektuala eta kultura eta tradizioekiko konpromisoa. 

Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, Olentzeroren Lagunen Elkarteak 2015ean jarri zuen abian sari hori, kultura herrikoi eta tradizionala sustatzen eta babesten diharduten instituzio eta pertsonen ibilbide profesionala aintzatesteko xedez. Lehen Txondorra saria Lesaka herriak eta Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldearen sortzaileak jaso zuten, hil ondoko sari gisa.

Urtez urte, euskal eta nafar etnografia, etnologia, folklore eta kultura jorratzen dituzten pertsonen lana azpimarratu nahi izan da. Hauek izan dira, besteak beste, sarituak: Joxe Ulibarrena etnografoa; Juan Antonio Urbeltz etnografoa eta Marian Arregi emaztea; Gabriel Imbuluzqueta kazetaria; Fernando Hualde historialaria; Aurelio Sagaseta Katedraleko Musika Kaperako maisu ohia eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartea taldea. 

TXONDORRA SARIA
•    2015 - Lesakako herria eta Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldearen sortzailea (hil ondoko sari gisa) 
•    2016 - Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoa
•    2017 - Juan Antonio Urbeltz etnografoa eta Marian Arregi emaztea
•    2018 - Pello Apezetxea etnografo, etnologo, idazle eta apaiza
•    2019 - Gabriel Imbuluzqueta kazetaria
•    2020 - Fernando Hualde idazle eta ikertzailea
•    2021 - Cesáreo Soule hargina
•    2022 - Balbino García de Albizu ikertzailea
•    2023 - Aurelio Sagaseta Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohia
•    2024 - Ortzadar Euskal Folklore Elkartea
•    2025 - María Amor Beguristain Gúrpedi
 

¿Te ha sido útil esta página?