Iruñeko Udalak gaur goizean eman dio Iruñeko Zapia Mari Ganuza Senosiáini, hil osteko omenaldi gisa, “kultura herrikoiarekiko zuen konpromisoa, tradizioekiko grina nekaezina eta horiek herritar guztiei hurbiltzeko egin zuen lana” aitortzeko. Bere senideek jaso dute saria, Udalbatza eta Joseba Asiron Saez alkateak parte hartu duten ekitaldi batean.
Mariren alargun Arantxa Bakaikoak eta Juan eta Marisol Ganuza Senosiaín anai-arrebek jaso dute Iruñeko Zapia emozioz beteriko ekitaldi batean, Mari Ganuzaren dozena bat seniderekin batera, besteak beste, koinatu, iloba eta lagunekin. Aintzatespen horren bitartez, Udalak joan den otsailean hil zen Mari Ganuzaren irudia nabarmendu nahi izan du, beti presente egon baita hiriko ekimen herrikoietan. Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak Ganuzak hiriari egindako ekarpen ‘ezin baliotsuagoa’ azpimarratu du, eta hori dela eta merezi du aurten hamar urte betetzen dituen aintzatespena.
Ganuza Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kide izan zen 41 urtez, eta haren lehendakari 1990etik 2019ra. Hamarkada horietan Josephamunda Europako erregina eramateaz arduratu zen. Baina erraldoiak dantzatzeaz haratago, konpartsa herritarren artean errotzea bultzatzeaz eta bere bilakaera babesteaz arduratu zen, uztailaren 14ko erraldoien agurraren antzezpena kasu. 2010ean, lehendakari zelarik, Txupinazoa jaurtitzeko ohorea izan zuen, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren 150. urteurrenaren karietara.
Hori Ganuzaren alderdi ezagunenetako bat izan bazen ere, ez zen bakarra izan. 1990ean Olentzeroren Lagunak Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta haren barruan lanean aritu zen ospakizunaren eraldaketaren alde, gaur egun dena bilakatu zen arte. Erregeen Kabalkadan ere parte hartu zuen, hainbat urtez Gaspar erregearena egiten. Halaber, 18 urtez, Aste Santuan, Udalaren Andre Maria Nahigabetuaren pausoa eraman zuen, Kristo Goratuarenean sartu baino lehen. Iruñearekin zuen loturari eta hiriaren sustapena bultzatzeko zuen interesari esker, Baionarekiko senidetzean parte hartu zuen.
Hori gutxi balitz, Mari Ganuzak diseinatu zituen peñen 80ko hamarkadako dozenaka pankarta, Felix Flamariquerekin batera. Los de Bronce eta Muthiko Alaiak peñen bazkide ere izan zen.
Ibilbide horren aurrean, Iruñeko alkateak ‘tradizioa eta komunitatea bateratzeko zuen ahalmena’ txalotu du, bai eta ‘Iruñeko gizarte- eta kultura-egiturari buruz zuen ezagutza ere’, horrek guztiak ‘hiriarendako erreferente errepikaezina’ bihurtzen duela azpimarratuz.
Iruñeko Zapiaren hamargarren urteurrena
Iruñeko Udalak Iruñeko Zapia saria sortu zuen 2016an “pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzeko, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak –haren historia eta kultura– zabaltzen eta finkatzen”. Saria Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen barruan ematen da, irailaren 8an.
Orain arte honako hauek jaso dute saria: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako jabea; Javier Pagola kazetaria; Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Sexu-argibide eta -plangintzako Andraize Zentroari lotutako ibilbide profesionalagatik; Alberto Undiano Mallenco futboleko nazioarteko epaile ohia; Medikuen Elkargo Ofiziala (Vicente Estremera, medikua) eta Erizainen Elkargo Ofiziala (Belén Izcue, erizaina); Juan José Martinena historialaria; Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo Maté, Osasuna KE-ko emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainak izan zirenak; Donibaneko Adinekoen Ituna, eta Mariví Esparza Mugueta, San Domingoko aldapako San Ferminen irudia zaintzeko arduraduna. Horiei guztiei gehitu zaie orain Mari Ganuza Senosiáin.
IRUÑEKO ZAPIA
2016: Paulina Fernández, La Mañueta txurro-dendako nagusia
2017: Javier Pagola, idazle eta kazetaria
2018: Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa, Andraizeko ginekologoak
2019: Alberto Undiano Mallenco, futboleko nazioarteko epaile ohia
2020: Medikuen Elkargo Ofiziala (Vicente Estremera, medikua) eta Erizainen Elkargo Ofiziala (Belén Izcue, erizaina)
2021: Juan José Martinena, historialaria
2022: Mai Garde Echalecu eta Oier Sanjurjo Maté, Osasunako emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainak
2023: Donibaneko Adinekoen Ituna
2024: Mariví Esparza Mugueta
2025: Mari Ganuza Senosiáin