Hemen dira berriz ere ‘Mapamunditarrak’. 14. edizio hau, oraingoan, gorputzek iragaten dituzten eraldaketa prozesuak arakatzera eta horren irudikapena aztertzera bideratuta dago, hala mundu fisikoan nola eremu digitalean. Jarduera multzoa ‘La transformación/Eraldaketa’ izenburupean garatuko da, irailaren 18tik urriaren 25era, Iruñean eta Uharten.
‘Mapamunditarrak 2020’-k bost agertokitan eskainiko ditu (Iruñeko Ziudadelan, Uharte Zentroan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nafarroako Museoan eta Atarrabiako pilategian) sei artistaren erakusketak: Caroline Delieutraz, Blanca Gracia, Pablo Lerma, Helena Goñi, Mireya Martín Larumbe eta Jorge Martínez Uharte. Horrez gain, urriaren 3an, larunbatarekin, performance bat eginen da Nafarroako Museoan. Programak haur, gazte eta helduei zuzendutako arte-hezkuntzako ildoa mantentzen du. Gaur goizean aurkeztu dituzte jarduerak Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak, Alexandra Baures ‘Mapamunditarrak’-eko komisarioak eta Blanca García, Caroline Delieutraz eta Pablo Lerma egileek.
Iruñeko Udalak programa honen finantziazioan parte hartu du, honako hauekin batera: Uharte Zentroa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Museoa eta Institut Français. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta ‘The Visible Man’-ek ere lagundu dute. Proiektu honek Mecna zigilua eskuratu du, Nafarroako Gobernuak, interes sozialeko ekimen kultural eta artistikoei ematen dien saria.
Udalaren esparruan, bihar hiru erakusketa ezberdin irekiko dira, guztiak Ziudadelan. Blanca Graciaren (Madril, 1989) ‘Hipnosis’ instalazioa, Labean, eta Caroline Delieutraz (París, 1982) egilearen ‘Trolls Just Want to Have Fun’ eta Pablo Lermaren (Bartzelona, 1986) ‘Frame of Darkness’ erakusketak Mistoen eraikineko lehen solairuko I. eta II. nabeetan, hurrenez hurren. Hona hemen erakusketak bisitatzeko ordutegia: asteartetik ostiralera, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.
Bideo-animazioa Labean, ikasleendako jarduerekin
Blanca Graciak ‘Hipnosia’ (2018) bideo-animazio pieza aurkeztuko du Labean. Lanak ikusleak munduan duen tokia topatzea bilatzen du, egungo egoera sozio-politikoari buruz hausnarketa eginez, bidenabar mezu bat bidalita: bertatik ihes egin beharra dago. Lan honetara hurbiltzeko, ikusleak ‘Ataria’-tik (2018) igaro beharko du, mundu bukaeraren mitoaz ari den zeru-oihaletik.
‘Goi-unea bi bariaziotan’ (2017) bideo da erakusketako bigarren elementua, non sortzaileak benetako eta animaziozko irudiak batzen baititu, “mummers play” bat egiteko (antzerki tradizionaleko lana). Aretoan ikusgai daude filmaren atrezzoko pieza batzuk, pantailatik ekintza ateraz.
Labea izanen da aurten aukeratutako tokia, Iruñeko eta Iruñerriko ikastetxeek Arte-hezkuntzako ‘Mapamunditarrak ikasgela’ programarekin bat egin dezaten. Bertan, baina baita etxean ere, ikus-entzunezkoa ikusi ondoren, banakako jarduera bat egiten ahalko da, zeinak ariketa plastiko bat proposatzen baitu, eraldaketari eta honek bata bestearen segidan eragiten dituen ondorioei buruz. Pandemiari aurre egiteko osasun-segurtasun neurriek ahalbidetzen badute, talde txikiei zuzendutako bisita gidatuak eginen dira eskola-orduetan. Argibide gehiago jasotzeko, info@mapamundistas.com helbidera idatzi.
Mistoen eraikina, proposamen bikoitza
Maskarak, siluetak eta argazkiak, horiexek dira Mistoen eraikinean urriaren 25era bitarte ikusten ahal diren bi erakusketen materialak. I. nabean, Caroline Delieutrazek harrera egiten dio ikusleari‘Trolls Just Want to Have Fun’ (2019) instalazio berriarekin. Troll sare sozialeteko pertsonaia ilunen 24 maskaraz eta siluetez osatuta dago. Lan hau ‘Fantastic Blue’ (2019) bideoarekin solasean dago; artistak Instagramen bidez ikusleen eskura jarritako filtro urdina erabiliz internautek atera dituzten selfiak biltzen ditu.
Esparru horretan ere ‘Blue Même’ (2010) bideoa aurkeztuko du, Delieutrazen lehen lanetako bat, non azal urdindun humanoideen fotogramak biltzen baititu sortzaileak: erdi gizaki erdi estralurtar diren izaki hibridoak, gizaki urdinaren idealaren inguruan komunitate bat osatzen dutenak.
Mistoen eraikineko bigarren nabean (1. Solairua), Pablo Lerma argazkilari katalanak collage sorta bat erakusten du ‘A Frame of Darkness’ izenburupean. Aribidean den ikerketa prozesu honetan, argazkilaritzaren historian zehar gay komunitateak eta bere familiek duten presentzia eskasa azpimarratzen du. Horretarako, zenbait artxibo arakatu ditu, adibidez, New Yorkeko J. Cohen Collection bilduma, Amsterdameko zenbait bilduma pribatu edo Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko fototeka. Bilduma hauetatik paisaia adina erretratu aukeratu ditu, eta horiek berrerabili ditu artxiboak ikusi ondoren aurkitu dituen gabezietatik edota xehetasunetatik abiatuta eraikitako maskulinitatearen ikonografia proposatzeko.
NUP, Uharte Zentroa eta Nafarroako Museoa
Bestalde, irailaren 2tik aurrera, Helena Goñi (Bilbo, 1990) argazkilariaren ‘Tell me how close we are to a riot’ erakusketa bisita daiteke Sarion (NUPeko Campusa, Iruñean). Argazki-erakusketan, argazkilariak 2008ko krisian hazitako gazte-komunitatearen belaunaldiko erretratua egiten du, Bilboko punk azpikulturaren testuinguruan.
Halaber, irailaren 4tik aurrera, Mireya Martín Larumbek (Iruña, 1980) eta Jorge Martínez Uhartek (Iruña, 1966) ‘Fase-aldaketa gelan’ (Uharte Zentroa) izenburua duen prozesu artistikoa abiatu dute elkarrekin, habitatu eta sortzearen ideiaren inguruan. Ostiral arratsaldeetan ikusleekin topaketak eginen dituzte bere lantegian eta urriaren 23an, ostiralarekin, 18:30ean, prozesu honen ondorioak aurkeztuko dituzte.
Azkenik, urriaren 3an, larunbatarekin, 19:00etan, sorkuntzarekin beste hitzordu bat: soinu-perfomanceari eskainitako saio bat, Anna Holveck-en (París, 1993) eskutik. Artista bisual eta konpositore gazteak bere ekintzen bideoen hautaketa aurkeztuko du eta performancea eginen du, ‘Benetako arrantzaleak berak ezkutatu zuen arraina harriaren atzealdean’ izenburupean, Nafarroako Unibertsitateko Museoaren atondoan.
Pablo Lermaren ‘Arga’ urriaren 25era arte egonen da ikusgai Atarrabiako pilategian: zuhaitzei egindako argazkien bilduma eguzkiaren argi aldakorraren fokupean, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren funtsaren argazkiak. Agiriotan, ibaia hiriaren garapenerako funtsezko elementu gisara agertzen da, baita bertako biztanleengan duen eragina ere.
Mapamunditarrak 2020
-
Caroline Delieutraz: ‘Blue Même’; ‘Fantastic Blue’; ‘Les vagues; Trolls Just Want to Have Fun’. Mistoen eraikina
-
Pablo Lerma: ‘Arga’. Atarrabiako pilategia; ‘A Frame of Darkness’. Mistoen eraikina
-
Blanca Gracia: ‘Hipnosia munduan zure tokia aurkitzeko’; ‘Goi-unea bi bariaziotan’. Labea
-
Helena Goñi: ‘Tell me how close we are to a riot’. NUP
-
Anna Holveck: ‘Le vrai pécheur a lui-même caché le poisson derrière la pierre; Variations pour souterrains; Feedback; En une expiration’. Nafarroako Unibertsitateko Museoa
-
Mireya Martín Larumbe eta Jorge Martínez Uharte: ‘Fase-aldaketa’. Uharte zentroa