‘Mapamunditarrak 2022k’ begiratzearen ekintzari buruz eta ikusi ezin denari buruz hausnartzen du, erakusketa, topaketa, zinema, sormen-lantegi eta hitzaldien bidez

‘Mapamunditarrak 2022k’ begiratzearen ekintzari buruz eta ikusi ezin denari buruz hausnartzen du, erakusketa, topaketa, zinema, sormen-lantegi eta hitzaldien bidez
Ziudadelako Labean Abigail Lazkozen erakusketa bat dago ikusgai, eta Mistoen eraikinean Estitxu Arroyo eta Sandra Rocharen erakusketa bana
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi

‘’Ikus dezakedanaz harago’ da Iruñean eta Atarrabian urriaren 23ra bitarte egonen den Mapamunditarrak ekimenaren hamaseigarren edizioaren izenburua. Banakako bost erakusketa, topaketa- eta performance-ziklo bat, zinema emanaldiak, sormen-lantegiak eta ikastetxeetarako hezkuntza proposamen batek osatzen dute fokua gorputzean –gizarte-eraldaketarako esparru gisa– jartzen jarraitzen duen diziplina anitzeko programa; aurten pertzepzio-aldaketan eta lehen begiradan ikusten ez den horretan sakontzearen alde egiten du.

Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak, Alexandra Baurés Mapamunditarrak erakusketaren komisarioak eta Estitxu Arroyo eta Sandra Rocha artistek aurkeztu dituzte programaren egitaraua eta ziklo horri loturik Ziudadelan ikusgai dauden erakusketen programazioa. Gainera, Mapamunditarrak 2022k bat egiten duenez 1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenarekin, zeinek artea abentura kolektibo, zeharkako eta eraldatzaile gisa abiarazi baitzuten, aurtengo edizioak hainbat aukera eskaintzen dizkigu artistekin elkarrizketan aritzeko, eta hartara, artea elkartzeko, ikasteko eta ospatzeko toki pribilegiatu bihurtzeko. Programa osoa eskuragarri dago www.mapamundistas.com webgunean.

Aurtengo programan parte hartzen duten artistak ikus daitekeenaren mugetan daude, eta haien lanetan begiradei debekatuta dauden eremuak arakatzen dituzte, hala nola itzala edo ikus-eremutik kanpo dagoena. Arrastoei ere erreparatzen diete, hondarrei, hau da, zerbait hutsaltzean geratzen den horri. Era berean, begirada desaktibatu nahi dute, edo, hobeto esanda, gorputz osora eraman, eskuekin, oinekin edo hezurrekin begiratuz, eta bidea irekiz beste seinale batzuei, hala nola dardarari. Askotariko teknikak baliatzen dituzte horretarako, hala nola argazkilaritza, zeramikagintza, zinema, marrazketa, eskultura edo ekintza, eta hein berean, esperimentaziorako eremuak eta gogoeta komunak partekatzen dituzte. 

Erakusketak Ziudadelan
Ziudadelan Mapamunditarren hiru erakusketa jarri dira; horiei gehitu behar zaizkie NUPeko El Sario eraikinean ikus daitekeen Oier Iruretagoienarena (‘Mundurik gabeko paisaia’) eta Atarrabiako pilategian dagoen Raquel Asensirena (‘Tentare’). Ziudadelako Labean Abigail Lazkozen ‘Erebo’ dago ikusgai. Artistak artearen historia berrikusi eta teknika-multzo bat bildu ditu, xede dutenak eragoztea aplikatzen diren pintura edo eskulturen zati bat ikus dezagun. Marrazkiek eta eskulturek multzo bat osatzen dute, eta kolorea, geometria, trama, errepikapena edo bolumena ardatz hartuta, hainbat ñabardura eta eginkizun dituzten itzal ugari sortzen dituzte. 

Mistoen eraikinean, Sandra Rochak ‘Le moindre soufflé (Hatsik txikiena)’ proposatzen du. Azoreetan –bere jatorrizko uharteetan– hartutako argazki-sorta bat da; horietan, Ovidioren Metamorfosiak inspirazio-iturri hartuta, hainbat eszena osatu ditu, non neska-mutil nerabeak paradisuko lorategian barna baitabiltza. Gorputz gazte horiei egindako argazkien bidez, eraldatzearen ideia azpimarratu nahi du, eta hausnartu identitatearen, generoen eta bestearekiko barne-barneko topaketa eraikitzearen inguruan, lotura estua ezarrita gizakien eta gainerako izaki eta elementuen artean.

Mistoen erakinean bertan, Estitxu Arroyo Sanchezek ‘Ikus daitekeena eta ezkutuan dagoena’ du erakusgai. Ikusleei gonbit egiten die ur-bilatzaileen lana gogora ekartzen duen instalazioan barna mugi daitezen; izan ere, ur-bilatzaileak landa-eremuan lurpeko ur-korronteak detektatzeko gai dira gailu errazak erabilita. Hagaxkak, penduluak edo adarrak gorputzaren luzapen gisa erabiltzen dira lurrean seinaleak hautemateko. Hala, dardara bitarteko alternatibo gisa erabiltzen da mundua behatzeko eta begiratu batean ikusten ez dena ezagutzeko.

Hiru saioko zinema-zikloa,urrian
Urriko lehen hiru asteetako ostegunetan, 19:30ean, zinema-ziklo bat izanen da Iturramako Civivoxean, eta gaztelaniaz azpititulatutako hiru film luze emanen dira jatorrizko bertsioan. Urriaren 6an Lucq Jacqueten ‘Il était un forêt (Bazen behin baso bat)’ ikusten ahalko da; bertan dokumental gisa azaltzen da oihan tropikalaren hazkuntza-prozesua. Chris Markerren ‘San Soleil (Eguzkirik gabe)’ da urriaren 13rako proposamena. Gutunetan, bidaia-egunerokoan edo ikusitakoan oinarritutako saiakeraren antza du filmak; Japonian eta Ginea Bissaun eginiko grabazioak hartu ditu oinarri eta begiratzearen ekintzari buruzko gogoeta egiten du. 

Emanaldi-zikloa saio berezi batekin itxiko da; zinema egiteko modu bera darabilten bi film labur emanen dira, argazki-bildumak baliatuz eta berariazko grabaziorik egin behar izan gabe egindakoak. Jean – Gabriel Périoten ‘Nijuman no Borei, 200000 fantômes (200.000 mamu)’ eta Peio Aguirreren ‘Un retrato de N.B. (N.B.ren erretratu bat) ikuskatuko dira. Lehenak hitzik gabe adierazten du Hiroshima hiriaren historia 1915etik 2066ra, bonba atomikoa erori aurretik eta ondoren; bigarrena Nestor Basterretxea euskal artistaren ‘doku-saiakera’ bat da. Saioa osatzeko solasaldia eginen da Peio Aguirrerekin. 

Jarduera osagarriak
Mapamunditarren erakusketak osatzeko hainbat jarduera eginen dira artistak bertan direla, era horretan ikusleekiko harremana sendotu eta sormen prozesuari buruzko hausnarketa sustatzeko. Aste honetan argazkilaritza-lantegia egin da Sandra Rocharekin, eta haren lanak ikusgai egonen dira Zarys Falcón eta Abigail Lazkozekin batera eginen den topaketan, irailaren 17an (larunbata), 12:00etan, Antartikan (Kale Nagusia 53).

Irailaren 24an, 12:00etan, Alfonso Borragánen ´La guaca’ bideo-saiakera ikusten ahalko da Atarrabiako San Andres errotan, Arga ibaian metatu eta korronteak garraiatutako altxor zatiei buruzkoa, baita Joana Capella & Roc Domingoren ‘De perdidos al río’ proposamena ere, ibai baten ibilguari segika doazen bi pertsona bakartiren bidaiari buruzkoa. Azkenik, urriaren 1ean, 19:00etan, Nafarroako Museoan, ‘Tronar y hacer vibrar la membrana del mundo’ izenburuko hitzaldi performatiboa eginen da Jaime Vallaurerekin, musikaz lagunduta eta ezjakintasunari, desorientazioari eta porrotari buruzko gogoetekin. 


 

¿Te ha sido útil esta página?