Manuel de Falla eta Urrobi Errekaren kaleen inguruko esku-hartzea oinezkoendako espazioa irabazteko eginen dira, eta urtarril bukaerarako amaituko dira

Manuel de Falla eta Urrobi Errekaren kaleen inguruko esku-hartzea oinezkoendako espazioa irabazteko eginen dira, eta urtarril bukaerarako amaituko dira
COVID-19ak eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuak behin behineko jarduketa batzuk aurreratu dituzte, eta 3,5 milioiko behin betiko proiektuaren aurretik etorri dira

Iruñeko Udala Manuel de Falla eta Urrobi Errekaren kaleen esku-hartze taktikoaren lehenengo fasea egiten ari da eta, hilabete bukaeran, bigarren faseari ekinen dio sortutako espazio berriak Zaragozako etorbidea eta Blas de la Sernarekin lotzeko. COVID-19aren krisiak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu handiagoa sustatu du eta, horren ondorioz, Milagrosako berrurbanizatze horren kasua asmo handiko proiektuan dagoeneko bilduta zeuden jarduketak aurreratu dira, hala nola, oinezkoendako espazio berriak eta trafikoaren berrantolaketa. 

Aurreikusten da bi faseetako lanak urtarril bukaerarako amaituko direla, 200.000 euro inguruko inbertsioa egin ondoren. Honako lan hauek egin behar dira: espazioaren berantolaketa, lurrean margoturiko tramaren bidez, hiri- eta lorezaintza-altzarien instalazioa eta oinezkoendako pasabide berrietan seinaleak jartzea. Oinezkoendako igarobide eta egonleku eremuak sortuko dira, ibilgailuen zirkulazioa mugatuko da (soilik garajeetara sartzeko), zirkulazio-zirkuituak ezarriko dira eta aparkaleku plazak kenduko dira, 3. sektoreko bizilagunendako bakarrik prestatutako aparkatze-eremu berdearekin konpentsatuko direnak. Esku-hartzeak, beraz, amaitzear dauden Juaristi Doktorea eta Andre Maria Laguntzako kaleetan egindakoen eskema bera jarraitzen du.

Fermin Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eremu honetan egiten ari diren lanak azaldu ditu eta esan du Udalak eremu publikoak azkarrago berreskuratu nahi dituela gaur egungo pandemia egoeran. Edonola ere, jarduketa horiek jada idatzita dagoen berrurbanizatzearen behin betiko proiektuak biltzen duen eta faseetan ere egina dagoen planaren aurrerapena da; gutxi gorabehera 3,5 milioi euroko aurrekontua dauka eta eremu osoari eraginen dio. 

Lehenego fasea gauzatzen

Lan horien lehenengo faseak, urriaren amaieratik jada egiten ari denak, Manuel de Falla kaleari, hasieratik, San Fermín eliza ondotik, Urrobi Errekaren kaleko bidegurutzeraino eragiten dio, hori barne, eta baita Guelbenzu kalearen bidegurutzeari ere. Lanek 97.555 euroko aurrekontua dute eta Construcciones Lacunza enpresari esleitu zitzaizkion. 

Zenbait gune zehazten ari dira dagoeneko, oinezkoen zirkulaziorako eta bertan egoteko, ibilgailuen zirkulazioari tokia irabaziz, hura eremu honetan mugatuko baita. Plaza berri horiek San Fermín elizaren parean egonen dira, Guelbenzu eta Manuel de Falla kaleen elkargunean, eta jarduketaren erdian, erdiko plaza gisa, Urrobi Errekaren kalea, Urrobi Errekaren zeharkalea, Araxes Errekaren kalea eta Manuel de Falla kalea elkartzen diren tokian. Jarduketa soilez, lurra koloretako tramaz margotuz, zedarrituko dira oinezkoendako eremu berriak, hiri-espazioari kalitate handiagoa emanen dioten altzairu berriak (bankuak ta paperontziak) nahiz jardineretan landare-elementu desberdinak ere jarriz, gaur egun inongo landaretza-elementurik ez duten kaleetan. 

Oinezkoen eremu berriek aparkatzeko tokiak kentzea eta zirkulazioko barne-ibilbide berriak sortzea ekarriko dute. Ibilgailuak ezingo dira, adibidez, etorkizuneko erdiko plaza handitik igaro, ibilbide perimetralaren batean barna izan ezik. Kendutako aparkatzeko tokiak arintzeko, eremuko 90 aparkatze-plaza inguru eremu berdegunekoak bilakatu dira, sektoreko bizilagunentzako bakarrik. Hona plaza horien kokapen berria: El Mochuelo kalean, Queiles Erreka eta Ulzama Errekaren kaleen artean dagoen Irati kaleko zatian eta Zaragozako etorbideko alde bakoitian dagoen aparkaleku-poltsa txiki batean, Queiles Erreka eta El Mochuelo kaleen artean. 

Zaragozako etorbidea eta Blas de la Sernarekin lotzeko bigarren fasea

Gobernu Batzarrak dagoeneko bigarren fasearen jarduketa horiek esleitu ditu; egun batzuk barru hasiko dira eta urtarrilaren amaiera arte iraunen dute. Bigarren fase horrek lehenengo faseko lanekin lotutako bi eremu barne hartzen ditu. Alde batetik, Urrobi Errekaren kalean jardunen da, Zaragozako etorbidetik Irati Errekaren kaleko bidegurutzeraino, eta, bestetik, Manuel de Falla kalean, elkargunetik Blas de la Serna kaleraino. 99.946,49 euroko aurrekontua dauka eta hau ere Construcciones Lacunzak eginen du.

Espazioa berrantolatuko da, galtzadan trama bat margotuz, hura espazioaren geometriari egokituta, eta aldi berean egonlekuak eta oinezkoen zirkulazio-guneak zedarrituko ditu. Oinezkoen pasabide-tarte batzuk ezabatuko dira, bai eta kendutako aparkatze-plazetako marrak ere. Urrobi Erreka eta Manuel de Falla kaleetan zehar sortutako egonleku berriak hornituko dira bankuez eta aulkiez, jardineraz, paperontziez... Zirkulazioa baretzeko, oinezkoendako pasabide jasoa eginen da Zaragoza etorbidetik Urrobi Errekaren kaleko sarbidean. Halaber, Guelbenzu zeharkalearen eta Blas de la Serna kalearen arteko Manuel de Falla kaleko tartea noranzko bakarreko zirkulaziora murriztuko da, zenbaki bakoitien aldean oinezkoendako espazioa lortuz. 

Trafiko erreiak marra jarraituen bidez mugatuko dira Urrobi Erreka eta Manuel de Falla kaleetan aldatutako tarteetan. Markatuko da, baita ere, Irati Erreka kaletik Urrobi Errekaren kalera doan zirkulazio-erreirako sarbidea. Ezinen da ezkerrera biratu, hartara handitzeko lehenengo fasean hasitako oinezkoendako erdiko eremua. Araxes Errekaren kaleko espazioa, Elorz Erreka eta Urrobi Errekaren kaleen artean, zaku-hondoa izanen da, luzera gutxi baitu.

Behin betiko berrurbanizazioa, aurrekontu-partidaren zain

Kostu txikiko jarduketa horiek Manuel de Falla, Urrobi Erreka eta Irati Erreka kaleak berrurbanizatzeko Udalak idatzitako Proiektuak ezarritako ildoari jarraitzen diote, eta aurrekontu-partidaren zain daude, egin ahal izateko. Proiektu horrek bi ardatz sortuko ditu eremu honetan: batak, Ipar-Hegoko noranzkoan, Felisa Munárriz plaza elkartuko du Milagrosako garapen berriarekin Manuel de Falla eta Irati Errekaren kaleetan barna, eta bestea, Eki-Mendebaldekoan, Zaragozako etorbidetik Ilargi Enea parkeraino doa, Urrobi Errekaren eta Manuel de Falla kaleetan barna.

Proiektuak barne hartzen du oinezkoendako zenbait plaza berriren diseinua, gaur egun egiten ari diren lanetan taxutzen ari direnak, eta baita zirkulazioaren berrantolaketa ere, zirkulazio-noranzko berriek ibilgailuek Milagrosako eremu hau zeharkatzea ekidinen dute, auzoko beste puntu batzuetara laster heltzea ahalbidetuz. Proiektuak barne hartzen ditu azaleraren zoladura-lanak, oinezkoena eta ziklistena bilakatzeko, lur gaineko argiztapena eta lorategiez zein zuhaitzez diseinatutako egonlekuak. Horren osagarri dira, halaber, ur- eta saneamendu-horniduraren kanalizazioa berritzeko proiektua, Iruñerriko Mankomunitateak eskatuta, esku-hartzea integrala izan dadin. Berrurbanizatzea-lanak, 3 milioi euroko kostuaz, hiru fasetan garatu nahi dira, hurrengo aurrekontu-ekitalditako finantziazioaz. 

Hain zuzen ere, saneamendu-proiektu horrek zehazten du behin betiko berrurbanizatzea betetzeko ordena. Hiru faseetako lehenengoa Irati Errekaren kaleari dagokio, saneamenduko kanalizazioaren maldaren kota baxuenean baitago. Ondoko urteetan, 2. eta 3. faseei ekingo zaie, gaur egun egiten ari diren jarduketekin gainjartzen direnak. Inguruabar hori kontuan hartu da eta orain jarritako hiri-altzariak (jardinerak eta bankuak) hiriko beste lekuetan jar daitezke obra egiten denean, edo, bestela, erretiratu eta berriz jarri eremu berean.
 

¿Te ha sido útil esta página?