Maite Canto Equisoáinek Nest (Habia) erakusketa aurkeztu eta irailaren 15a arte izango du ikusgai Ziudadelako Bolborategian, nork bere inguruan sortzen dituen mundu txikiak ardatz dituzten hamabost bat artelanez. Erretxinak, erretxina ekologikoak eta beira-zuntz mota ezberdinak behatzen emandako bi urte baino gehiagoko sormen-prozesuaren emaitza da erakusketa. Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko zuzendariak eta egileak berak goizean aurkeztu dute, prentsaurrekoan, arratsaldean jende ororentzat irekiko den erakusketa. Erakusketa asteartetik ostiralera ikus daiteke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. María Canto bigarren aldiz du erakusketa bat Ziudadelan; izan ere, 2014an ere izan zen hor. Bere estiloa, baina, ezberdina da orain, margogintzatik pixkanaka hiru dimentsioko mundura igarota.
Cantoren Nest (Habia) “aurreko garaiaren –piktoerliebeen– garapen formalaren emaitza da” eta nork bere inguruan dituen mundu txiki guztiak zedarritzen ditu. Amaren umetokian gaudenetik guretzat eroso diren esparruen bila aritzen gara: familia, bikotea, lana, azturak... Hain egunerokoak, hain geureak non horien ahuleziak zein indarguneak ikusezinak bihurtu ohi baitzaizkigu. Halaber, “pertsonen arteko loturak dira, nolabaiteko indar-sarea, mundua benetan mugitu eta eraldatzen duen keinuaren bidez helarazia. Txundigarria, hauxe: habia bere izaera egonkor eta mugiezinarekin gatazkan dago, eta aldi berean, etengabeko mugimenduan, eraikitze-lanetan”.
Koloreak indarra helarazten dio guztiari
Artelanen ezaugarrietako bat kolorea da: “kolore-uholdeak indarra helarazten dio guztiari. Artelanak –gehien bat kolore bakarrekoak– irudien eta mugimenduaren ahalmena agerian uzten du, haien bidez, ikusizko keinuek bezala, benetako sentimenduak helaraztera bideratuta”. Irudiez bezainbatean, egileak zera dio “izaerarekin bat datoz. Borobil zentrokidea ala geruzatan, itxuraz hauskorrak, samurrak ala erasokorrak. Artelanean gauzak kontzeptu bilakatzen dira, azalekoa baztertuz eta irudiak helarazi nahi dugun burutapenaren adierazpentzat hartuz. Horrela bada, dirudienez, artelan batzuek ikuslearengandik babesten dute beren burua; beste batzuek hura inguratzen dute, sehaskatzen, onartzen edo, besterik gabe –kanpokoaz axolarik gabe–, behatzen uzten diote”.
Zehatz-mehatz, “txori-habia, erlekumeak, belarra, adarrak, neurona-loturak, korapilatutako olatuak, lore barnehutsak... Apurtutako egiturak, barnean ezer eduki ezinean. Erabilgarritasunaz gabeturik, bakarrik itxurazko edertasuna hartzen dute aintzat, beren betebeharretik aske, edozein perfekzio-izpitik urrun. Edozein gai sendotasun berberaz lantzen da; haizea, ura, lurra... ezer ez da irmoa, guztia mugitzen ari da etengabe”.
Nest-en prozesuarekin batera eta askeago, Cantok Shield (Ezkutua) beira-zuntzezko artelana sortu du: “areriotasunetik, beldurretatik, minetik... babesteko sortzen dugun edozer da. Esanahia axola gabe, kolorea eta egiturak nahasten dira, horiek organikoagoak izan daitezen. Bukatu gabeak, desegituratuak... dirudite, eta hortxe dago haien edertasuna”.
Diseinatzailea eta artista
Maite Canto Equisoáin (1973) Arte Ederretan lizentziaduna da, Diseinuko espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean (1998). Master hau ere badu: Teknologia Berriak, Diseinuan Aplikatuak, Argilan zentroan. Gasteizen eta Iruñearen artean, batetik bestera, bizi da, eta azken horretan finkatu du bere ohiko etxebizitza.
Diseinatzaile-ibilbide luzean, lan andana argitaratu ditu enpresa handietarako –Euskaltel eta Gas Natural, esaterako–, GKEetarako –Anesvad– eta erakunde publikoetarako –Bilboko zein Arabako Parke teknologikoak, Eusko Jaurlaritza, Euskalduna jauregia–. Halaber, diseinuak egin ditu hoteletarako –Hesperia–, genero-indarkeriaren aurkako kanpainarako eta museoetarako –Thyssen Málaga, Guggenheim Bilbao–. Azken museo horretan, Milango Fedrigoni Nazioarteko I. diseinu-lehiaketan jasotako diseinu-sariaz aintzatetsia izan zen, Armaniren erakusketarako diseinatu zuen ikus-entzunezko sortagatik.
Maite Cantoren lan artistikoa galeria eta erakunde publikoetan izan da ikusgai, batez ere, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan, hala nola toki hauetan: artes2estudio arte-galeria (2008) eta Vital Kutxa Fundazioa (2011), Gasteizen. Baita toki hauetan ere: Ziudadela (2014); Iturramako Civivoxa (2009); Burlatako Uranga jauregia (2010); Agoitz eta Lodosako kultur etxeak (2009) eta Lizarra eta Vianakoak (2010); eta beste gune publiko batzuk –NUPen (2011), Martzillan (2012), Zangozan (2016)–.
Maite Cantoren artelanen zenbait katalogo argitara eman dira erakusketekin batera: Distirak, H2O, Donejakue Bidea, Silicone21 eta gaur Ziudadelan aurkeztu dena, Nest – Shield (Habia – ezkutua). Horietan bilakaera artistikoa ikusten da, margolaritza abiapuntu, mundu tridimentsionalera igarota, hots, diseinu-esparruan garatu duen lanak eragindako eskulturara.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Maite Canto Equisoáinek Nest (Habia) erakusketa aurkeztu eta irailaren 15a arte izango du ikusgai Ziudadelako Bolborategian, nork bere inguruan sortzen dituen mundu txikiak ardatz