Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Nafarroako ordezkaritzaren martxa solidarioak Iruñeko kaleak beteko ditu berriz 2018an, maiatzaren lehenengo igandean, hots, 6an. Bost kilometrokoa izango da, Iruñeko Ziudadelan hasiko da eta Gazteluko plaza izango da helmuga. Asmoa da martxa solidario, herrikoi eta ireki bat egitea, inondik inora podiuma edo denbora-zerrendak dituen lasterketa-lehiaketa bat egitea.
Edizio berria gaur goizean aurkeztu dute Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Nafarroako AECC elkarteko presidente Francisco Arasanzek, eta haiekin batera izan dira Caixabankeko Nafarroako lurralde-zuzendari Ana Diez eta Nafarroako Kutxa Fundazioko presidente Javier Miranda. Ekitaldian izan dira, baita ere, martxa bera eta helmugan antolatzen diren familiendako jarduerak egitea posible egiten duten enpresa babesleak.
Hitzordu honen bitartez eskuratzen diren baliabideak minbiziari buruzko ikerketara bideratzen dira oso-osorik, ikerketa gakoa baita gaixotasun horri aurre egiteko. Nafarroako AECC elkarteko datuen arabera, 200 minbizi mota baino gehiago daude, eta horietako bakoitzak oso bilakaera diferentea dauka gaixoetako bakoitzean; hortaz, horiei aurre egiteko irtenbideek ere askotarikoak izan behar dute. Aurten, Nafarroako AECCk 210.000 eurotik gora bideratuko ditu minbiziari aurre egiteko ikerketara; Nafarroako Kutxa Fundazioak eta La Caixa fundazioak, beren aldetik, 6,4 milioi bideratzen dituzte ikerketara, beren gizarte-ekintzako programen barruan, Nafarroako lau unibertsitate-zentroetan egiten diren proiektuen bidez.
Korrikalariek edota korrika egitera atera ez baina dortsal bat erosita lagundu nahi duten kolektibo zein pertsona solidarioek gaurtik aurrera eman dezakete izena V. Martxan, kirolei eskainitako El Corte Ingléseko solairuan formulario bat beteta (merkataritza-ordutegian), edo, bestela, zuzenean, esteka honen bidez: https://www.rockthesport.com/es/evento/aeccnavarra2018/. Izena emateko epea martxaren aurreko egunean (maiatzak 5) itxiko da, 14:00etan. Izena emateko 6 euro ordaindu behar dira, zeinak oso-osorik minbiziari aurre egiteko ikerketara bideratuko baitira, dohaintza gisa.