Iruñeko Udalak uztailaren 6an Txupinazoa jaurtiko duen pertsona edo kolektiboa aukeratzeko parte-hartzeko prozesua berreskuratuko du. Prozesua otsailaren 21ean, asteazkenarekin hasiko da, egun horretarako deitu baita Sanferminetako Mahai Orokorra , Kondestablearen jauregian, 18:30ean, eta martxoan zehar osatzen joanen da, maiatzaren 6tik aurrera herritarrek hautatuko dituzten hautagaiak aurkezteko.
Halaber, otsailaren 28an, asteazkenarekin, berriro deituko da hiriko kolektiboei zuzendutako mahaia, Sanferminetako gune autogestionatuen lagapena jorratzeko. Gaur goizean Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak eta Borja Izaguirre Hiri Bizigarriko eta Jasangarriko, Proiektuetako eta Mugikortasuneko eta Hiri Kontserbazioako eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak, herritarrak jaien diseinuan eta prestaketan inplikatzea xede duen prozesuaren jarduketa-printzipioak, araudia eta kronograma aurkeztu dituzte.
Berriz ere, 2016tik 2019ra gertatu zen bezala, Sanferminetako Mahai Orokorrean dauden kolektiboek aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta Alkatetzako Alorreko zuzendariak eta idazkari teknikoak, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta mahaiaren zuzendariak osatutako batzorde teknikoak baliozkotu ondoren, 16 urtetik gorako erroldatuendako herritarren bozketara pasako dira.
Iruñeari gizarte-, hezkuntza-, zientzia- edo kultura-esparruetan ekarpenak egin dizkioten pertsona fisiko edo juridikoen 5 hautagai izaten ahalko dira gehienez ere. Prozeduratik at geratuko dira alderdi politikoak, erakunde sindikalak eta enpresa erakundeak eta konfesio erlijiosoak.
Festei hasiera nork emanen dien erabakitzea Alkatetzaren eskumena da, beraz, prozedura berria organo horren Dekretu batean jasoko da. Alkatea izanen da parte-hartzeko prozesu horren bidez aukeratutako izena ekainaren 11n aditzera emanen duena.
Lan-kronograma
Otsailaren 21ean Sanferminetako Mahai Orokorra eginen da. Foro hori Iruñeko festen inguruko antolamenduari buruzko kontsultak egiteko, informatzeko eta aholkuak emateko organoa da. Alkatea buru dela, udal-teknikariak, zinegotzi ordezkariak, udal-taldeak eta festekin lotutako 80 kolektibo baino gehiago biltzen dira bertan. Datorren ostegunean gune horretan, Txupinazioa jaurtiko duenaren hautapen-sistemaren araudia xehe-xehe azaltzeaz gain, mahai sektorialen deialdiei buruzko argibideak emanen dira. Izan ere, martxoaren 13tik aurrera eta beti asteazkenetan, Kultur-programazioaren Mahaia, Sanferminak berdintasunean Mahaia eta Entzierroaren Mahaia deituko dira hurrenez hurren, Nazioarteko interes turistikoko jai izendatutako Iruñeko festen hainbat alderdiri heltzeko.
Gainera, hilabete honetan bertan, otsailaren 28an, bost urteren ondoren, Segurtasun eta Kultura arloek deitutako taldeei espazioak lagatzeko Mahaia bilduko da, hiriko hainbat erakunderendako gune autogestionatuen balizko kokapen fisikoak aztertzeko. Topaketa horien asmoa da "Herri-sanferminen" eredua bultzatzea, tradizioak ez ezik, herritarren jaietako inplikazioa ere indartuz, ikuspuntu guztietatik. Parte-hartzeak jardueren eskaintzatik hasi eta Udalak eta herritarrek Sanferminak jai seguruak eta eraso sexistarik gabeak bihurtzeko egiten duten ahaleginera arte izan behar du eragina.
Txupinazoa aukeratzeko prozesua: lehenengo atala
Sistemak bi maila dauzka. Alde batetik, maiatzaren 6tik 19ra bitarte Sanferminetako Mahai Orokorrean dauden elkarteek proposamenak egin beharko dituzte. Eskaeretan hautagaitza babesteko merezimenduen memoria labur bat aurkeztu beharko da, ohore hori nahi duen pertsonaren edo erakundearen berariazko baimenarekin batera. Udaleko edozein erregistrotan egin beharko dute, telematikoa barne. Elkarte bakoitzak proposamen bakarra aurkezten ahalko du.
Horrela aurkeztutako proposamen guztiek eskaera aurkezteko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko kontrol formala egitea eta hautagaiek merezimendu nahikorik duten ala ez aztertzea batzorde tekniko baten lana izanen da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Alkatetzako Alorreko zuzendariak eta idazkari teknikoak, Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorreko zuzendariak.
Maiatzaren 22an proposamen horiek Mahai Orokorrera eramanen dira. Mahaian ordezkaturiko elkarte eta kolektiboek aurkeztutakoen artean bost hautagai aukeratzeko bozkatuko dute, 1etik 5era bitarteko bozketa-sistemaren bidez. Proposatutako hautagaiak 5 edo 5 baino gutxiago badira, ez da Sanferminetako Mahairako deirik eginen eta hautagaiak zuzenean ezagutaraziko dira. Baldin eta mahaian kontsentsurik ez badago, ez bada baleko proposamenik aurkezten edo hautagai bakarra aurkezten bada, Iruñeko alkateak aukeratuko du izena.
Bigarren fasea: herri-bozketa
Proposamenik badin bada, maiatzaren 27tik ekainaren 9ra bitartea herritarrei dei eginen zaie txupinazoa nork botako duen aukeratzeko prozesu horretan parte har dezaten. Data horietan, Iruñean erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak boto bakarra ematen ahal izanen du, beti bere NANa edo nortasuna egiaztatzen duen antzeko agiria adierazita.
Horretarako hiru bide egonen dira: digitala (www.pamplona.es/eu udal-webgunean ekainaren 9ko 24:00ak arte), telefono bidezkoa (010 Herritarrendako Arreta-telefonoaren bidez, kasu honetan ekainaren 8a arte) eta aurrez aurrekoa (Kondestable Civivoxean eta Mendillorriko Civivoxean jarriko diren boto-paper eta hautestontzien bidez). Elkarteek edo kolektiboek ezin izanen dute inolako hautagairen aldeko kanpainarik egin.
Epearen amaieran emandako boto guztiak zenbatuta zehaztuko da aukeratutakoaren izena eta, beraz, Udaletxeko balkoitik 2024ko sanferminei hasiera emanen dien pertsona edo erakundea zein izanen den. Bi hautagairen edo gehiagoren artean berdinketarik balego, suziria batera jaurtitzea proposatuko da.
Uztailaren 6a
Prozesuaren araubidea uztailaren 6an, eguerdiko 12:00etan suziria jaurtitzeko deia eginda amaituko da. Gainera, araudiak ezarritakoaren arabera hautatutako pertsona fisikoa edo entitatea honako protokolozko hitzekin zuzendu beharko zaie plazakoei: “Pamploneses, pamplonesas, ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermín!” Debekatuta egonen da hitz horiek aldatzea edo zehaztutako testuari beste zati, balorazio edo bestelako baldintzarik gehitzea.
Azken 10 urteotan, 2020an eta 2021ean jaiak bertan behera utzi zirela kontuan hartuta, bi sistema desberdin erabili dira. 2016tik 2019ra bitarte eta 2024an (egiteke), herritarren parte-hartzeko prozesu baten bidez egin da. Horrela hautatu ziren La Pamplonesa, DYA, el Tuli eta Motxila 21. 2015ean eta azken bi urteetan suziria honako hauek jaurti zuten suziria: Iruñeko Orfeiko Javier Araneguik eta La Veleta peñako Chantal Estradak (2015) eta 2022an eta 2023an, alkateak aukeratuta, Juan Carlos Unzué futbol-jokalari ohiak eta Luiz Sabalzak Osasunaren izenean, hurrenez hurren.
2015era arte sanferminei hasiera emateko ohore hori alkateak txandaka ematen zien Udalean zeuden alderdi politikoetako ordezkariei, agintari gorenetik hasita; aldian-aldian, Alkateak zuzenean aitorpen berezia eman nahi zien erakunde, elkarte edo kirol-klubak ere izendatzen ziren.