Maiatzaren 11tik 17ra bitarteko astean ibilgailu elektrikoak doan kargatzeko aukera egonen da Iruñeko lurpeko hiru aparkalekutan

Maiatzaren 11tik 17ra bitarteko astean ibilgailu elektrikoak doan kargatzeko aukera egonen da Iruñeko lurpeko hiru aparkalekutan
Udalak eta Telpark enpresak ibilgailu elektrikoen erabilera sustatu nahi dute, eta horretarako, hiriko erdiguneko hogeita hamar bat gunetan doan kargatzeko aukera egonen da



Iruñeko Udalak eta Telpark enpresak ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko baterako ekimen bat jarriko dute martxan: ibilgailuak doan kargatzeko aukera eskainiko dute hiriko hiru lurpeko aparkalekutan, maiatzaren 11tik 17ra bitarteko astean. Telpark, Iruñeko aparkatze arautuaren enpresa adjudikaziodunak, hiru aparkaleku ditu: Ospitalegunekoa, Baluartekoa eta Nafarroako Blancakoa.

Hiru aparkaleku horietan ibilgailu elektrikoa doan kargatzen ahalko da Telparken aplikazioaren bidez, eskuragarri dauden puntuak denbora errealean aurkitzeko eta prozesua modu digital eta errazean kudeatzeko aukera ematen baitu. Erabiltzaileek 22 kW-ra bitarteko karga erdiazkarreko 25 puntu eta 60 kW-ra bitarteko karga azkarreko 4 puntu erabiltzen ahalko dituzte. Neurri horren bidez, hiriko karga-sarea erabiltzeko erraztasunak eman nahi dira, eta herritar gehiagok kargatze-puntu publikoak beren egunerokoan erabil ditzaten sustatu nahi da.

Jarduketa bi erakundeek hiri-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko partekatzen duten konpromisoaren barruan dago, emisioak murriztuz eta energia-trantsizioa bultzatuz, herritarrendako irtenbide zehatz eta irisgarriak abiapuntu hartuta. Iruñeko Udalak ere ekimen horretan parte hartzen du, mugikortasun jasangarriaren aldeko udal-estrategiaren esparruan. Estrategia hori lagungarria da energia-trantsizioarekin engaiatutako  hiri eraginkorragoa finkatzeko.

Telpark enpresak 2.400 aparkaleku-plazatik gora kudeatzen ditu Iruñean dituen hiru lurpeko aparkalekuetan. Telpark enpresaren aplikazioak 6,2 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu eta ibilgailu elektrikoendako 1.500 kargagunetik gorako sarea. Aplikazioa ekosistemaren ardatz digitala da, herritarrei aparkatzea eta kargatzea modu bateratuan kudeatzea ahalbidetzen baitie.
 

IBILGAILU ELEKTRIKOAK DOAN KARGATZEA
•    Kanpaina: maiatzaren 11tik 17ra bitarte Telparken lurpeko hiru aparkalekuetan
o    Ospitalegunea, Baluarte eta Nafarroako Blanca
 

 

¿Te ha sido útil esta página?