Mai Gardek eta Oier Sanjurjok Iruñeko Zapia jasoko dute Osasuna Klub Atletikoaren emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitain eredugarriak izateagatik

Mai Gardek eta Oier Sanjurjok Iruñeko Zapia jasoko dute Osasuna Klub Atletikoaren emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitain eredugarriak izateagatik
Iruñeko Udalak irailaren 8an emanen die saria, Batasunaren Pribilegioaren urteurreneko ospakizunean
Irudia
Irudia
ayuntamiento


Iruñeko Udalak zazpigarren Iruñeko Zapia emanen die Mai Garderi eta Oier Sanjurjori, aurreko denboraldian Osasuna Klub Atletikoaren emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeetako kapitainei. Bozeramaileen Batzarrak gaur goizean aho batez onartu du zapia ematea eta aitortza egitea “haien ardura, sakrifizio eta irmotasunari”, baita gizarte-kausetan duten inplikazioari ere, “hiriko haur askoren eredu izan baitira eta izanen baitira, biengan ikusten baitituzte balio positiboak dituzten erreferentziak”. Biek ala biek, gainera, uda honetan utzi dute talde gorritxoa, klubaren balioak defendatzen urte asko eman ondoren.

Saria emateko ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izanen da irailaren 8an, 12:00etan, eta bertan egonen dira Iruñeko alkatea, Enrique Maya, eta Udalbatzako kideak. Ekitaldi honek bat eginen du, ohikoa den gisara, egun horietan Iruñeko burguen Batasunaren Pribilegioaren urteurrenaren ospakizunarekin. Sariak bi osagai ditu: zapi gorria, zeinak mutur batean hiriaren armarria baitu, brodaturik, eta eskultura bat, Burguen Batasunaren alegoriarena.

Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan jasotzen denaren arabera, “Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak –haren historia eta kultura– zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan”.

Lan-ibilbide apartak
Oier Sanjurjo Maté (Lizarra, 1986) Osasuna Klub Atletikoko kapitaina izan da 2019ko urtarrilaz geroztik. Erakunde gorritxora jubeniletan iritsi zen Izarra Kirol Klubetik, zeinarekin Ohorezko mailara igotzea lortu zuen. Hirugarren mailan Burlades Kirol Elkartean denboraldi bat lagata egon ondoren, 2005–2006ko denboraldian Osasuna Promesasen hasi zen. 2007ko abenduaren 12an jokatu zuen lehen partida gorritxoen lehen taldearekin. Handik aurrera, hamabost denboraldi kamiseta gorritxoa defendatzen, 2011-2012ko denboraldiaren salbuespenarekin, zeinetan Celta de Vigon lagata jokatu eta Lehen Mailara igotzea lortu baitzuen. Balio anitzeko jokalaria denez, erdiko atzelari, alboko eta erdilari postuetan jokatu du. Haren bertuteen artean, lidergo-gaitasuna, adimen taktikoa eta fisiko indartsua nabarmentzen dira. Gaur egun, Zipreko AEK Larnakan ari da jokatzen, eta denboraldi honetan Europa Ligan lehiatuko da.

Mai Garde Echalecuren (Iruña, 1987) futbol-ibilbidea Burlades Kirol Elkartean hasi zen, eta ondoren Amaya, Lodosa eta Mariño Kirol Elkarteetan jarraitu zuen. 2009an iritsi zitzaion kamiseta gorritxoa janzteko lehen aukera. Bi denboraldi egin zituen, eta areto-futbolean aritu zen gero, Lagunak, Orvina eta Txantrea taldeetan. 2017–2018ko denboraldian Mai Garde Osasunara itzuli zen emakumezkoen futboleko egitasmo berriko kapitaina izateko; talde gorritxoan Reto Iberdrolara igotzea lortu du, eta zenbaitetan maila gorenera igotzear egon da. Iazko denboraldiaz geroztik eta Emakumezkoen Osasunaren harrobia berregituratu ondoren, erakunde gorritxoaren oinarrizko futbolaren koordinatzailea da. Gainera, Nafarroako zonaldeetan jokalari gazteenekin egiten den teknifikazioaren arduraduna da. 

Zazpigarren Iruñeko Zapia 
Iruñeko Zapiak berriz ere futbol usaina du aurten, Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro-ohiari eman baitzioten saria 2019an. Iruñeko Zapia 2016an hasi zen banatzen. La Mañueta txurro-dendako jabea, Paulina Fernández, izan zen lehen sariduna. 2017an aitorpena Javier Pagola kazetariarendako izan zen, eta 2018an Elisa Sesmak, Pablo Sánchez-Valverdek eta Mari Cruz Landak jaso zuten, sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize guneari lotutako lan-ibilbideagatik. 

2020an, pandemia betean, Iruñeko Zapiak medikuntza eta erizaintzako profesionalen lanari aitortza egin zion, COvid-19ak sortutako egoera zela-eta. Iaz Iruñeko Udalak Juan José Martinena historialariari egin zion aitortza hau. Datorren astean Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak berretsi beharko du Mai Garde eta Oier Sanjurjori 2022ko Iruñeko Zapia emateko proposamen hau, gaur goizean Bozeramaileen Batzarrak adostu ondoren. 
 

¿Te ha sido útil esta página?