Magia-saio batek, euskaraz, larunbatean, eta haurrendako zinema-saio batek, igandean, buru emanen diote Udalak Civivox sarean antolatu duen Eguberriko programazioari

Magia-saio batek, euskaraz, larunbatean, eta haurrendako zinema-saio batek, igandean, buru emanen diote Udalak Civivox sarean antolatu duen Eguberriko programazioari
Larunbata azken eguna izanen da Gazteluko plazako, Karlos III.eko eta Gurutzeko plazako aisialdi-guneetarako; igandean, Eguberriko Azoka eta izotz-pista itxiko dira
programación navidad

Urte berriaren hasierarekin bat eta, Errege Magoak iristear daudelarik, Eguberrien amaierarekin bat, Iruñeko Udalak antolatutako kultura- eta aisia-jardueren programazioa amaierara iristen ari da. Larunbat eta iganderako aurreikusitako agendako hitzorduak euskarazko magia-ikuskizun bat eta zinema-saio bat dira, biak Civivox-sarean.
 

Larunbatean, 18:30ean, Asier Kidamek Magiaren iraultza euskarazko ikuskizuna aurkeztuko du Sanduzelaiko Civivoxean. Saioa 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta sarrerak 3 euroan eskura daitezke. Sanduzelaiko Civivoxean bertan zein online eros daitezke, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan. Duela bi mende magiaren norabidea aldatzear zegoen. Sormen-eztanda batek arte-mailara goratu zuen, magiaren urrezko aroa hasia zen. 200 urteren buruan, Asier Kidamek, aspaldiko zein gaur egungo mago mitiko batzuk inspirazio-iturri hartuta, magiaren historiako mugarri handiak ekartzen ditu gogora. Gure oroimenean guztiok ditugun ilusioak, baina erabat berrasmatuak eta inoiz ikusi ez bezala aurkeztuak.
 

Igande goizean –Errege Magoak iritsi aurretik–, Kondestable Civivoxean haurrendako zinemako klasiko bat proiektatuko da, La bruja novata, Ángela Lansbury-k hezurmamitua. Eglantine Price sorgin afizionatu xelebreak, gogoz kontra bada ere, bere ardurapean hartu behar ditu Londreseko hiru haur, bera bizi den kostaldeko herrira lekualdatu behar izan dituztenak. Elkarrekin Alemaniako inbaditzailearen aurka eginen dute borroka, Eglantineren aparteko trikimailu bat erabiliz. Saioa 12:00etan hasiko da, eta sarrera librea da, hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta.
 

Eguberriko Azoka eta aisia-jarduerak
 

Gazteluko plazako Eguberriko Azokak urtarrilaren 5a arte jarraituko du irekita, goizez eta arratsaldez (11:00 – 14:00 eta 17:00 – 20:00). Bertan, 27 saltoki-erakustoki daude, eta horietan, artisau-produktuak, hala nola txokolateak, pastak, gaztak, larrukiak, zeramika eta artisau-ehungintzako zein beirazko lanak. Aurten, gainera, bi gune berri daude, non bidezko merkataritza eta hainbat GKE beren ekimenak ezagutarazten ari baitira.
 

Eguberriak amaitzearekin batera Sarasate pasealeku, Gurutzeko plaza, Gazteluko plaza zein Karlos III.eko aisia-gunei ere emanen zaie amaiera. Urtarrilaren 4a, larunbata, azken eguna izanen da gune hauetan: Gazteluko plazako jolasgunea; Karlos III.eko atari zabaleko jolasgunea, Ongi etorri Ipar polora; Gurutzeko plazako autotxokeko pista; eta Sarasate pasealekuko elur artifizialezko txirrista erraldoia. Urtarrilaren 5ean, igandean, izotz-pista sintetikoa itxiko da.
 

Tökkö eta Köppö Ziudadelan
 

Ziudadelako lorategietan, urtarrilaren 6a arte mantenduko da irekita –18:00etatik 21:00etara– Tökkö, adin guztietarako eta argiz zein musikaz egindako ikus-entzunezko jolas elkarreragilea. Elur-malutako itxuraz, zaldain biribil eta led-disko sortak osatzen du; sentsoreak ditu eta horiek zapaltzean soinuak eta argiak pizten dira, horrela musika sortu ahal izateko. Gotorleku-barrutiko sarbide-tuneletan, Köppö instalazioa ere bisitatzen ahal da; koloretako argiak eta ukitzen ahal diren hodeiak uztartzen ditu.
 

Halaber, Mikel Belascoain artistaren POEMA erakusketa ere urtarrilaren 6a arte egonen da ikusgai Ziudadelako lorategietan. Kolore eta olerkiz beteriko bost pieza dira, eta horietako bakoitzak muturrera eramandako emozio bat irudikatzen du. Pieza piktorikoak olio-pinturan eginak dira, eta artistak berak idatzitako poemekin batera daude.


 

Eguberriko programazioa Urtarrilak 4 eta 5

Urtarrilak 4, larunbata

  • MAGIA EUSKARAZ
  • Magiaren iraultza
  • Asier Kidam
  • 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta
  • 18:30. Sanduzelaiko Civivoxa. Prezioa: 3 euro (Sanduzelaiko Civivoxean eta online-salmenta, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan)

 

Urtarrilak 5, igandea

  • ZINEMA
  • La bruja novata
  • 12:00. Kondestable Civivoxa. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta
¿Te ha sido útil esta página?