Magdalena parkeko lanen 3.1 fasean dagoeneko zehaztuta daude mugak, bideak eta hormatxoak, eta azpiegiturekin aurrera doaz, hala nola kirol anitzeko pistekin

Magdalena parkeko lanen 3.1 fasean dagoeneko zehaztuta daude mugak, bideak eta hormatxoak, eta azpiegiturekin aurrera doaz, hala nola kirol anitzeko pistekin
Hirigintza Batzordeak eta Gerentziak lanak bisitatu dituzte: Hermanos Lacunza enpresa da obren arduraduna eta hurrengo udara arte luzatuko dira
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Magdalena parkeko 3.1 faseko lanak abuztuan abiatu ziren, eta hiru esku-hartze eremuetan doaz aurrera. Gaur goizean, Hirigintza Gerentzia eta Batzordea Txantreako hegoaldean, Burlatarekiko mugan, dagoen eremura joan dira, lur- mugitzeak egin eta bideak eta mugak profilatze aldera planteatutako esku-hartze ildo handiak bertatik bertara gainbegiratzeko. Aurreikuspenen arabera, 3.1 fasean 2.063 milioi euro inbertituko dira. Fase horrek eta parkeko azken faseak (3.2 fasea) 45.000m2 gehituko dizkiote Magdalena parkeari.

Une honetan parkeko eremu aurreratuena hegoaldeko espazioa da, Burlatako bidearen ingurunean. Lurrak profilatu dira bertan, eta azken landare-geruza barreiatzea falta da. Hormatxoak eta hesiak ere jarri dituzte, bizilagunen lurzatiak Burlatako errepidetik bereizteko. Eta Batasunaren Pribilegioaren kalea eta Burlatako bidea luzetara eta zeharka lotuko dituzten bideetan zoladuraren azken geruza jartzea falta da.

Halaber, batzordeko kideek erdialdeko eremuan kirol anitzetako pisten –oinarri-azpiak egiteko fasean dagoen 34 x 21 metroko zuzkidura– eraikuntzan egindako aurrerapenak ikusteko aukera izan dute. Gune horretan bertan ere, harmailen hormatxoen zimendatzea eta muntaketa egin dute. Erdiko eremu horretan, halaber, Mª Carmen Húder Carlosena plazari jarraipena emanez, bidearen beste aldean, dagoeneko zedarrituta daude bideak, eta soilik azkeneko zoladura falta zaie. Mintegietan bermatuta daude jada une begetatibo egokian –urteko lehen hiruhilekoan– landatuko diren zuhaitzen erreserbak.

Azkenik, Burlatako udal-mugartetik hurbilen dagoen eremuan (ekialdeko eremua) lur-mugimenduak eta etorkizuneko bideak prestatzeko eta profilatzeko lanak egin dira, bai eta Batasunaren Pribilegioaren kalearekin lotura dutenetan ere, eta zuhaizti naturalaren prestaketan ari dira lanean. Parkearen berrurbanizazioari esker sortuko diren plazatxoetako batean domo geodesiko bat instalatuko dute, eta une hauetan Lantegi Eskolarekin koordinazioan daude plazaren zoladura prest dagoenean muntatzeko. 

Hiru fase, horietatik bi dagoeneko martxan
Magdalena parkea sortzeko prozesua 2017an jarri zen abian: herritarren partaidetza izan zuen arkitektura-lehiaketa bat egin eta proiektua idatzi zuten. Orain arte bi fase osatu dira, eta dagoeneko erabilgarri daude.

Lehenengo fasea 2020ko abuztutik 2022ko apirilera bitarte gauzatu zuten, eta 24.000 metro karratu berdegune sortu ziren, bai eta Magdalenako zubia eta Txantrea lotzeko bide nagusia ere. Esku-hartze horretako elementurik bereizgarriena odol-noria zaharra berreskuratzea izan da. Fase horretan 2,36 milioi euro inbertitu ziren, eta Construcciones Lacunza Hermanos enpresak gauzatu zituen lanak.

Aurreko udan amaitu zen bigarren fasea, kasu horretan, Excavaciones Fermín Osés enpresak gauzatu zuen. Esku-hartze horrek beste 22.000 metro karratu gehitu zizkion parkeari, jolasgune eta egonleku berriak eta oinezkoendako bideak txertatu ziren, eta Pribilegioaren Batasunaren kalearen ertzeko pasealekua amaitu eta lehenengo faseko erremateak egin ziren. Lan horiek 2,18 milioi euro jo zuten.

Hirugarren fasearen lehenengo atala (3.1) ekainean adjudikatu zitzaion Construcciones Lacunza Hermanos enpresari, 2.441.044 euroan, eta gauzatzeko epea hamabi hilabetekoa izan zen. Bertara egin dute gaur bisita. 3.1 faseak 2026ko uztailean du amaitzeko epemuga.

Amaitutakoan, soilik parkearen azken fasea (3.2) geldituko da egiteke, etxebizitza-eraikinen pareko parkearen eremuan; bertan, gizarte-baratzeen gune bat, nekazaritza-lanabesen gune bat, komunak eta belardi zabal bat sortuko dituzte. Azken tarte hori amaitutakoan, 100.000 metro karratuko berdegune bat egonen da osatuta, ia kilometro bat luze eta 100 metro zabal, Batasunaren Pribilegioaren kalearen, Arga ibaiaren, Magdalenaren eta Burlatako mugaren artean.

Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia
Magdalena parkeko gainontzeko jarduketetan eta hiriko beste berdeguneetan bezala, obra hauek Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiako argibide eta helburu guztiak betetzen ditu. Diseinatzerako orduan, dagoeneko, ingurumenarekin edo bero-uhartearen efektua arintzearekin lotutako alderdiak eta neurriak txertatu ziren, hala nola uraren zikloaren optimizazioa, mugikortasun jasangarria ezartzea eta tenperaturen igoeren, euriaren eta lehorteen eragina gutxitzea.

Parkea eraikitzeari esker, halaber, Iruñeko azalera iragazkorra handituko da, euri-jasa bortitzetan emaria kontrolatzeko jarduketei, hiri-drainatze jasangarriaren estrategiari, ura aurreztea sustatzeari eta ura arazteko eta uraren kontsumoa murrizteko sistema berritzaileak martxan jartzeari esker. Gainera, Magdalena parkeak biodibertsitatearen alde lan egiten du, Iruñeko flora eta faunaren kudeaketa jasangarria bultzatzen baitu hiri-habitatak hobetzeko eta bertako espezie zaurgarriak kontserbatzeko ekintzei esker.
 

¿Te ha sido útil esta página?