‘Lullaby’ antzerki- eta zirku-ikuskizuna eta bi kontzertu dira 'Kultura Plazaz Plaza' zikloaren azken proposamenak: ostiralean amaituko da

‘Lullaby’ antzerki- eta zirku-ikuskizuna eta bi kontzertu dira 'Kultura Plazaz Plaza' zikloaren azken proposamenak: ostiralean amaituko da
Arrosadiko Felisa Munárriz plazan eginen dira hiru jarduerak: doan dira eta sarrera librea dute, leku guztiak bete arte



Civivox sareko Kultura Plazaz Plaza zikloak kultur jarduerak ekartzen ditu Iruñeko plazetara, eta aste honetan, Arrosadiaren txanda da: adin guztietarako hiru jarduera antolatu dira doan. Felisa Munárriz plaza antzerki- eta zirku-ikuskizun baten eta bi kontzerturen agertoki izanen da, eta sarrera librea da, leku guztiak bete arte. Hiru jarduera horiek emanen diote amaiera programari, zeina Arrosadiaz gain, Etxabakoitzen eta Txantrean ere eskaini baita.

Asteartean, 19:30ean, Proyecto Kavauri konpainiak Lullaby antzerki- eta zirku-ikuskizuna eskainiko du. Lehen aldiz guraso izan den akrobata-bikote batek kulunkarien eta altxatze akrobatikoen muntaketa bat aurkeztuko du, baita jauzi frenetikoak eta azken uneko heltzeak ere. Dena kontrolpean dagoela dirudi, baina haurtxoak ez dizkie gauzak samur jartzen, eta ikuskizunari ekin behar zaionez, ez dute beste aukerarik: haur-kotxea hartu eta pistara irteten dira, hori baita kontziliatzeko modu bakarra.

Programa aurrera doa asteazkenean, 19:30ean ere:  Nafarroan estreinakoz, Petit Pop taldearen familiarteko kontzertuaren txanda izanen da. Ska, grunge, reggae, pop, musika elektroniko eta avant garde estiloen erritmoan, trapari eta erritmo latinoei egindako keinuak barne, Mar, Lara, Cova eta Señor Gafotas kide dituen talde asturiarrak familia modernoen bizitzaren kronika txeratsua kontatzen duten abesti burutsuak eta dibertigarriak abestuko ditu. Honako hauek osatzen dute taldea: Mar Álvarez (ahotsa eta gitarra), Lara González (teklatua eta ahotsa), Covadonga de Silva (bateria eta ahotsa) eta Pedro Vigil (gitarra eta ahotsa).

Eta ostiralean, 20:00etan, programaren azken hitzordua, Ibai Gallardok (gitarra) eta Elisa Bayonak (ahotsa) osatzen duten Hondora tokiko taldearen eskutik: taldekideak tabernetan hasi ziren bertsio akustikoak jotzen, eta ostiralean Hondoratu eta azalera irten lehen LPa aurkeztuko dute; diskoa Josu Ervitik ekoitzi du Idoia Asurmendirekin elkarlanean. Taldearen abestiek gitarra eta ahotsa dituzte sorburu, eta egile-abesti, rock, pop, funk, soul eta R&B estiloen artean mugitzen dira.  

KULTURA PLAZAZ PLAZA 2026. FELISA MUNARRIZ PLAZA (ARROSADIA)
•    Abuztuak 25, asteartea. 19:30ean: Lullaby Proyecto Kavauri. Antzerkia eta zirkua
•    Abuztuak 26, asteazkena, 19:30ean: Petit Pop. Kontzertua familiartean
•    Abuztuak 28, ostirala, 20:00etan: Hondora. Kontzertua

 

¿Te ha sido útil esta página?