Luis Azanza argazkilari iruindarrak bidaia egiten du, 20 irudiren bitartez, sanferminetako emozioan, alaitasunean, adrenalinan eta xarman barna

Luis Azanza argazkilari iruindarrak bidaia egiten du, 20 irudiren bitartez, sanferminetako emozioan, alaitasunean, adrenalinan eta xarman barna
SF unibertsoa izenburupean, sanferminen inguruko erakusketa Kondestablearen jauregian egongo da ikusgai, ostiraletik abuztuaren 25era arte

SF unibertsoa XX. mendearen amaierako eta XXI.aren hasierako sanferminetan barnako ibilbidea da, Luis Azanza argazkilari iruindarraren objektiboaren bidez egina. Kondestablearen jauregiko 1. aretoak formatu handiko 20 argazki zuri-beltz dauzka ikusgai; bertan, parerik gabeko jai batzuen uneak, zirrarak, sentimenduak eta tradizioak. Erakusketa ostiral arratsaldean hasi eta abuztuaren 25a arte ikusi ahalko da.

María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Luis Azanzak berak aurkeztu dute sanferminei buruzko argazki-erakusketa hau, jada tradizional bihurtzen ari dena, urte bakoitzean egile ezberdinekin baina beti jaiei buruz eta, hortxe, Kondestablearen jauregian. Erakusketaren katalogoan ardatz, gehiago nahi izatea: jaiaren irudi gehiago, alaitasun handiagoa, salbuespen gehiago, egunerokoarekiko alde handiagoa, zoriontasun-adierazpen gehiago... Katalogo horretan bertan, Azanzak berak zera esaten dut bere buruaz: “zorte oneko kosmonauta naiz, jaiaren muinean dauden magia, zirrara, poza eta adrenalina behatu ahal izatean”.

Aspaldi ez –horrela ez dirudien arren–, bazen garai bat, non jaia paperak babesten baitzuen. Inprimatutako argitalpenen erritmoak irudi-gosea elikatzen zuen, orriek, kopurutan mugatuta, ezin baitzuten ase. Luis Azanzaren eta beste langile grafiko askoren kamerak hartutako irudi horietako anitz, sarritan, argitalpen-zirkuitu haietatik kanpo gelditzen ziren. Batzuetan barrenen zegoenaren argazkiak ziren, pertsonalenak, egilearen begirada antzematea errazten zutenak. Beste irudi batzuk iritsi egiten ziren egunkarietara, baina aldi baterakoak –ia abstraktuak– izanik, beren indarra eta askatasuna erakusteko beste aukera bat ere eskatzen zuten, keinutxo batean, dantzan, zain edo besarkada batean bazen ere. 

Horiek horrela, Kondestablen ikusgai dauden argazkiek berrikusi egiten dituzte sanferminek urtero eskaintzen dizkiguten uneak, bizipenak, ekitaldiak eta egoerak. Baina beste begirada baten bila doan Luis Azanzaren ikuspuntu eta objektibotik; ikuspegi horrek jaia gizatiartu nahi du, keinuez, aurpegiez, begiradez, sentimenduaz... Txupinazoaren alaitasuna, Gaixoa Niaren hunkiberatasuna, beste “unetxo” haien tradizioa Prozesioko protagonistengan, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa edo Entzierroa, bat-bateko dantza, jai-musika, sanferminak badirena izateko lana, baita jaian sortzen den maitasuna ere; horra, SF unibertso pertsonalean islatzen dena. 

Lau hamarkadako ibilbide profesionala
Luis Azanza (Iruñea, 1961) 80ko hamarkadan argazki-kazetari hasi zen lanean, nazioko eta eskualdeko komunikabideetan, hala nola, hauetan: El Día, Diario 16, Cambio 16, El País, Diario Vasco, Deia... Le Monden, Publico Lisboan eta horrelako beste egunkari zein aldizkari batzuetan ere argitaratu du. Egun, Aloa Comunicación agentziako kidea da, eta bertan diseinura, zuzendaritza grafikora eta dokumentalera ere bideratu du bere jarduera. Aldi berean, garatu duen lanak teknika ezberdinez esperimentatzeko bide eman dio; teknika batzuk argazkigintzaren jatorriaren garaikoak dira, esaterako, estenopeikak.

Bere lanak honako toki hauetan izan dira: Kontrasteak. Belaunaldi berria (Argazkigintzako 150. urteurrena, 1988); 11 argazki-kazetari (Nueva imagen galeria, 1990); Fotopress (1991); La Cubana jaialdietan (Erriberriko gaztelua, 1992); 16 urte argazki-kazetaritzan (Arte Ederretako Zirkulua, 1993); 1992ko sanferminetako Nazioarteko Kazetaritza-Lehiaketa (1994ko erakusketa); Iruñeko 25 urte (1995); Arturo Campionen 25 urte (1997); 25 urteren buruan, Trantsizio baten memoria grafikoa (Telefónica fundazioa, 2000); Prentsako argazkigintza (Iruña argazki-galeria, 1999-2005); Erretratuak (Iruña argazki-galeria, 2002), Shanghai izar-multzoa (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2004) eta Antzerkiko eskualdeak “Ikusleak” (Erriberri, 2007).

Honako argitalpen hauek ditu: Fotopress (1991); 16 urte argazki-kazetaritzan (1993), Iruña – San Fermin Ikastola 25 urtez (1995); Arturo Campionen 25 urte (1997); 25 urteren buruan, Trantsizio baten memoria grafikoa (2000); Artycoko koadernoak. Docere, Delectare, Movere (1999); Sanferminak (2000); Artyco, lausoaren estetika (2002); Garaien begirada, zezenak eta herri-jaiak (2006) eta Garaien begirada, XXI. mendea (2006). Antzerkiko eskualdeak “Ikusleak” (2007) eta Itzalen arteko argazkiak Jorge Oteiza Jorge Oteiza Museo Fundazioan (2008). Aipatu beharreko dokumentalak hauek dira: Zerbait gertatzen ari da: AutoEdit, autoedizioko fenomenoari buruz, (2015); eta Nestor Basterretxea, Aranzazu elkarrizketa-testigantza (2014).

¿Te ha sido útil esta página?