Bi instalazio horiek Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazaren fisionomia aldatu dute. Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dute plazako pergolaren goiko aldean dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaiko berria, eta duela gutxi estali den haurrendako jolasgunea. Iruñeko Udalak 53.592,78 eta 79.200 euro inbertitu ditu, hurrenez hurren.
Instalazio fotovoltaikoa 440 Wp-ko 72 moduluz osatuta dago, eta dagoeneko plazan zegoen egurrezko egitura baten gainean jarri da. Instalazioan instalatutako potentziarik gorena 31,7 kWp-koa da, eta moduluak pergolarekiko planokideak dira. Autokontsumorako (soberakinen konpentsazioarekin) modalitatean legeztatutako instalazio fotovoltaikoak plaza berean dagoen Sanduzelaiko Civivoxaren energia-menpekotasuna murriztu eta energia sortuko du, egungo merkatu elektrikoek baino prezio merkeagoan. Gainera, panelak pergolaren goiko aldean, sabai gisa, jartzeak egonleku bizigarriago bat sortzen du, eguzkiaz eta prezipitazioez babesteko.
Instalazio fotovoltaiko berri hori ‘GoGreen Iruña’ Estrategiaren parte da, hiriak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko egiten dituen jarduketak uztartzen dituena. Jarduketa horren bidez, Iruñeko Udalak espazio publikoak inguruko eraikinek kontsumituko duten energia ekoizteko baliatzea xede duen ekintza-ildo bat abiatuko du. Lehenengo kasu horretan, soilik eraikin publiko batek (Sanduzelaiko Civivoxak) kontsumituko du energia, baina etorkizunean kontsumitzaile pribatuak ere sartzen ahalko dira, hala nola herritarrak eta enpresak.
Estalitako haurrendako jolasgunea
Plazaren profila aldatu egin da ere, haurrendako jolasgunean instalatutako estalkiari esker, eta horrek eremua eguralditik babestuko dtu. 79.200 euro inbertitu dira diseinu konplexua duen haurrendako parkea estaltzen duen estalkia sortzeko, duen ‘T’ itxura eta inguratzen duten zuhaitz eta txorkoak direla eta. Proposatutako estalkia asimetrikoa da. 5,80 metroko altuerako bi arkurekin, ‘T’-aren beheko aldetik abiatzen direnak eta egitura zuhaitz handienekin talka ez egitea helburu dutenak. Jolasgunearen 242 m2-ak estaltzeko, estalkia eusten duten 4 eta 3 metroko hainbat zutabe jarri dira.
Instalazioa Carpas Zaragoza enpresak egin du, Sanduzelaiko estalkiari dagokion 3. lotearen adjudikaziodunak, hiriko hainbat auzotan haurrendako sei jolasgune sei ehun-estalkiz hornitu eta horiek instalatzeko kontratuaren barruan. Haurrendako sei jolasgune horietako lau dagoeneko zabalik daude Maravillas Lamberto parkean, Txantreako Ezkaba plazan, Arrotxapeko Anelier pasealekuan eta Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan. Buztintxuriko Santa Luzia pasealekuko eta Azpilagañako Manuel Turrillas plazako estalkietako lanak amaitzen ari dira.